Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren aurrekontua 273,90 milioi eurokoa da, eta lehen sektorearen errentagarritasuna eta lehiakortasuna eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzea du helburu
- Amaia Barredok bere sailaren kontuen zirriborroa aurkeztu du, "landa-eremuko biztanleen bizi-kalitatea eta ahalduntzea hobetzeko" helburuarekin
- 273,90 milioi euro guztira: 215.275.440 € Elikadura eta Landa Garapenerako eta 53.458.425 € Arrantza eta Itsasertzeko Garapenerako
- Lurraldearen berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta garapenaren aldeko apustua egiten du, nekazaritzako elikagaien jarduerak eta ekonomia osagarriak oinarri hartuta
VG 2024 11 07
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saileko sailburu Amaia Barredok Sailaren 2025´erako aurrekontua aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean. Guztira 273,90 milioi euro dira, eta bost erronka estrategiko hauei aurre egitea du helburu: sektorearen errentagarritasuna eta lehiakortasuna handitzea; belaunaldien arteko erreleboa sustatzea eta ekintzailetza babestea; landa-biztanleen bizi-kalitatea eta ahalduntzea hobetzea; berrikuntzaren eta jasangarritasunaren aldeko apustua egitea; eta lurraldearen garapena egitea nekazaritzako elikagaien jarduerak eta ekonomia osagarriak oinarri hartuta.
Elikadura eta Landa Garapenaren arloari 215.275.440 euro esleitu zaizkio, aurrekontuaren % 78,6. Arrantza eta Itsasertzaren Garapena arloak 53.458.425 euro jaso ditu aurrekontuaren proiektuan.
Raúl Pérez Iratxeta sailburuordea, Leandro Azkue Arrantza zuzendaria eta Ion Agirre Zerbitzu zuzendaria lagun, Amaia Barredo´k helburu hau berretsi du: "jarduera ekonomikoa bultzatzea eta nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna indartzea; horretarako, balio- eta ongizate-katearen hazkunde ekonomikoa bultzatuko da gizartearen ikuspegia oinarri hartuta, eta sektoreko langileen eta Euskadiko landa-eremuetan eta itsasertzean bizi direnen bizi-kalitatea eta aukerak hobetuko dira".
Barredorentzat ezinbestekoa da: "Euskadiko lehen sektorea eta haren balio-katea eragile ekonomiko lehiakor eta jasangarri bihurtzea, hori baita lurraldean finkatuta dagoena eta bere gaitasunei esker indartu dena, batez ere elikaduraren eta gastronomiaren barruan. Hori da legegintzaldirako dugun helburua, baita gure aurrekontua esleitzeko ere, proiektuak betearazteari dagokionez. Horretarako, ahots propioa eta gaitasun operatibo handiagoa duen Saila degu orain”.
Sailaren egitura berria
Amaia Barredok zuzentzen duen sail berri hau, orain arte, Industria Sailaren mende zegoen, baina hemendik aurrera egitura hau izango du: bi sailburuordetza, hau da, Elikadura eta Landa Garapena batetik, eta Arrantza eta Itsasertzaren Garapena bestetik, eta zuzendaritza hauek: Landaren eta Itsasertzaren Garapenerako Europar Politikak; Nekazaritza eta Abeltzaintza; Elikagaien Kalitatea eta Sustapena; Elikagaien Politika eta Industriak; Arrantza eta Akuikultura eta Itsasertzaren Garapena; eta Portuak eta Itsas Gaiak. Sail honen mende daude Neiker, HAZI, Elika, EKP eta Zumaiako Kirol Portua erakunde publikoak.
Amaia Barredok adierazi duenez, "jasangarritasunaren arloa gure jarduera guztien oinarria da; hortaz, aurrekontuaren zati handi bat nekazaritza eta arrantza praktika jasangarriak sustatzeko erabiliko degu".
"Gure sektorean puntako berrikuntzan eta digitalizazioan inbertitzen degu, eta horiek barne hartzen ditugu. Inbertsio teknologiko hori ezinbesteko laguntza da gure sektoreko pertsonentzat, eta nekazari eta arrantzaleentzat; horrela, ekoizpena optimizatzeko eta, ondorioz, lehiakortasuna hobetzeko aukera emango dieten tresnak eskuratuko dituzte ", gaineratu du.
