Umbra Light Festival jaialdiak laugarren edizioa egingo du 2025eko otsailaren 14tik 16ra, "Artea bakea da" lelopean
Erdi Aroko Almendra eta Zabalgunea izango dira berriro ibilbidearen protagonista, baita beste auzo batzuk ere
110.000 pertsona baino gehiago etorri ziren azken ediziora, % 95eko hotel okupazioarekin
Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Udalak sustatzen dute
Gasteiz, 2024ko azaroaren 11.- Umbra Light Festival jaialdiak laugarren edizioa egingo du 2025eko otsailaren 14tik 16ra, Gasteizko plaza, eraikin eta espazio publiko esanguratsuenak argiz eta artez betetzeko. "Artea bakea da" izango da jaialdiaren leloa eta eskultura, proiekzio eta instalazio guztien lotura, argi artearen bidez ezberdinen arteko bizikidetza, elkarrizketa eta indarkeriarik eza sustatzeko.
Arabako hiriburuko Erdi Aroko Almendra eta Zabalgunea izango dira, berriro ere, museo bizi eta iragankor honen protagonista nagusiak. Dagoeneko berretsi dira espazio horietako batzuk, hala nola San Pedro eliza, Foruen plaza eta BIBAT museoa, baina Lovaina bezalako auzoetan ere egongo da. Era berean, Umbra Light Festival jaialdia hiriko beste zenbait gunetara eramateko lanean ari gara, hala nola San Martin eta Koroatze auzoetara.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo saileko foru diputatuak, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak, Jon Urresti Vital Fundazioko lehendakariak eta Carlos Torrijos jaialdiko zuzendariak 2025eko Umbra Light Festival jaialdiaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte gaur, eta hura prestatzeko lanak azaldu dituzte.
Cristina Gonzálezek iragarri du Gasteizko Umbra Light Festival jaialdiak otsaileko jatorrizko datei eutsiko diela eta hiru eguneko asteburuko formatua berreskuratuko duela. Horrela, jaialdi zoragarri honetaz gozatu ahal izango dugu 2025eko otsailaren 14tik 16ra bitartean, ostirala, larunbata eta igandea eskemarekin, bisitari gehiago eta jarduera ekonomiko gehiago sortzen baititu hiriko ostatuetan, ostalaritzan eta merkataritzan.
Gure turismo estrategiaren oinarrietako bat beste probintzia batzuetako bidaiariak erakartzeko gaitasuna duten kalitatezko ekitaldiak bultzatzea da, eta gure ostatuen, taberna eta jatetxeen eta merkataritzaren jarduera bultzatzea, eta Umbra Light Festival jaialdiak helburu hori betetzen du: azken edizioan 100.000 pertsona baino gehiago atera ziren Gasteizko kaleetara jaialdiaz gozatzera, ostatuen % 95eko okupazioarekin, azaldu du.
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak nabarmendu duenez, Umbra Light Festival dagoeneko errotuta dago argiaren artearen estatuko eta nazioarteko erreferente gisa, eta hiri teknologiko, moderno, berritzaile eta jasangarri gisa proiektatzen gaitu. Gasteizek bizikidetza du nortasun ikur, eta aurtengo leloak, "Artea bakea da", hura indartzen laguntzen du, zalantzarik gabe.
Etxebarriak jakinarazi du jaialdiaren agertoki nagusiak berriro ere Erdi Aroko Almendra eta Zabalgunea izango direla baina Umbra Light eta haren ekitaldiak Lovaina bezalako beste auzo batzuetara eramateko ahalegina azpimarratu du. Erakundearekin batera ari gara lanean hiriko beste eremu batzuetan presentzia izan dezan, hala nola San Martin eta Koroatzea, ibilbidea erdigunetik atera eta beste leku batzuetan ere mugimendua sor dezan.
Azkenik, Clara Navas Eusko Jaurlaritzako Turismo eta Ostalaritzako zuzendariak balioa eman dio ekitaldi desberdin baten berezitasunari, gure eskaintza turistikoa aberasten baitu eta kalitatezko helmuga gisa indartzen baikaitu. Gainera, otsailean, behe denboraldian, ospatzen denez, sektorean urtarokotasuna murrizten laguntzen digu eta bisitarien fluxua urte osoan zehar banatzen.
"Artea bakea da" leloa
"Artea bakea da" izango da 2025eko Gasteizko Umbra Light Festival jaialdiaren leloa eta hori ere izango da eskultura, proiekzio eta instalazio guztien arteko lotura, argi artearen bidez elkarrizketa, ezberdinen arteko bizikidetza eta indarkeriarik eza sustatzeko. Leloa Literaturako azken Nobel saridunak, hau da, Jon Fosse Norvegiako dramagileak, Antzerkiaren Munduko Eguna dela-eta idatzitako testuan oinarritzen da.
Carlos Torrijos jaialdiaren zuzendariak azaldu duenez, argiak ideiak eta emozioak transmititzeko gaitasuna du, eta ziur gaude Umbra Light Festival jaialdiak bizikidetzarako, ulermenerako eta bakerako mezua eramango duela Gasteizko kale eta plazetara. Berriro ere, bertaratutako guztien arteko komunikazioa, ulermena eta errespetua sustatuko ditugu, argiaren bidez eta argiak hiriaren beraren hiri eta natura inguruneekin duen harremanaren bidez.
Era berean, ezaugarri eta dimentsio horiek dituen jaialdi bat antolatzearen konplexutasuna azaldu du Torrijosek, eta adierazi du ekoizpen faseak urtebete baino gehiago hartzen duela, eta, ondoren, programak irauten duen hiru egunetan biltzen dela. Instalazioak eta proiekzioak muntatzeko, 100 profesional baino gehiagoko taldeak parte hartu behar du (zuzendaritza, produkzioa, artistak, teknikariak, prentsa, ekipo grafikoa eta dokumentazioa, etab.).
Hala, Umbra Light Festival jaialdiaren laugarren edizioaren ekoizpen prozesua urte honen hasieran hasi zen. Azken lanetako bat artistei zuzendutako proposamenen deialdia garatzea izan da, eta oso harrera ona izan du: guztira 284 artistak aurkeztu zituzten beren proposamenak joan den uztaileko call for artist deialdian, eta, horrela, proiektuaren parte izateko borondatea adierazi zuten. 2023ko edizioan, berriz, 226 artistak hartu zuten parte.
Horrek Umbra Light Festival jaialdiak sortzen duen interesa eta mundu osoko artista eta kolektibo ospetsuak erakartzeko duen gaitasuna erakusten du, esan du Torrijosek.
Instalazio batzuk zehaztea falta bada ere, Gasteizko 2025eko Umbra Light jaialdiaren ibilbidearen % 80 itxita dago. Erdi Aroko Almendra eta Zabalgunea, baita Lovaina auzoa ere, instalazio gehienen muina izaten jarraituko dute. Foruen Plazan, Luis Peña Gancheguik eta Eduardo Chillida eskultoreak diseinatutako pilotalekuan, Vital Fundazioarekin elkarlanean egindako bideo mapping proiekzio bat egongo da.
San Pedro elizak, hiriko beste eraikin historiko batek, bat egingo du tradizioa eta adierazpen garaikidea uztartzen dituzten gurtzarako espazioen zerrendarekin, eta esperientzia paregabea eskainiko die argiaren artean murgildu nahi dutenei. Bibat Museoaren arkitekturak ere emanaldi bat izango du eta ikuspegi berritzaileetatik esperientzia paregabeak eskainiko dituen eraikinaren beste ikuspegi batez gozatu ahal izango da.
Instalazioak ezartzeko eremu berri posibleei dagokienez, 2025. edizio honetan Umbra Light Festival jaialdia San Martin eta Koroatze auzoetara hedatzeko aukera aztertzen ari gara, Gasteizko erdigunean kultura jarduerak deszentralizatzeko eta pilaketa arintzeko ideiari erantzunez
Estatuko eta nazioarteko erreferentea
Gasteizko Umbra Light Festival jaialdia hiriko argi artearen ekitaldi gisa finkatuta dago jada Espainiako eta Europako zirkuituetan. Horrela, hiru ediziorekin soilik, euskal hiriburuak estatuko eta nazioarteko erreferente izatea lortu du Light Art munduko eta argiaztapen jaialdietako arlo esperimental, teknologiko eta sozialean, eta asteburu batez hiria aire zabaleko museo bizi eta iragankor bihurtzen da.
Jaialdia hazi egin da, bai instalazioen kopuruari eta kalitateari dagokienez, bai bisitarien kopuruari eta eragin ekonomikoari dagokienez, bai eta gizarte eta ingurumen konpromisoari dagokionez ere. Lehenengo edizioaren leloa "Argiaren urbanismoak, hiri paisaia berriak" izan zen, eta hiriko paisaiaren begirada desberdinak erakutsi zituen; bigarrenak, berriz, gizakiak ingurumenean duen eragina eta NBEren GJHen bidez etorkizun sostengarria nola garatu nabarmendu zuen; eta, azkenik, "Enpatia" izan zen 2023ko hirugarren edizioaren leloa.
Umbra Light Festival jaialdiak iraunkortasunarekiko konpromisoa ere hartu zuen, eta 2022an Ilo Sustainability Manifesto sinatu zuen, Europako beste 20 argiztapen jaialdi baino gehiagorekin batera. Gasteiz horrelako jaialdiak sustatzen dituzten Europako hirien sare baten kide da, hain zuzen ere Espainia, Txekia, Norvegia, Alemania, Holanda, Ingalaterra, Frantzia, Italia, Belgika, Eslovenia, Errumania eta Suitzako hiriekin batera.
Umbra Light Festival jaialdiak lehen ediziotik Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gasteizko Udalaren laguntza instituzionala dauka, eta babesleen laguntza ere badu, hala nola Vital Fundazioarena, Eusko Legebiltzarrarena eta hainbat enpresa pribaturena.