Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Turismoaren hazkundeari eustearren batera lan egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzak gainerako erakundeei

2012.eko martxoak 22

 

EAEko turismoa etengabe hazi da bi urte eta erdiz eta 2009tik % + 17 handitu da. Otsaileko datuetan, ordea, % -4ko jaitsiera gertatu da.

Eusko Jaurlaritzak 9 milioi euro bideratu ditu turismoaren sektorea indartzeko laguntzak emateko, eta hotelak, hostalak, udalak, elkarte sektorialak eta enpresa turistikoak izan daitezke laguntza horien hartzaile, betiere establezimenduei kalitatea emateko eta modernizatzeko erabiltzen badira, negozio-aukera hobetzearren.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak Euskadiren turismo-ataria berritu eta eraldatu du; nabigatzeko errazagoa eta erakargarriagoa da orain eta El Correo.com webguneko sarietan Erakundeen Webgune onenaren saria jaso zuen atzo.

Eustatek berriki argitaratu dituen datuen arabera, bidaiarien sarrera % 1 jaitsi da Bizkaian eta % 11 Gipuzkoan; datu horien argitara, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak batera lan egiteko eskatu die erakundeei, Eusko Jaurlaritzak finkatutako ildoetan batera lan egiteko, hain zuzen ere, ezarrita dauden sustapeneko, lehiakortasuneko eta lurralde-garapeneko politikei jarraiki. Izan ere, 28 hilabetez emaitza positiboak lortzea ahalbidetu dute orain arte.

Euskal turismoak arrakasta handia izan du azken bi urteotan, denbora-tarte labur horretan EAEra etorritako bisitarien kopurua % +17 hazi baita, baina hala eta guztiz ere, azken hilabeteotan Gipuzkoan eta, azken hilabete honetan, Bizkaian erregistratutako datuak ez dira hain positiboak izan. Otsailean, Gipuzkoan bidaiari nazionalen kopurua % 14 murriztu da eta jaitsiera horri Bizkaiko beherakada gehitu behar zaio, hil horretan % 4 izan baita.

 

Eusko Jaurlaritzak egin duen balioespenaren arabera, zalantzarik gabe, 2009ko maiatzetik ezarritako sustapen-politikak eta beste hainbat faktore (hala nola sektorearen ahalegina, Turespañarekin egindako hitzarmenak eta lasaitasun-giroa) oso eraginkorrak izan dira orain arte, bi urte baino gehiagoko epean datu oso positiboak lortzea ahalbidetu baitute. Atzerriko bisitarien etorrera, 2009. urteaz geroztik, + % 26,4 handitu da, eta estatuko bisitariena + % 13,7.

Hori dela-eta, turismoaren sektorea indartzeko neurriak ezartzen jarraituko du eta, azken hilean, laguntzak emateko 9 milioi euro daudela iragarri du. Hotelak, hostalak, udalak, elkarte sektorialak eta enpresa turistikoak izan daitezke laguntza horien hartzaile eta honako hauek bultzatzea dute xede: ekintzailetza, establezimendu turistikoen modernizazioa, lehiakortasun turistikoa eta kalitatearen kudeaketa, eta ingurumen-kudeaketa.

Bestalde, ildo berari jarraiki, Euskadiren turismo-atariaren erabilera indartzeko lanean jarraituko dute. Webgune hori Euskadiren erakusleiho da eta herrialde berritzailea dela erakusten du, erabiltzaileei Euskadira etortzeko gonbidapena eginez; ez dugu aipatu gabe utzi nahi webgune horrek El Correo.com sarien 9. edizioan Erakundeen Webgune onenaren saria jaso zuela atzo. Ataria eraldatu egin da eta orain nabigagarriagoa eta erakargarriagoa da, turistak liluratzeko asmoz; azken urtean, webgunearen bisita kopurua % 41 handitu da eta 2012ko lehen hilabeteetan % 53. Webgunea komunikazio turistikoko tresna errentagarrienetako bat bihurtu da, gauza gutxirekin gauza asko egiteko baldintza betetzen baitu.