Landa Garapenaren arloan, Barredoren ustez, “lurraldean inbertitzea funtsezkoa da. Ez bakarrik etorkizun oparoa eta orekatua ziurtatzeko, baita espazioak eta ekonomiak biziberritzeko ekimen berriak ahalbidetzeko ere”.
“Ekoizleei eta kooperatibei laguntzeari dagokionez, aurrekontu honekin unean-unean indartuko ditugu ekoizle txiki eta ertainei eta kooperatibei ematen dizkiegun laguntzak, etengabeko bilakaeran dagoen merkatura egokitzeko behar diren baliabideak eta prestakuntza eskura ahal izan dezaten bermatuz”, zehaztu du.
Era berean, Elikagaien Osasunak eta Segurtasunak lehentasuna dute Amaia Barredok zuzentzen duen sailaren aurrekontuetan. Izan ere, “gure borondatea elikagaiak ziurtatzea da, haien nutrizio-gaitasunak uztartuz eta gizarteak eskuragarritasun unibertsala duela bermatuz”.
“Eusko Jaurlaritzak konpromiso irmoa du elikaduraren eta egurraren balio-kateekin, euskal landa- eta itsasertz-ingurunearekin eta arrantzarekin”. Legebiltzarreko batzordean azaldu duenaren arabera, “horren guztiaren isla dira, batetik, sortu diren egiturazko baliabideak, hau da, Sail berria, eta, bestetik, berariazko baliabide ekonomikoak, enpresek eta lurraldeak gaitasun nahikoa izan dezaten beren beharretarako”.
Bi sailburuordetza
Barredok I+G garatzeko beharra azpimarratu du, “ezagutza garatzeko eta ezagutza hori balio kateetara transferitzeko palanka garrantzitsua baita”. Horretarako, Sailak berariazko bi aurrekontu-partida ditu, 32,1 milioi euroko balioa dutenak, hau da, % 23 elikagaien sektoreari laguntzeko eta % 8 arrantzaren sektoreari laguntzeko.
Elikadura eta Landa Garapeneko Sailburuordetzaren aurrekontu-igoera, hain zuzen ere, Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzara bideratu da. Izan ere, 2024an baino % 15 gehiago jaso du, eta, era berean, Landa Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzara bideratutako partidak handitu dira.
Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritzari dagokionez, Sailak 1,7 milioi euro bideratu ditu nekazaritza-dibertsifikazioa sustatzeko, lehen sektorerako proiektu estrategikoak sustatuz, hala nola hazitarako patataren laborantza eta merkaturatzea bultzatuz.
Nekazaritza-dibertsifikaziorako bi ekimen berri horiek gauzatzeko, Dibertsifikazio programa bat sortu da, 0,7 milioi eurokoa, inbertsioak planteatzen dituzten edo jarduera bat hasten ari diren azpisektore-hobi berritzaileetako enpresei laguntzeko. Hazitarako patataren bigarren programa bat ere egongo da, azpisektore hori Araban berrabiarazteko, 1 milioi eurorekin.
Sektorearen beharrei eta eskaerei (Konpromisoen Dekalogoan jaso direnei) erantzuteko, datorren ekitaldi honetan NPBren kobrantza-eskubideei lotutako zirkulatzaile-tresna finantzario bat eratuko da, Euskadiko nekazaritzari altxortegi-egonkortasuna emateko. Tresna hori finantza-erakundeekin lankidetzan eratuko da, eta 1 milioi euroko inbertsioa izango du. Azkenik, nekazaritza-aholkularitzako egungo bost zentroak fusionatzeko proiektuari laguntzeko 100.000 euro erabiliko dira, eta ABERE, ABELUR, AGA, LORRA, eta LURGINTZA erreferentziazko zentro bakar bat izango dira.
