
Eusko Jaurlaritzak ikasturte gehiagotara zabalduko du zerga hezkuntzako programa, 50.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu ondoren (Gobernu Bilera 2024-11-19)
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Zerga Hezkuntzako programari hurrengo bi ikasturteetarako (2025-2026 eta 2026-2027rako) jarraipena ematea aurreikusten duen hitzarmena sinatzea foru-aldundiekin, 2017-2018 ikasturtean ekimen honek izandako harrera onaren ondoren. Izan ere, orain arte 50.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte programan.
Hitzarmen berriak, gainera, programa hau eskola-ikasle gehiagori zabaltzea jasotzen du. Izan ere, lehen aldiz, 2025-2026 ikasturtetik aurrera, programa Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetara eta DBHko 1., 2. eta 3. mailetara zuzenduko da, DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Erdi-mailako Lanbide Heziketako orain arteko ohiko ikasleei ez ezik.
Abian jarri zenetik, 1.554 ikastetxek eta 52.116 ikaslek parte hartu dute baterako ekimen honetan, 2024-2025 ikasturteko datuak kontuan hartu gabe (260 ikastetxek baino gehiagok eman dute izena oraingoz). Hala ere, oraingo ikasturteari buruzko datuak ez dira behin betikoak, ikasturtea hasi berria delako eta izena emateko epea irekita dagoelako.
2013an Iruzur Fiskalaren kontrako Borrokarako Batzordea sortu zenetik, herritarren kontzientzia fiskal kolektiboa indartzeko asmoz, lehentasunezko jardunbidetzat jo da adin txikietan zerga-hezkuntza sustatzea. Jarduera hau proiektuari atxikitako ikastetxeetan emandako hezkuntza-modulu baten bidez garatzen da, eta zergei buruzko gaiak lantzen dira, prestakuntza etikoaren eta herritarren prestakuntzaren ikuspegitik.
Proiektua 2017an hasi zen eta, hasiera-hasieratik jadanik, jarraitzeko bokazioa izan zuen. Ikastetxeetan izandako harrera bikainak berretsi egin du hori, eta proiektuaren balantzean islatzen da: lehen ikasturtean 132 ikastetxek hartu zuten parte, eta ikasturte honetan, 2024 2025ean, hiru lurralde historikoetako 250 ikastetxek baino gehiagok (zifra horiek behin-behinekoak dira oraindik, izena emateko epea zabalik baitago).
Gainera, hedapen progresiboa izan du ikasle talde handiago batengana. Hain zuzen ere, adibidez, DBHko 4. mailako eta Batxilergoko ikasleetara eta erdi-mailako Lanbide Heziketako ikasketetara hedatu da, eta, hitzarmen berri hau sinatuta, nabarmen zabaldu da, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta DBHko 1., 2. eta 3. mailetako ikasleei ere zuzenduta.
Programa honen helburua da Euskadiko ikastetxeetara eramatea foru-ogasunek ekonomia eta fiskalitateari buruz garatutako unitate didaktiko komuna, horren bidez, adin goiztiar batetik xede hauek lortzeko:
- Oinarrizko ezagutza lortzea gure erakunde-sarearen funtzionamenduari, antolaketari, administrazioen arteko eskumen-banaketari eta eskumen horiek finantzatzeko moduari buruz.
- Elkarlotutako ikuspegi bat ematea, alde batetik, herritarrek eta enpresek Administrazioari ekartzen dizkioten baliabideei buruz, eta, bestetik, Administrazioak ondasun eta zerbitzu publiko gisa itzultzen dituen onurei buruz.
- Zergen zentzu soziala ulertzetik abiatuta, uste da errazagoa izango dela iruzurraren ondorio kaltegarriak ere barneratzea, eta espero dugu haren aurkako aldez aurreko jarrera naturala izango dela.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakasleek programan parte hartu izana egiaztatuko du, dedikazio handiagoko prestakuntza-ibilbideak aukeratzen dituztenerako.