Euskadiko Parke Teknologikoak Gipuzkoan "Bikaintasunaren Radio San Sebastian Saria" jaso du, Ikerketaren kategorian
- Kursaalen egindako sari-banaketa ekitaldian, Jaione Ganzarain Parke Teknologikoko presidenteak nabarmendu nahi izan du “Donostia Campuseko eta Hernani Campuseko 203 enpresak direla sariaren benetako protagonistak”.
Euskadiko Parke Teknologikoaren Gipuzkoa Campusek Ikerkuntzaren arloko Bikaintasunaren Saria jaso dute, Radio San Sebastian – Cadena Ser irratiak urtero ematen duena; atzo egin zen sari-banaketa ekitaldia, Kursaal Jauregian. Sariketaren zazpigarren edizio honetako ekitaldi nagusian, antolatzaileek nabarmendu dute Parke Teknologikoak garrantzi handia duela “garapenerako motor gisa, ezagutza- eta teknologia-transferentzia sustatuz eta enpresak eta ikertzaileak erakarriz, Gipuzkoa ikerkuntzaren, talentuaren eta jasangarritasunaren arloetan erreferente bihurtzeraino”..
Jaione Ganzarain Euskadiko Parke Teknologikoaren presidenteak jaso zuen ‘Ikerketaren’ kategoriako Bikaintasunaren Saria eta, sariagatik eskerrak eman ondoren, argi utzi nahi izan zuen gaur egun Donostia Campusean eta Hernani Campusean dauden 203 enpresak direla sariaren benetako protagonistak. “Zuen lanak eta dedikazioak Gipuzkoa nazioarte mailan ikerkuntzarako erreferentzia-gune gisa kokatzen laguntzen dute egunez egun, eta bikaintasunerantz bultzatzen gaituen motorra dira”, adierazi zuen.
Halaber, Gipuzkoan finkatu den Biozientzien Guneak duen inpaktua nabarmendu nahi izan zuen Ganzarainek: “enpresa traktore oso indartsuak dituen ekosistema da; enpresa horietako batzuk, hala nola Viralgen eta VIVE Biotech, Parke Teknologikoko haztegian hasi ziren, eta azpiegitura ezin hobeak eta ingurune soziosanitario paregabea dituzte eskura gure Campusetan”.
‘Bikaintasunaren Radio San Sebastian Sariek’ Gipuzkoako gizarterako modu nabarmenean erreferente bihurtu diren Gipuzkoako pertsona, enpresa edo erakundeak saritzen dituzte, bederatzi kategoriatan: musika, enpresa, kirola, artea eta kultura, gastronomia, ikerketa, inpaktu soziala, euskara, eta humanitateak eta komunikazioa. Audientziaren sari orokor bat ere ematen dute.
Euskadiko Parke Teknologikoaren kasuan, ‘Ikerketaren’ kategorian jaso du saria, eta Radio San Sebastian irratiak gogorarazi du “bere 30. urteurrenean, Parke Teknologikoak hiru hamarraldi daramatzala lurraldean ikerketa eta berrikuntza bultzatzen” eta hazkundearen aldeko apustua egiten jarraitzen duela, hainbat egitasmorekin, hala nola Donostia Campusa Illunbe aldera handitzea –arlo administratiboa lantzen jarraitzen dute Donostiako Udalarekin–, Hernani Campuseko eraikin ekojasangarri berria eraikitzea, eta Hondarribia Campusa eraikitzeko lehenengo urratsak ematea.