Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Euskadik herrialde honen zatitxo bihurtzen hasi behar du”

2012.eko martxoak 21

Euskal ordezkaritzak Indian gauzatu duen gizarte- eta enpresa-misioaren balantzea “positiboa” da

Patxi López lehendakariak sentsazio “positiboarekin” eman dio amaiera Indiara egin duen bisita ofizialari, eta egindako lana “epe ertainean” emaitzak ematen hasiko delakoan dago. Lópezek azpimarratu du Euskadi Indian garatzen ari den interes- eta negozio-arlo askotan liderra dela, adibidez, automobilgintzaren sektorean, energia berriztagarrietan, hiri garapenean, garraioan nahiz turismoan, eta Delhin (Indian) gaur arratsaldean egin duen harrera ofizialera joan diren pertsonei Indiarako jauzia egin nahi dutenentzat “sarrera-atea” izan daitezela eskatu die. Lehendakariak esan du Euskadiren kanpo-garapenerako faktore erabakigarria dela ETAren indarkeria behin betiko amaitzea. “Eta ETA edukita ere Euskadin gizarte moderno bat eraikitzea lortu badugu, zer ez dugu egingo aurrerantzean!”, erantsi du.

Harrera ofiziala lehendakaria atzerrian egiten ari den misio guztietan gauzatzen duen ekitaldi bat da eta han bizi diren euskal herritarrekin elkartzea du helburu, kasu honetan, New Delhikoekin (India), baita gaur bukatu den bidaian euskal ordezkaritzarekin batera joan diren enpresen eta erakundeen ordezkariekin ere. Bernabé Unda Industria sailburuak, halere, datorren ostiralera arte topaketak izaten jarraituko du.

Misio honetan parte duten enpresariak ere (guztira ia ehun) ekitaldian izan dira, besteak beste, José Mari Aldekoa (Mondragón), Euskal Merkataritza Ganberen ordezkariak, Nuria López de Gereñu, Confebasken presidentea, eta Delhin bizi diren enpresariak.

Lehendakaria bihar itzuliko da Euskadira, eta azken jardunaldi honetan ziurtatu du misioak sentsazio “positiboa” utzi diola eta “epe ertainean ekintza zehatz” bihurtzea espero duela. “India oso potentzial handiko herrialde bat da, eta Euskadik herrialde honen zatitxo bihurtzen hasi behar du”, erantsi du.
Helburu hori erdiesteko, euskal ordezkaritzak Indian aste honetan bere kredentzialak aurkeztu ditu, enpresa-sektoreko lehiakortasunean eta berrikuntzan oinarritutakoak, eta esparru askotan mundu-mailan liderra dela erakutsi du, hala nola, automobilgintzan, garapen iraunkorrean, energia berriztagarrietan, garraioan, turismoan nahiz makina-tresnaren sektorean.

Bidaia honek, horrez gain, euskal gizartearen “elkartasun” espiritua egiaztatzeko ere balio izan du, Anantapur-eko eremuan (Indian) Garapenerako Lankidetzarako Euskal Agentziaren partaidetzaren bidez sustatzen ari diren hainbat proiektu bisitatu baitira. “Bidaia honetan lankidetza-funts hotzak benetako pertsona bihurtzea lortzen duten pertsonak ezagutzeko aukera izan dugu. Euskaditik egindako ahaleginei esker ortu iraunkorrak izateko, behiak hazteko, biogasaren bidez energia lortzeko, mikroenpresa batean lan egiteko, haurdunaldian osasun-arreta izateko nahiz lehen hezkuntzako eskolara joateko aukera duten pertsonak”, azaldu du.

Lehendakariak esan du Euskadiren kanpo-garapenerako faktore erabakigarria dela ETAren indarkeria behin betiko amaitzea. “Eta ETA edukita ere Euskadin gizarte moderno bat eraikitzea lortu badugu, zer ez dugu egingo aurrerantzean!”, erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)