Berriak Lehendakaritza
Eu

“EUSKADI: PAZ Y LIBERTAD” MPDL Tiempo de Paz-en aldizkariaren aurkezpena Eusko Jaurlaritzaren Madrileko Ordezkaritzan.

2012.eko martxoak 22

Euskadik azkeneko 40 urteetan egin duen adiskidetze eta biolentziaren bukaerarako bide luze eta gogorra izan da Tiempo de Paz aldizkariak neguko alerako aukeratu duen gaia. Une esanguratsu honetan euskal gizarteari lagundu eta prozesu guztia sakonki aztertu nahi izan dugu.

"Gaur Euskadik itxaropen garaia bizi du. Garai berrirako proposamena: Oroimena eta Bizikidetza demokratikoa lelopean, Patxi López lehendakariak aurkeztu zituen martxoaren 8an Eusko Legebiltzarrean hurrengo hilabetetan Eusko Jaurlaritzaren jarduera bideratuko duten ardatz nagusiak, indarkeria terroristaren bukaera "atzera ezina" bihurtzeko eta Euskadin bizikidetza demokratikoa eraikitzeko asmoz", aipatu du Irune Aguirrezabalek.

Madrilen Eusko Jaurlaritzak duen ordezkariak era berean azpimarratu duenez "euskaldunen artean bizikidetza lortzeko izugarrizko lana geratzen zaigu. Politikarako erantzukizun handiko une historiko bat da, dudarik gabe. Garrantzitsua da, beharrezkoa da, euskal gizartearen eta politikaren hainbat ahotsek duten iritzia ematea. Oinarrizkoa da hori guztia izan zen bezala kontatzea, asimetriarik gabe, neutraltasunik gabe, ez baita posible erdibide bat aurkitzea indarkeria eta demokraziaren artean".

Jesús Loza, Oroimen eta Bizikidetzarako lehendakariaren komisionatu izendatu berria ezin izan da etorri, atzo bere lanpostuaz jabetu baitzen eta gaur Legebiltzarreko taldekideengana hurbildu nahi izan du Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran. Jakinarazi digu Madrilera etortzeko interesa duela eta "Espainiako gainerako lekuetan modu zuzenean azaldu nahi duela ETAk ekintza terrorista alde batera uztea lortu denean eraikitzen ari garen Bake Garai honetan egiten ari den eta ez den lana".

Paquita Sauquillo Bakearen, Desarmearen eta Askatasunaren aleko Mugimenduko (MPDL) presidentearentzat, "MPDLa beti egon da bakearekin konprometitua maila profesionalean eta nire kasuan baita maila pertsonalean ere. Bakea egunero landu behar da. Euskadin prozesua luzea izango da eta biktimen kontakizuna egin behar da beharrezkoa delako. Hori izan da Tiempo de Paz aldizkariko ale honetan erakutsi nahi izan duguna."

Francisco Aldecoa "Tiempo de paz" aldizkariaren zuzendariak azpimarratu du "2011ko abuztuan Paquitak eta biok hitz egin genuen Euskadi asko aldatu dela eta asko aldatzen ari dela eta komunikabideak eta iritzi publikoa bizitzen ari garen aldaketa horri bizkarra emanda bizi direla. Horrek mugitu gintuen aldizkariaren zenbaki hau hastera, Euskadin bizi izan dena eta bizitzen ari dena kontatzeko eta iritzi publikoari jarrera politiko guztiak erakusteko asmoz; hain zuzen ere, mezu bat zabaltzeko: Euskadin gauzak aldatzen ari dira eta hori partekatu eta iritzi publiko guztiari zabaldu nahi diogu."

