Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak

Seme-alabak dituzten familien gizarte babeserako politika zabalena eta garatuena du Euskadik, estatu osoan

2012.eko martxoak 21

 

  • Seme-alabak dituzten familientzat laguntza ekonomiko unibertsalei eusten dien autonomia-erkidego bakarra Euskal Autonomia Erkidegoa da
  • Seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzeagatiko laguntza ekonomikoei esker, hasierako inbertsioa baino itzulkin ekonomiko handiagoa lortzen da
  • 2011-2015 aldiko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planerako 674,6 milioi euro bideratu dira

Jaurlaritzaren Kontseiluak abenduan onartu zuen eta Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak atzo Legebiltzarrean aurkeztu zuen 2011-2015 aldiko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planaren ardatz nagusietako bat familia eta lana uztartzeko politikak dira. Gaur egun, seme-alabak dituzten familien gizarte-babeserako politika zabalena eta garatuena du Euskadik, Estatu osoari dagokionez. Horren adierazgarri, seme-alabak dituzten familientzat laguntza ekonomiko unibertsalei eusten dien autonomia-erkidego bakarra da: semea edo alaba jaiotzeagatik ordainketa bakarreko prestazioa, 400 eurotik 900 eurora bitartekoa, familiaren errentaren arabera; ordainketa bakarreko prestazio ekonomiko unibertsala, 2.000 eurotik 4.000 eurora bitartekoa, erditze anizkoitzaren kasuan, errentaren eta familiaren tamainaren arabera.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailari atxikitako Familia eta Komunitate Politikarako Zuzendaritzak gidatzen du plana, eta Jaurlaritzak baliaturiko 674,6 milioi euroko kopuruarekin hornituta dago. Diru-kopuru horretatik, 645 milioi Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailetik datoz (571 sailetik zuzenean eta 74 Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzutik) eta gainerakoa Hezkuntza, Justizia, Industria, Kultura, Osasun eta Etxebizitza Sailen artean banatzen da.

Seme-alabak dituzten familien gizarte-babeserako eta familia eta lana uztartzeko laguntzen aldeko apustu hori "Estatu sozial inbertitzaileek" egiten dutela nabarmendu du sailburuak. "Laguntzen bitartez", esan du, "familia eta lana uztartu ahal izatea da kontua, emakumea lan-merkatuan sar dadin ahalbidetuta eta familia zaintzeko zereginak arian-arian gizonen gain ere gera daitezen bultzatuta. Familia-modalitatean berdintasunerako joera izatea lortu behar dugu, gizonek eta emakumeek erantzukizunak modu orekatuagoan bana ditzaten".

Adingabeak eta mendetasuna duten edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeagatik eszedentzia edo lanaldi-murrizketa hartzeagatiko prestazio ekonomikoak dituzten autonomia-erkidego bakarrak ere EAE eta Nafarroa dira. Nazioarteko hainbat azterlanetan frogatuta geratu denez, horrelako laguntzen bitartez hasieran egindako inbertsioa baino itzulkin ekonomiko handiagoa lortzen da. "Laneko denbora malgutuz gero, gurasoen laneratzea sustatzen da eta lana familiarekin eta norberaren bizitzarekin uztartzeko aukera izaten dute; hartara, haurrak denbora gehiago egon daitezke gurasoen ardurapean", nabarmendu du sailburuak.

Jaiotzagatiko prestazio ekonomikoak  (ikusi dokumentu atxikia)

Lana uztartzeko prestazio ekonomikoak Euskadin (ikusi dokumentu atxikia)

2011-2015 aldiko Familiei Laguntzeko Erakunde arteko III. Planean lau jardun-ildo estrategiko biltzen dira:

  • 1. ildo estrategikoa: Familiei laguntzeko eta haien autonomia ahalbidetzeko zerbitzu, neurri eta politikak indartzea. Aurrekontua: 607.441.481 milioi euro.
  • 2. ildo estrategikoa: Familien eta haien ahalduntzea, gizarte-sentsibilizazioa eta prebentzioa bultzatzeko politika eta gizarte-ekintzen gizarte-balioa sustatu eta zabaltzea. Aurrekontua: 57.221.756 milioi euro.
  • 3. ildo estrategikoa: Familiei laguntzeko eta gizartearen parte-hartzea garatzeko politiken sail arteko eta erakunde arteko koordinazioa. Aurrekontua: 1.169.773 milioi euro.
  • 4. ildo estrategikoa: Familiei laguntzeko politika eta neurrietako paradigma eta jardun-esparru berriak. Aurrekontua: 8.794.821 milioi euro.

Aurreko planei dagokienez, aldaketa kualitatiboa gertatu da ekintza-ildo berriak zabaldu direlako, prebentzio- eta hezkuntza-ekintza ahalbidetzen dutenak, familien eskumenen hobekuntzarekin eta gurasotasun positiboaren garapenarekin zerikusia duen guztia (gurasoek egin ditzaketen ekintza eta programak beren guraso-rola hobeto betetzeko seme-alaben interes gorena, haien hezkuntza eta mugak kontuan izanda betiere).  Lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeari dagokionez, laguntza ekonomikoei eusteaz gain, ikuspegi berriak txertatzen dira, agente sozialak eta ekonomikoak inplikatu baitira antolaketari loturiko aldaketak lortzeko; hala nola, lan-munduan malgutasuna lortzeko.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko