
Begoña Pedrosa: “Eskola-ingurune segurua eta elkarbizitza positiboa eraikitzea lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat"
Pedrosaren arabera, administrazioen, ikastetxeen, familien eta gizarte-eragileen zeregina funtsezkoa da eskola-indarkeria mota orori aurrea hartu eta erantzungo dion giro segurua sortzeko.
Eskolako elkarbizitzarako estrategia bat izatea eta ikastetxe bakoitzean Elkarbizitzaren Behatokia eratuta izatea funtsezko tresnak dira indarkeria-egoera orori aurrea hartzeko eta erantzuteko.
Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak Elkarbizitzaren Behatokiaren bilera batean parte hartu du gaur, Zaldibarko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean. Foro horretan ikasleak, ikastetxeetako zuzendaritzak, gurasoak edo tutoreak daude ordezkatuta.
Pedrosak bertatik bertara parte hartu nahi izan du Indarkeria eta Jazarpenaren aurkako Nazioarteko Egunaren bezperan egindako bileran, foro horren garrantzia nabarmentzeko, "elkarbizitzan eragina duten gai orokorrei aurrea hartzeko aukera ematen baitigu", azaldu du. Behatokia jarraipen-foro bat da, ikasleen ongizatean eta harremanetan eragina duten gai askori buruzko ikuspegiak partekatzeko, diagnostikatzeko eta erabakiak hartzeko. Espazioen diseinuak, espazio horien erabilerek eta horietan gauzatzen diren praktikek lagundu dezakete desberdintasun- edo tratu txarreko egoerak prebenitzen. Azken batean, Hezkuntzako sailburuaren ustez, "Elkarbizitzaren Behatokia tresna nagusia da jazarpenaren sorburu izan daitezkeen kausak prebenitzeko". Prebentzioan nabarmendu du, baina gaur egun Euskadik eskola-jazarpeneko kasuei aurre egiteko mekanismo egokiak dituela ere bermatu du.
Bileran parte hartu dute, halaber, Asier Munitis ikastetxeko zuzendariak eta Berritzeguneetako (Prestakuntzari Laguntzeko eta Hezkuntza Berriztatzeko Zentroak) elkarbizitzaren berrikuntzako eta aniztasunaren kudeaketako arloko arduradun batek, Iñigo Ramosek. Ikastetxeko ikasleetako baten ama ere bertaratu da, hezkuntza-komunitate osoak jazarpen-egoeren aurka duen inplikazioaren ordezkari gisa.
Bizikasi: ikasleen ongizate emozionala bermatzeko esparrua
Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosak, azpimarratu du eskola-ingurune segurua eta elkarbizitza positiboa eraikitzea hezkuntza-funtzioaren ardura banaezina dela eta Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna dela. "Administrazioek eta ikastetxeek zeregin erabakigarria dugu, edozein indarkeria-egoera prebenitzeko eta horri aurre egiteko beharrezko mekanismoak eta prozedurak daudela bermatuz", adierazi du.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Bizikasi ekimena izan du hizpide Pedrosak, eta azaldu du ikastetxeak elkarbizitza positiborako gune seguruak izan daitezen lagundu nahi duela ekimenak. Hezkuntza-sistemaren helburu nagusia lortzeko ezinbesteko baldintza da ikasle guztiei beren garapen pertsonalean laguntzea eta herritar aktibo eta arduratsu gisa gizartean parte hartzeko gaitasunak eta tresnak ematea. "Elkarbizitza onik gabe ez dago ikasketarik", amaitu du sailburuak.
BAT taldea: eskola jazarpeneko kasuen aurreko itsasargia
Bizikasi ekimenaren barruko hezkuntzako esku-hartzearen lehen mailan, ikastetxeak prebentzioaren bidea hartzeko proposamen batzuk nabarmentzen dira elementu nagusi gisa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastetxeen eskura jartzen ditu elkarbizitza positiboa errazteko egiturak, antolamendu-neurriak eta estrategiak.
