NIK Patrika Digitala
qrcode

Elkarlan sarien banaketa, azaroaren 20an, Getxoko Muxikebarrin

2024-11-14
  • Sari-emate ekitaldia Muxikebarriko Arrigunaga aretoan egingo da 18:30ean eta bederatzigarren edizioko lau proiektu irabazleek Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuaren eskutik jasoko dute saria.
  • Proiektu irabazleak dira: Gure basoen alde auzolanean (Lurgaia Fundazioa); Arte komunitarioa, pertsonen gizarte-kohesioa sustatzeko proiektua (Argia Fundazioa); Euskarabentura Espedizioa (Euskara eta Kultura gazteengan sustatzeko elkartea) eta Dragoi ontzia eta paracanoe (Getxoko Piraguismo Kluba).

Datorren azaroaren 20an, asteazkenean, Getxoko Muxikebarri Arte, Kultura eta Kongresuen Zentroko Arrigunaga aretoan egingo da Elkarlan Sarien 2023. urteko proiektu irabazleen sari-emate ekitaldia.

Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak antolatzen dituen Elkarlan Sariek helburu dute osasunaren, ingurumenaren, garapen ekonomikoaren, kulturaren, gizarte-kohesioaren eta herritarren parte-hartzearen arloetan balio publikoa sortzea sustatzen duten proiektu berritzaileak bultzatu eta aitortzea.

Sari-emate ekitaldian parte hartuko dute Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak  eta  bederatzigarren edizioko lau talde irabazleek; eta horiek 2024an zehar garatu dituzten proiektuak aurkeztuko dituzte.

Hauek dira saritutako proiektuak:

  1. GURE BASOEN ALDE AUZOLANEAN (Lurgaia Fundazioa)

Gure basoak berreskuratzeko eta natura- eta kultura-ondarea babesteko proiektua da, gizartearen eta etorkizuneko belaunaldien mesedetan, boluntarioen laguntzarekin eta lankidetzarekin.

  1. ARTE KOMUNITARIOA; GAIXOTASUN MENTALA DUTEN ETA EZ DUTEN PERTSONEN GIZARTE-KOHESIOA SUSTATZEKO PROIEKTUA (Argia Fundazioa)

Gizarte-kohesioa sustatzeko eta era komunitarioan Mural bat sortzeko proiektua da. Pertsonen arteko topaketarako eta komunitate sena indartzeko espazioa izan nahi du proiektuak; ahalduntzeko, elkarbizitzarako eta entzute ariketarako espazio segurua; non pertsona eta artista desberdinek beren talentuak batu eta partekatu ahal izango dituzten.

  1. EUSKARABENTURA ESPEDIZIOA (Euskarabentura: euskara eta Kultura gazteengan sustatzeko elkartea)

Euskal Herria oinez zeharkatzen duen hilabeteko abentura da. Espedizioak, euskal herriko eta euskal diasporako 125 gazteri ematen die parte hartzeko aukera. Proiektuaren helburuak dira gazte euskaldunen sare bat sortzea eta gazteen artean euskara sustatzea.

  1. DRAGOI ONTZIA ETA PARACANOE; PIRAGUISMOA, BIZITZA BERRI BATEN HASIERA (Getxoko Piraguismo Kluba).

Dragoi ontzia bularreko minbizitik sendatzen, minbizia prozesuan bete-betean edota metastasi prozesuan dauden emakumeen errekuperazio fisiko, psikologiko eta sozialerako ekipo-ontzi gisa jaio zen proiektua da. Proiektu horretara, batu dira, orain, dibertsitate funtzionala duten pertsonak kirolaren bidez osasuna eta errekuperazio fisiko eta psikologikoa sustatzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Komunikabideek behera kargatzeko