Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

116111 telefonoak bere hedapena zabaldu du Tuentiko kanpaina baten bidez

2012.eko martxoak 21

 

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak "YO CONOZCO A ALGUIEN QUE... / NEUK EZAGUTZEN DUT NORBAIT..." kanpaina jarri du gaur abian, Tuenti gizarte‑sarearen bidez, haurren eta nerabeen tratu txarrei laguntzeko 116111 Zeuk Esan zerbitzuaren erabilera sustatzeko. Kanpaina horretan gatazka- eta babesgabetasun-egoerak eta arazoak ematen dira ezagutzera, nork bereak eta besteenak.

Gizarte-sareak baliabide egokiak dira haur eta nerabeen beharrizanei erantzuteko eta haien garapen pertsonala hobetzen lagunduko dieten baliabideak eta tresnak emateko. Interneteko kanpaina horren bidez, Sailak 116111 Zeuk Esan zerbitzua sustatu nahi du; izan ere, duela urte eta erdi eskas -2010eko urrian- abian jarri zenetik 2.223 kontsulta jaso ditu jada.

Loli Garcia Familia eta Komunitate Politikarako zuzendariaren iritziz, "kanpaina honek gogorarazten die Euskadiko nerabeei haien lagunak edo inguruneko haur eta nerabeak nozitzen ari diren egoera zailak edo babesgabetasuna jakitera emateko". Istorio horietako batzuk, benetakoak baina anonimoak, 116111 telefonoan erantzun diren kontsulten adibide gisa erabiliko dira apirilaren 16tik aurrera gizarte-sareen eta zerbitzuaren www.euskadi.net/zeukesan webgunearen bitartez zabalduko diren bideoetan.

Gazteek laguntza-zerbitzuari egiten dizkioten kontsultak, batez ere, harremanei buruzkoak dira; afektibo-sexualak, familiarrak eta berdinen artekoak. Horrez gain, ondoeza emozionalari buruzko kontsultei erantzutea izan da orientazio-zerbitzuan lan egiten duten profesionalen zeregin nagusietako bat.

Horren ildotik, 116111 laguntza-zerbitzua erreferentzia bihurtu da herritarren sektore horrentzat; izan ere, bizitzen ari diren egoerak, bestela nekez konponduko liratekeenak, bideratzen laguntzen die.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko