Berriak Lehendakaritza

Eguzki-energia fotovoltaikoa, Indiako eta Euskadiko Gobernuek “komunean duten interes-esparruetako bat”

2012-03-21

Lehendakaria Indiako Gobernuko Zientzia eta Teknologia ministroarekin eta Energia berri eta berriztagarrien ministroarekin batzartu da

Indian dagoen euskal ordezkaritzaren gaurko jardunaldiaren zati handi bat Indiako Gobernuko arduradun nagusiekin egin diren bileretara egon da bideratuta. Patxi López lehendakaria, Bernabé Unda Industria sailburuarekin batera, Zientzia eta Teknologia ministroarekin bildu da, baita Energia berri eta berriztagarrien ministro Farooq Abdullah-ekin ere. Bilera horiei esker, lehendakariak egiaztatu du Indiako zuzendari nagusiek Euskadirekin “harreman estua izan nahi dutela”. Izatez, bilera horietan azpiegituren, energiaren nahiz ingurumenaren arloetako interes-arlo komunak antzeman dira.

Batzar horietan, Makina-tresnaren bi urtez behingo biltzarra dela-eta Euskadi bisitatzeko gonbidapen formala egiteaz gain, bi herrialdeek energia berriztagarrien arloan dituzten programak analizatu dira, Euskadiren “esparru sendoetako” bat, hain zuzen. Euskal ordezkaritzak energia berriztagarriak energia elektriko bihurtzeko tresnak ekoizten dituen industriaren garrantzia gailendu du, baita Euskadik osagaien hornitzaile eta energia eolikoaren, eguzki-energia termoelektrikoaren eta eguzki-energia fotovoltaikoaren ekoizle gisa duen balio-katea ere. Azken hori Indiari bereziki interesatzen zaion sektore bat da, energia eolikoan ahalegin “handia” egiten ari baita, eta urtero 3.000 MW instalatzen ari da. “Enpresa garrantzitsuak dituzte, baina lankidetza eskatu digute arlo horretan, baita eguzki-energia termoelektrikoaren arloan ere”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)