Leader eta Erein
Zeharkakotasun-testuinguru horretan eta lurralde-garapenaren ikuspegitik, Amaia Barredok aurkeztutako aurrekontuak Leader eta Erein laguntzak ere eratu ditu, zeinak, 2025´ean aurreikusitako deialdietarako, laguntza-ratioak mantentzen baitituzte, 4,8 milioi eta 6,5 milioi eurorekin, hurrenez hurren. Laguntza horiek Europako funtsekin (LGENF) osatzen dira.
Halaber, laneko arriskuen prebentziorako eta nekazaritza-jardueran lan-ingurune seguruak sortzeko konpromisoa nabarmentzen da, eta, horretarako, 413.000 euro bideratzen dira Euskadi Preben urte anitzeko programarako. Era berean, BEROSI ekimenak oinarrizko zerbitzuak ematen dizkio landa-inguruneari. 2025ean 629.500 euro emango zaizkio landa-inguruneko banku-zerbitzuen programari, landa-eremuei kutxazainak eta landa-saltokietan eskudirua ateratzeko zerbitzuak emateko azpiegiturak eta ekipamenduak erosi, instalatu eta eguneratzeko.
Elikagai Politika eta Industriako Zuzendaritzaren inbertsio-lerroa bere horretan mantentzen da. Entitateei dagokionez, sektoreari laguntza handia ematen zaio, hainbat laguntzaren bidez bideratzen dena, HAZI eta Elika Fundazioetatik hasi, zein hainbat zerbitzu dituzten elikadura- eta zur-kateen askotariko mailetara arte. Bigarren partida balio-kateen arlo bakoitzean sektorea egituratzen duten elkarteei laguntzeko da.
Hirugarren multzo bat laguntza handiko programek osatzen dute, zeinari 25 milioi euro baino gehiago egokitu baitzaie inbertsioari lagundu ahal izateko; programa horiek hauek dira, besteak beste: Lehiatu, hainbat lerrorekin osatutako laguntza inbertsioari laguntzeko; Kooperatu, integraziora, fusiora eta kooperatiben arteko akordioetara berariaz bideratutako laguntza; eta Handitu, trakzio-ahalmena duten inbertsio handiak babesten dituena.
Proiektu handiak
Aipatutako proiektuen artean, GOe-Gastronomy Open Ecosystem nabarmentzen da, zeinak gastronomia talentuarekin, ikerketarekin, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin uztartzen baitu nazioarte mailan. Eraikina Donostiako Gros auzoan dago eraikita. Eusko Jaurlaritzak 2025ean 1.590.000 euro bideratuko ditu proiektu horretarako. Amaia Barredoren Sailak 5,5 milioi euro bideratuko ditu datorren urtean EDA Drinks & Wine Campus programarako, Guardiako eta Gasteizko egoitzak eraikitzeko. Egoitza horietan unibertsitate-prestakuntzara, ikerkuntzara eta ekintzailetzari laguntzera bideratutako guneak jarriko dira, eta ardoen, edarien eta elikaduraren arloko balio-katea indartuko da.
Gainera, sektoreari babesa eta laguntza emateko laguntza-zorro garrantzitsu bat dago I+G+b arloan: Elikagaien Digitalizaziorako laguntzak; Handitu Innova, ekoizpen primarioan teknologia handiko osagaiak ezartzeko laguntza; lankidetza-taldeen bidezko Berrikuntzarako laguntzak; edo Gastrobikain, sukaldaritzan berrikuntza eta kalitatea hobetzeko laguntza.
Baita ikertzaileen prestakuntzan laguntzeko Ikertalent bekak ere, ikertzaileek nekazaritza-, arrantza- eta elikagaigintza-sektoreetarako interesgarriak diren I+G+b proiektuetan parte hartuz. Izan ere, 12 beka berri sortu dira doktoregoetarako eta 10 teknologiarako, eta, guztira, 60 beka mantentzen dira.
Elika Fundazioak elikagaiak xahutzearen aurkako estrategia mantenduko du hainbat arlotan: jatetxeak, eskola-jantokiak, ostalaritza eta elikagaien industria. Elika Future Foods partzuergoaren parte da, zeina Europako lankidego bat baita, helburu hau duena: ekoizpena eta kontsumoa eredu jasangarri eta erresilienteetarantz bideratzea, gutxieneko ingurumen-inpaktua izan dezaten, kontsumoko elikaduraren bideragarritasun ekonomikoa eta osasuna bermatuz.
