qrcode

Eusko Jaurlaritzak 560.000 euro bideratuko ditu, aurten ere, kultura-sorkuntza artistikoa babesten eta sustatzen duten kultura-gune independenteak (sorguneak) bultzatzeko (Gobernu Bilera 2024-11-19) 

2024-11-19
  • Sorgune izeneko deialdi honen bidez, 2024an lau kultur guneren jarduera lagundu dira

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hala eskatuta, Gobernu Kontseiluak 560.000 euroko partida bat onartu du kultura-sorkuntza artistikoak bultzatzeko, “Sorgune” izeneko laguntza deialdiaren bidez, 2025 urterako.

Laguntza-lerro honen helburua da sorkuntza-praktikak bultzatzen dituzten kultura-gune independenteen programak babestea. 2024an lau proiektu lagundu dira diruz deialdi honen bidez:

  • Aiaraldea Koop. Elk.-ren “Sormen Faktoria”.
  • Azala Espacio de Creación y Alojamiento Rural S.L.-ren “Azala. Azalerak. Azaleak”
  • Bitamine Kultur Elkartearen “Bitamine”.
  • Garaion Koop. Elk. Txikiaren “Garaion Ehunduz - Osatu! 2024 2025”.

Sorguneei zuzendutako deialdiaren helburua beren sortzaileen sormen-lana garatzen laguntzea da, "arte-adierazpenen berrikuntza, talentuaren babesa, kudeaketa parte-hartzailea eta tokiko ingurunearekiko harremana bideratuz". Jarduera-proiektu horiek kultura- edo sormen-sektoreren batean kokatuta egon beharko dute: ikusizko arteak, zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, literatura, musika eta bertsolaritza.

Proiektuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean garatu beharko dira, 2025eko urtarrilaren 1etik 2026ko azaroaren 30era bitartean eta 2025ean hasitakoak izan beharra dute. Hautatutako proiektu bakoitzari gehienez 120.000 euro emango zaizkio, eta gehienez ere aurrekontuaren % 70.

 

Interesdunek hilabeteko epea izango dute laguntzok eskatzeko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta gero.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko