Euskal gizartearen gehiengoak uste du turismoa garapen ekonomikoaren eta enpleguaren motorra dela eta eragin positiboa duela bere bizitzan
Gaur argitaratu da "Turismo ohiturak eta turismo hartzaileari buruzko pertzepzioa" azterlana, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren Enfokatur, Euskadiko Turismoaren Behatokiak egina, Basquetourren bitartez. Eragiketa hori estatistika ofizialean sartu da, eta, horregatik, edizio honetan handitu egin da lagina, eta zenbait adin-tartetan hobetu ditu emaitzak. Horren helburu nagusia da EAEko biztanleen turismo-ohiturak aztertzea, deskribatzea eta monitorizatzea, bai eta bisitarien eta turisten etorreraren aurrean herritarrek dituzten iritziei eta jarrerei pultsua hartzea ere.
Ildo horretan, emaitzek fenomeno turistikoaren dimentsio batzuei buruzko argibideak ematen ditu bai eta gizarteak nola hautematen dituen ere. Alde batetik, galdetutako hamar pertsonatik bederatzik uste du turismo-sektorea garapen ekonomikoaren eta enpleguaren motorra dela. Eta, bestalde, batere garrantzitsutzat jotzen ez dutenen ehunekoa zertxobait igo da (% 2tik % 4ra).
Era berean, gehienek (% 53,0) uste dute turismoak eragin positiboa duela beren eguneroko bizitzan. % 27,9k ez du bere burua interpelatzen, eta "ez positiboa ez negatiboa" da. Eta % 11,5ek dio eguneroko bizitzan eragin negatiboa duela.
Pertzepzio horretan, bizi den udalerria bera turismo-helmuga izateak zerikusi handia du, eta gogobetetze-eza handiagoa da Donostia bezalako turismo-ingurune heldu eta finkatu batean bizi direnen artean.
Gainera, galdera-sortak galdera bat dakar, balizko turista ugaritasun baten egoera nola biziko litzatekeen jakiteko. Hau da, nola ikusiko lukete ugaritasuna zure udalerrian, uneren batean gertatuko balitz (galdera ez da ugaritasuna dagoela uste duten ala ez, baizik eta ugaritasuna balego zer sentituko luketen), eta % 27k adierazi du ez litzaiokeela gustatuko eta % 37k gustatuko litzaiokeela.
Euskadiko bidaiaria
Euskal herritarren bidaia-ohiturei dagokienez, oso zabalduta dago oporretan kanpora irteteko edo ihesaldi laburrak egiteko ohitura. Horrela, biztanleen % 68,5ek adierazi du gutxienez urtean behin astebeteko edo gehiagoko bidaiak egiteko ohitura duela. Gainera, % 51,9k gutxienez urtean behin egiten dituzte gau bateko edo biko ihesaldiak. Egun bateko txangoak gaua igaro gabe egiteko ohitura ere zabalduta dago (% 57,3 urtean behin gutxienez).
Gainera, % 29,9k dio bigarren etxebizitza bat duela oporretarako (jabetzan edo familian). Zehazkiago, EAEko biztanleen % 9,3k oporraldi eta ihesaldi guztiak bigarren egoitzan igarotzen dituzte, eta gehienek, % 20,6k, oporren zati bat bakarrik igarotzeko erabiltzen dute.
Bidaiatzeko edo ihesaldiak egiteko, Euskadiko biztanleek familian (% 36,8) edo bikotearekin (% 36,3) bidaiatzeko ohitura dute. Halaber, % 11,7k lagunekin bidaiatzeko ohitura du, eta % 9,4k familia eta lagunak batzen ditu. Galdetutakoen % 3,9k bakarrik bidaiatzen du.
Gehienek nahiago dute bidaiak pertsonalki planifikatu (% 73,4), eta % 9k bakarrik jotzen dute bidaia-agentzia batera. 65 urtetik gorakoak dira horrelako establezimenduetara gehien joaten direnak egin nahi duten bidaiari buruzko informazioa jasotzera (% 45,6), eta baita gehienbat pakete turistiko oso bat eskuratzen dutenak ere (% 36,7).
Bidaietarako eta ihesaldietarako euskal biztanleriak gehien erabiltzen duen informazio-iturria Internet da. Internet bidez informatzeko planteatutako moduak, helmugari edo erreserbari buruzko webguneak (% 49,7), sare sozialak (% 12,4) eta bidaia-blogak (% 9,9) batuz gero, Internet biztanleriaren % 72k erabiltzen duen informazio-iturria da. Bigarrenik, bidaiak eta ihesaldiak planifikatzeko informazio-iturri erabiliena lagunen eta senideen gomendioak dira (% 45). Inkestatuei 2 erantzun-aukera hautatzeko eskaini zitzaien.
EAEko biztanleek Euskadin zehar bidaiatzeko dituzten motibazioak
EAEko biztanleek Euskadin bidaiatzeko dituzten motibazioak askotarikoak dira. Joan-etorriak sustatzeko pisu handiena dutenen artean, paseatzeko edo jarduerak egiteko naturguneak bisitatzeko motibazioa dugu, herritarren % 56k uste baitu handia edo oso handia dela. Halaber, % 54ren ustez, garrantzitsua da euskal kostaldea bisitatzeko motibazioa, ingurunea ezagutzeko eta hondartzez gozatzeko.
Bigarren mailako garrantzian gastronomiaz gozatzea dago, eta hori motibazio garrantzitsua da euskal herritarren % 47rentzat. Ondoren, artea, ondarea eta kultura ezagutzea, biztanleriaren % 43rentzat faktore garrantzitsua da – asko edo nahikoa –.