HAZI Fundazioaren kasuan, trakzio-proiektu eta proiektu estrategiko asko daude, bai elikaduran, bai basogintza eta zuraren sektorean; 2025ean, 1 milioi euro inguruko inbertsioa egingo da.
Belaunaldiarteko errelebo
Alderdi garrantzitsuenetako bat belaunaldi-erreleborako estrategiaren ezarpena da, estrategia horri esker, Eusko Jaurlaritzaren eta foru-aldundien egungo programak eguneratuko baitira, sektorean aktibo eta talentu berriak sartzean eraginkortasuna eta arrakasta lortzeko.
Euskadiko upategien eta edarien sektorearen egungo egoeraren ondorioz (Europar Batasuneko zati handi batean gertatzen ari denaren antzera), azoketarako eta sustapen-ekintzetarako jada dagoen zenbatekoari -2 milioi euro ditu- berariazko baliabide gehiago gehituko zaizkio, sektorea babesteko eta sustatzeko ekintzetarako.
Sailak berariazko laguntza eman die Arabako Errioxako upategiei, eta, egoeraren arabera, sagardoak eta txakolinak ere lagun izango ditu. Gainera, HAZI Fundazioak Esneki proiekturako partidak konprometituak ditu Markinan, non Euskadiko etorkizuneko esne-zentroa ezarriko den, esne-ustiategi txiki eta ertainei laguntzeko, sektorearen modernizazioa, jasangarritasuna eta lehiakortasuna sustatuz. Arantzazuko Artzai Eskolaren egoitza den Gomiztegi baserriari dagokionez, haren mantentze-lanetarako eta irakaskuntza-instalazioen hobekuntzarako inbertsioak egingo dira.
Neiker-i dagokionez, sailburuak proiektu hauek nabarmendu ditu: Agritech, 1 milioi euroko berariazko zuzkidurarekin; Euskadik Bioregiones sarean duen partaidetzaren finantziazioa; eta Microalgas proiektua, Euskadin algen inguruko enpresa-ehunaren garapena bultzatzeko, gure eskualdea horren inguruko ezagutzaren, teknologiaren eta enpresa-garapenaren erreferentzia-puntu izan dadin.
Inbertsio-bolumenaren arabera, azpimarratzekoa da 3. segurtasun mailako euspen biologikoko biosegurtasun-laborategi bat (NBC3) martxan jarri izana. Laborategi horren erabilera beste agente batzuei irekita egongo da, hala nola Osasun Sailari.
Azkenik, abereak elikatzeko proiektua nabarmentzen da, siloratzeko prozesua optimizatzeko. Horretarako, hainbat entsegu eta neurketa egingo dira, hala nola larre eta bazka mozketan, siloaren kontserbazioan eta, azken finean, elikatzeko duten ahalmenean.
Arrantza eta Itsasertza
Itsasertzaren Garapeneko, Portu eta Itsas Gaietako, eta Arrantza eta Akuikulturako Zuzendaritzek hainbat jarduera koordinatuko dituzte euskal portuak prest jartzeko eta arrantza-kofradiak berritzeko, eta horretarako, 2025eko ekitaldirako ia 11 milioi euroko partida izango dute.
Sektore horretarako zerbitzuen barruan, HAZI eta AZTI fundazioek ekintzailetza-programetarako zein I+G programetarako gaitutako tresnak daude. “Garrantzitsua da belaunaldien arteko erreleboa babestea, besteak beste, arrantza-sektorean sartzen diren gazteentzako ITSASORATU programaren bidez, eta saregileen kolektiboari laguntza emateko SARETZEN programaren bidez. Horretarako, 300.000 euroko laguntza izango dute”, zehaztu du sailburuak.
Amaia Barredok arrantza-sektorea babestu behar dela nabarmendu du, bereziki arrantzaleen kofradiak, merkaturatzaileen elkarteak, ekoizleen elkarteak eta sektore horretako beste eragile estrategiko batzuk. Gainera, arrantza-ontzidiaren modernizazioa, deskarbonizazioa, digitalizazioa eta lan-baldintzak hobetzeko inbertsioetarako laguntzak sustatzen ditu. Halaber, merkaturatze- eta kontserbatze-industriak egindako inbertsioak babesten ditu, 13,5 milioi eurora iristen den programa honen bidez.