Horregatik, eta azkenaldiko datuei erreparatuta, Eusko Jaurlaritzaren ustez egoerari buruzko hausnarketa sakona egin behar dute erakundeek eta jarduera turistiko guztiak norabide bakarrera bideratzea behar-beharrezkotzat jotzen du, sinergiak batuz eta Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak abiarazitako sustapen-politikak eta tresnak balioetsiz, orain arte bi urte eta erdiz emaitza oso onak eman dituztenez.

Jaurlaritzak sektore estrategikotzat hartzen du turismoa, enplegu- eta aberastasun-iturri den aldetik, eta sustapen-politiken eta lehiakortasuna hobetzeko politiken bitartez sustatzen jarraituko du, betiere lurralde guztietan erakunde-lankidetza lortzeko jomuga izanik.

 

Turismoa Euskadi Webgunea

Euskadiren turismoko webguneak El Correo.com sarien 9. edizioan Erakundeen Webgune onenaren saria jaso zuela atzo; atari horri esker, Euskadira etorri nahi duen edozein turistak tokiari buruzko datu garrantzitsuenak eskura izango ditu.

Diseinua oso bisuala du eta erabiltzailea liluratzea eta helmugarekin emozionalki bat egitea lortu nahi du. Gainera, irisgarria da, oso erraz erabiltzeko modukoa eta gure turistek behar duten guztia eskaintzeko oso baliagarria. 5 bertsio ditu: ingelesez, frantsesez, alemanez, gaztelaniaz eta euskaraz.

Horretaz gain, 3.000 baliabide turistiko baino gehiago ere baditu, gehientsuenak geolokalizatuta.

Webgunearen bitartez hainbat azpihometara sar daiteke eta turismogune bakoitzeko elementurik garrantzitsuenak aurkezten ditu, irudi eta bideo ikusgarrien bidez.

Hona hemen zenbait eduki:

Esperientziak-Euskadi esperientziala, esperientzia paregabeak identifikatzen dira, gure turistek egonaldi ahaztezina izan dezaten. Atarian, erabiltzaileek beren interesetara eta bidaiatzeko modura hobekien egokitzen diren esperientziak bila ditzakete: familian, lagunekin, egun baterako edo asteburuko proposamenak.

Atariko hainbat guneetatik irits daiteke horietara: banner home, "zer egin" menuko goitibeherako zerrenda... . eta beharrezkoa den informazio guztia ere eskaintzen da, erreserbak egiteko telefono-zenbaki edo helbide elektroniko eta guzti.

Hiriburuak nahierara- bisitariak hiru hiriburuetatik bat aukeratzen du eta parametro jakin batzuen arabera (iraupena, norekin bidaiatzen den, interesak...) proposamenak jasotzen ditu.

Playground-ak edo nabarmendutako zonak (aste gutxi barru prest egongo da)

DESKARGA ORRIA

Turistengana gailu mugikorren bidez iristeko apustua: Iphone eta Android smartphoneetarako aplikazioa

Errealitate areagotua: Wikitude (atariaren "deskargak" gunean dago) tresnaren bitartez turistek beren mugikorraren kokapen geografikoan oinarritutako informazio eguneratua jasotzen dute.

Turista une jakin batean dagoen tokitik metro gutxiko erradioan non bazkaldu, zer museo ikusi eta abar jakiteko oso interesgarria da, besteak beste.

Wikitude prest dugu dagoeneko 9 munduak esaten zaion horrekin (non jan, non lo egin, esperientziak, nola iritsi eta mugitu), 5 hizkuntzatan, eta hizkuntzak kolorearen bidez bereizten dira.

TVEuskadi kanalarekin eta www.euskadisaboreala.es webgunearekin elkarreragiteko aukera ematen du eta gizarte-sareekin konektatuta dago, aurreko ataria ez bezala.

 

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2012ko martxoaren 22a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan