
D´Anjou Sailburuak berrogeita hamar ekimen baino gehiago planteatu dizkiei legebiltzarreko taldeei, 2025eko aurrekontuak babes handiagoa izan dezan
Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak berrogeita hamar ekimen baino gehiago planteatu dizkie oposizioko taldeei, 2025eko aurrekontuak babes handiagoa izan dezan. “Eraldaketa eta erronka handiko une historikoa bizi dugu. Oso une konplexua da, eta etorkizuna zalantzazkoa. Testuinguru horretan, Euskadik bere gaitasun eta estrategia guztiak lerrokatu behar ditu, aurrerapen eta ongizate handiagoko etorkizuna lortuko badu. Ekarpen publiko, pribatu eta komunitariotik abiatuta egin behar dugu bidea, norabide argia partekatuta eta errezeta sinplista edo magikoetan erori gabe”, adierazi du. Sailburuaren iritziz, Eusko Jaurlaritzaren 2025erako aurrekontu-proiektua norabide horretan batu eta bultzatzeko tresna da: egungo eta etorkizuneko Euskadi eraikitzeko norabidean.
SUMAR, PP eta EH BILDU taldeen planteamenduak entzun eta aztertu ondoren, Eusko Jaurlaritzak negoziaziorako eskema eta edukiak proposatu ditu, honako irizpide hauek oinarri hartuta:
- Eusko Jaurlaritzak bere erantzukizuna bere gain hartzearen printzipioa aintzat hartuta lan egiten du. Hau da, negoziazio bakoitza dagokion mahaian. Beraz, Eusko Jaurlaritzak bere eskumeneko eta erantzukizuneko gai eta arloei erantzuten die. Ez dira barnean hartzen, beraz, beste erakunde batzuen eskumen-arloekin zerikusia duten proposamenak, hala nola fiskalitatea.
- Aurkezten den proposamena taldeek lehen bileran planteatutako gaietatik haratago doa, eta Legebiltzarrean planteatutako proposamen, kritika eta hobekuntza-arlo guztiei erantzuten saiatzen da. Jaurlaritzaren proposamenek, hartara, inbestidura-saioan jasotako proposamenei emandako erantzuna, izandako aldebiko bilerak eta sailburuen Legebiltzarreko agerraldiak biltzen dituzte.
- Proposamenak aurrekontu-aldaketa posibleak ez ezik, irismen eta garrantzi handiagoko beste konpromiso politiko batzuk ere biltzen ditu. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da legealdiko lehen aurrekontu-proiektua dela, eta, beraz, denbora-horizonte hori duen ikuspegia duela.
D’Anjou sailburuak, legealdiko lehen aurrekontu honetarako, Eusko Jaurlaritza babesten duten taldeen babesa baino babes handiagoa lortzeko benetako borondatea berretsi du, nahiz eta gehiengo osoa izan. Euskadirentzat ona dela iritzi dio.
Aditzera eman du garrantzitsua dela elkarguneak lortzea eta elkarrekin bidea egitea.
“Garai konplexu batean gaude, zalantzak nagusi diren nazioarteko testuinguru kezkagarri batean, esango nuke nik: Estatu Batuak eta har dezakeen noraeza, Errusia-Ukraina gatazka, Alemania eta bere egoera ekonomiko eta politikoa, Txinaren indarra, eta gora egin behar duen eta nazioartean espazio protagonista lortu behar duen Europa —adierazi du—. Euskadik, beraz, egon behar duenera egon behar du”.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamenek erakusten dutenez, prozesu horrek beste ikuspegi bat behar du, zenbateko zehatzak gainditzen dituen ikuspegia. Hori dela eta, negoziazio-esparru jakin bat marraztu da talde bakoitzarentzat.
SUMAR
53 ekimen bere intereseko 20 gairentzat baino gehiagorentzat.
Talde horrek eskatutakoez gain, Eusko Jaurlaritzak bestelako arlo batzuk ere planteatu dizkie: digitalizazioa; lehen sektoreari laguntzea; merkataritza eta turismoa; belaunaldien arteko elkartasuna; aukera-berdintasuna; eta euskara, besteak beste
PP
51 ekimen bere intereseko 19 gairentzat baino gehiagorentzat.
PPk eskatutako arloekin batera, beste zenbait gai jarri ditugu mahai gainean: osasuna; hezkuntza; etxebizitza; familia; mugikortasuna eta garraio publikoa; trantsizio energetikoa; garapen ekonomikoa eta errotzea; eta merkataritza eta turismoa, besteak beste.
EH BILDU
52 ekimen bere intereseko 20 gairentzat baino gehiagorentzat.
Kasu honetan, joan den astean planteatutako gaiez gain, askotariko ekimenak sartu ditugu hainbat arlotan: hezkuntza; euskara; osasuna; mugikortasun eta garraio jasangarria; pertsona zaurgarrien babesa; industriaren eraldaketa energetikoa; ekonomia erreala babestea eta errotzea; gazteriaren aldeko herri-itunaren lehentasunak adostea; eta abar.
Horrez gain, talde guztiei jakinarazi zaie 2026ko aurrekontuei begira, aurrekontu-jarraibideak aurkezten diren unean hasiko direla elkarrizketak, eta Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako taldeen arteko elkarlanerako prozesuak eta metodoak ere ezarri ahal izango direla, herri-erronka handiei erantzuteko estrategiak parteka eta gara daitezen.
D´Anjou sailburuak taldeei eskatu die planteatutako negoziazio-esparruan aurrera egiten jarraitu nahi izanez gero, ostiral honetan bertan, hilaren 22an, jakinaraz diezaiotela, lanerako egutegia eta metodologia adostu daitezen eta zuzenketak aurkezteko epea amaitu baino lor dadin akordioa.