Azkenik, arrantza-baliabideen mesederako, arrantzaren ikuskatze- eta kontrol-lanak indartuko dira, eta, horretarako, 2 ontzi eraikiko dira Arrantza Ikuskaritzari zerbitzua emateko, 1.820.000 euroko zenbatekoarekin.
Sektorearen zerbitzurako azpiegituretan egindako inbertsioei dagokienez, Ondarroako eta Bermeoko portuetako izotz-fabrikei dagozkienak nabarmendu behar dira, 6,5 milioi eurorekin.
Portuko mantentze-lanak
Itsasertzaren Garapeneko, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzari dagokionez, ezarritako partidek azpiegituren mantentze-lanen ondoriozko gastuak jasotzen dituzte, hala nola, sakonerak eta lehorreko azalerak, portuen garbiketa, zaintza eta konponketak, besteak beste. Era berean, EKP-Euskal Kirol Portuak erakundearen aldeko inbertsioetarako kapital-dirulaguntzaren ekarpen bat jasotzen da, zeinak, 2025ean zehar, Bermeoko lehorreratzeko-orgaren obrak egingo baititu, eta ekimen horrek 2 milioi euroko inbertsioa izango du.
Portuetako konponketez eta dragatze-lanez gain, inbertsio estrategikoak aurreikusi dira Ondarroako portuan, Egidazu kaian, eta zerkausiaren konponketan. Era berean, 565.000 euroko lehen partida bat ezarri da Mutrikuko kanpoko dikea sendotzeko. Dikearen obra 2025 eta 2026ko ekitaldietan egingo da, eta 10 milioi euro inguruko inbertsioa izango du.
Amaitzeko, zuzendaritza horri lotuta, 200.000 euroko berariazko partida bat ezarri da itsasertzeko eremuak sustatzeko eta garatzeko helburua duen Itsaspen programa babesteko. Era berean, 1 milioi euroko partida bat prestatu da Euskadiko arrantza-eremuak garatzeko, “Itsas Garapen Elkartea” Arrantzako Tokiko Ekintza Taldearekin lankidetzan. Talde horrek Ekonomia Urdinarekin lotutako sektorearen eta lurraldearen dibertsifikazio ekonomikoko proiektuak bultzatuko ditu arrantza-udalerrietan.
Amaia Barredok nabarmendu duenez, “aurrekontu hau funtsezko tresna da Euskadiko elikaduraren, landa-garapenaren, zuraren, nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren balio-kateak indartzeko”. “Belaunaldien arteko erreleboa bultzatzea eta gazteak sektorean sartzeko ekintzailetza bultzatzea jaso dira aurrekontuaren plangintza osoan, bai landa-ingurunean, bai itsasertzean. Gainera, I+G+b-ren aldeko apustu irmoa ikusten dugu, zeina ekarpen eta laguntza espezifikoen bidez transferitzen baita sektorera”, esan du sailburuak, amaitzeko.
-
2024-11-07
Comentario de X:
🚜📈 Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak bere aurrekontu-proiektua 2025 ekitaldirako aurkeztu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean.#EuskadiBerria
-
2024-11-07
Comentario de X:
🚜📈 El Departamento de Alimentación, Desarrollo Rural, Agricultura y Pesca ha presentado esta mañana en la sede del Parlamento Vasco su proyecto de presupuestos para el ejercicio 2025.#EuskadiBerria
-
2024-11-07
Comentario de X:
🚜📈 Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak 273,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2025erako, lehen sektorearen errentagarritasuna eta lehiakortasuna handitzeko eta belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko.
#EuskadiBerria -
2024-11-07
Comentario de X:
🚜📈 El Departamento de Alimentación, Desarrollo Rural, Agricultura y Pesca contará con un presupuesto de 273,9 millones de euros, para promover la rentabilidad y competitividad del primer sector e impulsar el relevo generacional.
#EuskadiBerria