
Lehendakariak ezinbestekotzat jo du Makroeskualde Atlantikoa sortzea, “isolatuta utz gaitzakeen egungo joera iraultzeko”
-
Imanol Pradalesek parte hartu du gaur Gasteizen egiten ari den Transmodal Foroaren XVI. edizioaren inaugurazioan
Imanol Pradales Lehendakariak TRANSMODAL- XVI. Logistika Intermodalaren Foroaren inaugurazio-ekitaldian parte hartu du. Topaketa Arabako Merkataritza Ganberaren egoitzan egiten ari da gaur. Ardatz atlantikoa eta Jundizen eraikitzen ari diren intermodala izango dira aurtengo edizioaren ardatzak.
Hain zuzen ere, Pradalesek adierazi du topaketa horrek garrantzi handia duela eremu atlantikoko lurraldeentzat. Lehendakariak gogorarazi du Ardatz Atlantikoko nazioek eta eskualdeek, haien erakundeek eta eragile sozial eta ekonomikoek asko dutela jokoan egungo esparru geopolitikoan. “Aspaldi ohartarazten ari gara Europako fokoa ekialderantz biratzen ari dela. Europa zabaltzeko prozesuak, Brexit-ak edo Ukrainako gerrak joera hori areagotu dute”, azaldu du.
Horrek guztiak eragin zuzena eta negatiboa izango du Euskadin. “Atlantikoa indartzeko estrategia indartsu bat garatzen ez badugu, periferian geratzeko arriskua dugu. Eta ezin dugu hori onartu”.
Lehendakariaren hitzetan, gaur Gasteizen ospatzen ari den “foro honek Ardatz Atlantikoaren aldeko indarrak elkartzeko aukera berri bat eskaintzen digu. Isolatuta utz gaitzakeen joera bati buelta eman behar diogu”.
Helburu hori lortzen lagunduko duten hainbat jarduera zerrendatu ditu Pradalesek. “Trenbide, portu eta aireportuen arteko loturen hobekuntza, gaitasun logistikoa, komunikazio azpiegiturak, konexio digital eta energetikoak, lankidetza zientifiko-unibertsitarioa, edo Merkataritza Ganberen jarduera bera, norabide egokian bideratutako jarduerak dira”, adierazi du.
Lehendakariak azpimarratu du estrategia hori mamitzeko ezinbesteko lan-tresna dela Makroeskualde Atlantikoaren erakundea sortzea. “Gaur egun 4 makroeskualde daude: Baltikoa, Adriatiko-Jonikoa, Danubio eta Alpina. Bosgarrena izan nahi dugu”.
Erakunde hori sortzeak ekarriko lituzkeen abantailak aipatu ditu Pradalesek. “Gure garapenerako eta ongizaterako funtsezkoak diren esparruetan, hala nola foroan planteatzen direnetan, lankidetzarako esparru bat eskaintzen digun Europako erakundeaz ari gara: azpiegitura intermodalak, portu-jarduera, korridore atlantikoa, enpresen arteko lankidetza, salgaien garraioa edo Jundizko intermodala”, azaldu du.
“Trumpen garaipenak protekzionismo gehiago eta multilateralismo gutxiago ekarriko ditu”
Bestalde, Pradalesek Ameriketako Estatu Batuetako atzoko hauteskundeen emaitza aipatu du, eta Donald Trumpen garaipenak “protekzionismo ekonomiko gehiago, muga-zerga gehiago eta merkataritza ziurgabetasun berriak” ekarriko dituela iragarri du. "Multilateralismo gutxiago eta harreman transatlantiko berri bat”.
Mehatxu horien aurrean, Pradalesek beharrezkotzat jo du demokrazia eta Europako proiektua indartzea. “Europako subiranotasun estrategikoan aurrera egin behar dugu, kontinentea berrindustrializatuz eta karbonogabetzearen, lehiakortasunaren eta segurtasunaren arteko oreka berri bat bilatuz, gure ongizatea mantendu eta zabaldu ahal izateko. Europaren balioak indartu behar ditugu, bake, askatasun eta justizia sozial handiagoko hamarkadak ekarri dizkiguten horiek. Eta Euskadik ezin du kanpoan geratu. Europa berriaren birsortzean protagonista izan behar dugu”.
-
2024-11-07
Comentario de X:
El Lehendakari considera imprescindible la creación de la Macrorregión Atlántica “para revertir la tendencia actual que nos puede dejar aislados" - Irekia https://t.co/P9AwMNfWgW
























