Justizia eta Giza Eskubideen aurrekontua % 5,7 hazi da zerbitzu publikoa indartzeko, espetxeen euskal eredua bermatzeko eta iraganarekiko memoria kritikoa bultzatzeko
- Maria Jesús San Josék zuzentzen duen Sailak 359,6 milioi euro izango ditu “justiziaren eta bizikidetza demokratikoaren norabide berri baterako oinarriak ezartzeko”
- Nabarmendu du kontu hedakorrak, errealistak, koherenteak eta anbiziodunak direla
Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesús San Josék 2025erako aurrekontuen proiektua aurkeztu du gaur Legebiltzarrean. Kontuak % 5,7 hazi dira eta 359,6 milioi dira. Hazkunde horrek San Josék zuzentzen duen Sailaren konpromisoa islatzen du, hain zuzen ere justiziaren zerbitzu publikoa indartzeko, espetxeen kudeaketaren euskal eredua bermatzeko, eta kultura demokratikoa eraikitzen lagunduko duen memoria kritikoa bultzatzeko.
Legebiltzarrean datorren urterako kontuen oinarrizko ildoak aurkezteko agerraldien txanda itxi du gaur San Josék, eta Alfonso Gómez Justiziako sailburuordea, Alfredo Retortillo Giza Eskubide eta Memoriaren sailburuordea, Alberto Alonso Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria eta Óscar Trobo Zerbitzuen zuzendaria izan ditu alboan.
Sailburuak bere hitzaldian adierazi duenez, “aurrekontu-proiektua hedakorra da justiziaren zerbitzu publikoa indartzeko, espetxe-kudeaketaren euskal eredua bermatzeko eta iraganarekiko memoria kritikoa bultzatzeko, kultura demokratiko osoa eraikitzen laguntze aldera”. Gaineratu duenez, horiek dira “Gobernuaren akordioan hartutako konpromisoak, aurreko agerraldian aurreratu nituenak eta kontu hauetan itxuratzen hasiak direnak”.
Pertsonentzako proiektua
Sailburuak azpimarratu duenez, zifretatik harago, “pertsonetan, eta bereziki kolektibo kalteberenetan pentsatuz egin den aurrekontu-proiektua da hau”. Horregatik, doako justizian inbertsio handiagoa egitea aurreikusi da, % 6,4ko igoerarekin, eta 21,2 milioi euro baino gehiago bideratuko dira egoera ekonomiko eta sozial ahulenean dauden pertsonei justiziarako sarbidea bermatzeko. Era berean, Zurekin programa indartuko da genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat, eta adingabe arau-hausleei laguntzeko programa berriak sortuko dira, batez ere errotu gabeko migratzaileei eta emakume adingabeei laguntzeko. Horrela, % 3,5 handituko da adingabeen zentroen kudeaketa eta adingabe arau-hausleentzako hezkuntza-programak indartzeko zuzkidura.
Era berean, Justizia Errestauratiboari “beste bultzada bat” emango diola iragarri du, milioi bat euro baino gehiagorekin auzitegi barruko bitartekaritza zabaltzeko, delitu arinetarako eta familia-zuzenbiderako, eta ia % 20ko igoera izango du, Amurriok eta Zumarragak erakutsi duten interesari erantzunez familia-elkarguneak ezar daitezen, banantze-kasu gatazkatsuetan adingabeen eta haien gurasoen arteko kontaktua errazteko.
Langile publikoei dagokienez, Espetxeetako langileen aurrekontua % 26,7 igo dela adierazi du. Igoera hori Justiziari buruzko 1. kapitulu osoan izan da; izan ere, lan-baldintzak arautzen dituen IV. Akordioan hitzemandako soldata-parekatzea aplikatu ondoren, prestakuntza hobetzea da helburua. Horretarako, plan espezifikoak aurreikusten dira Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundearentzat, Bulego Judizial eta Fiskalarentzat eta emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegietako langileentzat.