Honako hauek osatzen dute Bizikasiren egitura: ikastetxeko zuzendariak, ikasketa-buruak, orientatzaileak eta elkarbizitzaren arloaz arduratzen den irakasleak. Pertsona-talde horrek BAT taldea osatzen du (eskola-jazarpenaren aurkako taldea, euskarazko sigletan), eta talde horren eginkizunak izango dira, alde batetik, jazarpen-kasuak konpontzeko prozesua koordinatzea. Sailburuak "jazarpen-kasuen aurreko itsasargi" gisa aipatu du talde hori, balizko kasuak hautemateaz gain elkarbizitza positiborako bidea markatzen dutelako, ikastetxeko Elkarbizitza Behatokian jasotako iradokizunen laguntzarekin.
Elkarrekin bizitzen ikastea
Lankidetza, elkarbizitza eta hazkunde akademiko eta humanoa sustatuko dituen eskola-giroa lortzeko, hezkuntza-komunitate osoaren zeregina funtsezkoa da. Familien, ikasleen, irakasleen eta irakasle ez diren langileen inplikazioak beharrezkoa den konfiantzazko ingurune bat sortzen lagundu behar du, jazarpena ekar dezaketen egoerak eta eskolako beste indarkeria-mota batzuk bideratzeko.
Pedrosaren arabera, garrantzitsua da gizarte-inguruneari buruzko hausnarketa egitea: "kolektibo batzuek indarkeria eta jazarpen gehiago jasateak ez digu biktimak nolakoak diren esaten, bizi diren gizarteari buruz baizik". Diskriminazio-mota guztiak (generoagatik, arrazagatik, egoera sozioekonomikoagatik edo erlijioagatik) ikasgeletan eta familian landu behar dira, eskola-jazarpena eta beste indarkeria-mota batzuk prebenitu ahal izateko. Eskola-jazarpenaz hitz egiten bada ere, gerta daiteke erasotzen duten ikasleek eskolatik kanpo ikasi izana jokabide oldarkorrak: familian, ingurune hurbilean edo komunikabideen, Interneten edo sare sozialen bidez. Balio kulturalak eta sozialak funtsezkoak dira erasoa sustatzeko edo geldiarazteko.
Zentzu horretan, Begoña Pedrosak Euskal Hezkuntza Sistemak "izan, jakin eta elkarrekin bizitzeko" egiten duen lana nabarmendu nahi izan du. Hezkuntzari buruzko Lege berrian ere jasotzen den maxima bat da, eta ibilbide-orri argi bat ezartzen du, hezkuntza-komunitateak bere gain hartzen duen eta balio demokratikoetan oinarritzen den elkarbizitza-eredu bat garatzeko (horrek berekin dakar familiek, irakasleek eta ikasleek eredu hori egiten eta garatzen parte hartzea).
"Elkarrekin bizitzen ikastea" oinarrizko gaitasun guztiekin lotuta dago. Gaitasun horien muina honako hauek dira: herritarren jarduera arduratsua, ikastetxean bertan eta bizitza sozialean inplikatzen ikastea, elkarrizketa ikastea, giza eskubideak errespetatzea, biktimekiko enpatia, gatazkekiko jarrera positiboa, trebetasun sozialen garapena eta kontrol emozionala, ideiak proiektu bihurtzeko eta gauzatzeko gaitasuna, autoezagutza eta autoestimua garatzea, etab., eta ezinbestekoak dira "elkarrekin bizitzen ikasteko".
Pedrosaren arabera, eskola-indarkeria mota orori aurrea hartu eta erantzungo dion giro segurua sortzea erantzukizun handia da, eta babes-politikak ezartzea eta jazarpenari eta indarkeriari aurre egiteko protokolo eta prozedura espezifikoak ezartzea eskatzen du.
Ikuspuntu horretatik, eskola-elkarbizitzako estrategiak oso tresna baliagarriak dira ikastetxeek gaitasun horiei dagokienez dituzten hezkuntza-intentzioak birpentsatu, diseinatu eta bistaratzeko. Hori dela eta, guztiz beharrezkotzat jotzen da ikastetxe guztiek estrategia hori izatea eta Elkarbizitzaren Behatokia eratuta izatea. Pedrosa sailburua bertan izan da gaur.