Isabel Urkijo Gesto por la Paz-ekoarentzat "ETAk indarkeria alde batera uztea berri harrigarria izan zen. Hain gogokoa genuen eta ezinezkoa ematen zuen benetan egia izateko. Beti esaten dugu, Gesto por la Paz dela herritarren adierazpide Euskal Herrian sortzen den indarkeria espezifikoaren erabilerari erantzunez (...). Gure presentzia isila herri bakoitzeko enparantzan, campus-etan, ikastetxeetako jolastokietan, adierazpide bat ez ezik ondotik pasa eta gelditu ez diren gainontzeko herritarren kontzientziak ohartarazteko dei bat ere izan da (...). Otsailaren 11n deitu genuen azkeneko manifestazioa. Manifestazio hartan, besteak beste, honako gai hauek aldarrikatu genituen: hondatutako bizikidetza errekuperatzearen beharra, ezker abertzaleak eman nahi dituen urratsak barneratzeko beharra eta indarkeriaren deslegitimazio osoan oinarritutako oroimena eraikitzearen beharra."

Marixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak adierazi du "ezker abertzaleak euskal gizarteari ere azalpen bat zor diola. Adierazpen bat termino etiko eta moralean eta erantzun bat galdera zehatz bati. ETAren indarkeriak merezi izan du, baliagarria izan da euskal gizartearentzat?. Bai ala ez. Hor dago galdera eta erantzunaren zain gaude oraindik.

Oraina, gaur, oroimenarekin, egiarekin eta justiziarekin bateratzen da eta Eusko Jaurlaritzak uste osoa du hemendik aurrera horiek izango direla gure bizikidetzaren printzipio utziezinak."

Eusko Jaurlaritzaren Madrileko Ordezkaritzak hartu du TIEMPO DE PAZ, EUSKADI: PAZ Y LIBERTAD aldizkariaren 103. zenbaki berriaren aurkezpena. Aurkezpena eta moderatzaile lana Irune AGUIRREZABAL, Eusko Jaurlaritzaren Madrileko ordezkariak egin du eta bertan honako hauek ere hartu dute parte: Francisca SAUQUILLO Movimiento por la Paz-eko presidenteak, Francisco ALDECOA Tiempo de Paz aldizkariaren zuzendariak; Isabel URKIJO Gesto por la Paz-eko bozeramaileak eta artikulu baten idazleak, eta Maixabel lsabel LASA Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak.

ETAk ekintza armatuak behin betiko utziko zituela iragarri ostean, aurrekaririk gabeko prozesu bat ireki da; eta, azkenean, tunelaren bukaeran argi ikusten hasi da. Hala ere, prozesua luzea izango da eta guztion ahalegin handia eskatuko du.

Argitalpen horrek azpimarratzen du, lehenik eta behin, ETAren su etena euskal gizarte osoak lortu duela, beldurraren eta indarkeriaren aurka irmotasunez aritu delako. Baina su etena bake prozesuan urrats garrantzitsua izan bada ere, asko gelditzen dira emateko, orain gizarte demokratiko eta plural bat eraiki behar delako, bizikidetza horretan elkar errespetatzeko. Normalizazio prozesua dagoeneko hasi da, baina horrek guztion ahalegin handia eskatuko du. Ez da erraza izango hainbeste min, gorroto eta ezinikusi gainditzea, baina beharrezkoa da. Zauriak itxi behar dira eta bizikidetza berriari ekin beharko zaio.

Horregatik, TIEMPO DE PAZek prozesu horretan ahal duen neurrian lagundu nahi izan du, ahotsa emanez Euskadiko gizarte eta politikaren jarrera desberdinei eraikuntza horretan protagonismoa izango dutelako eta horrela "kontakizun berri horren eraikuntzan lagundu nahi izan du Euskadi Bakerako eta Askatasunerako benetako tokia izan dadin".

* Prentsaurrekoan izan diren komunikabideak: ETB, RADIO Euskadi, Euskadi Irratia, Gara, RNE, RTVE, El País, EFE, Europa Press, Servimedia, Público, El Confidencial, Diario Crítico eta Le Monde (Espainiako korrespontsala).

Iruzkin bat
  • @Iruneagui
    2012.eko martxoak 22

    Comentario de Twitter:
    Presentacion en Delegacion del Gobierno Vasco en Madrid de la revista del MPDL Tiempo de Paz EUSKADI: PAZ Y LIBERTAD http://t.co/vlDDX29N

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Irune Aguirrezabal Quijera, Eusko Jaurlaritzaren Madrilgo Ordezkaritza