Bestalde, hizkuntza-eskubideekiko konpromisoa adierazi du, justiziako kolektibo guztientzako euskarazko prestakuntza bermatuz eta EAEANri babesa emanez epaiketak euskaraz egiteko proiektu pilotu batean. Bestetik, bost milioi euro baino gehiago erabiliko dira prozesu judizialak modernizatzeko eta erregistro zibilak digitalizatzeko.
Espetxeetako Zuzendaritza
Espetxeen arloan, San Josék gogorarazi du Espetxe Zerbitzuen Zuzendaritza bat sortuko dela baliabideen kudeaketa hobetzeko, transferentzia bere gain hartu eta hiru urtera, eta gizarteratze-programak indartzeko, horrek Sailaren egitura handitzea ekarri gabe, beste zuzendaritza bat ezabatzen baita. Ildo horretan, zuzkidura berriak, bai espetxeei bai zerbitzu zentralei zuzendutakoak, 10,74 milioi dira, eta espetxeetako langileei zuzendutakoak, berriz, 42, 7 milioi guztira. “Lehen urrats honek euskal espetxe-ereduaren helburu guztiei erantzun nahi die, eta horretarako Zubietako espetxe berria ezarriko da”, azpimarratu du.
Gainera, legealdi honetan gizarteratzeari bultzada eman nahi zaiola ziurtatu du, eta, horretarako, zigor eta neurri judizialak betearazteko zerbitzu berri bat sortuko dela komunitate-eremuan, diziplina anitzeko talde zabalagoarekin eta aurrekontua ia % 11 handituta. Aukerak - Gizarteratzeko Euskal Agentzia ere indartu nahi da; izan ere, % 2,6 baliabide gehiago izango ditu, eta, horri esker, prestakuntza- eta enplegu-programak zabaldu ahal izango dira barneratuentzat. Euskal produkzio-sektorea eta hirugarren sektorearen esperientzia gizarteratzeko prozesuetan inplikatu nahi dituela ere iragarri du.
Biktimak eta Giza Eskubideak
María Jesús San Josék azaldu duenez, aurrekontu-proiektuak biktimekiko eta memoriarekiko konpromisoa indartzen du. Babes handiagoa jaso dezaten, nabarmen handitu dira laguntza ematen dieten elkarteentzako eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioarentzako dirulaguntzak. Bestetik, baliabide gehiago bideratuko dira polizia-abusuen biktimek kalte-ordainak jaso ditzaten. Eta programen eraginkortasunaren ebaluazioa ezarriko da, baliabideak hobeto esleitzea bermatzeko. Ebaluazio hori Adi Adian programa hedatzen duten ikastetxeekin sinatutako hitzarmenetan sartuko da.
Era berean, asmoa da Gogora - Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak “funtsezko” zeregina izatea, erakundeek presentzia handiagoa izan dezaten memoria kritikoa eta bizikidetza sustatzeko. Sailburuak azpimarratu duenez, Gogorak “zentzu berria” hartuko du, eta “inoiz baino baliabide gehiago” izango ditu “politika aktiboak ezartzeko, indarkeria mota oro deslegitimatu eta bizikidetza bermatzen duen memoria kritikoa sustatzeko”.
Esleitutako partidei esker, memoria berreskuratzeko inbertitzen jarraituko da, eta DNA bankua garatzeko eta zaintzeko funtsak % 42 handituko dira. Memoriaren arloan ere baliabideak bideratuko dira ekimen garrantzitsuetara, besteak beste, martxoaren 3ko Memorialaren Fundazioaren kontsolidazioa, Urduñako kolunbarioa eta biktimen testigantzak grabatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2024ko azaroaren 7a
-
2024-11-07
Comentario de X:
📍La consejera ha presentado el Proyecto Ley Presupuestos 2025: Justicia y Derechos Humanos, en el Parlamento.📲 Lee la noticia completa: https://t.co/aDxnyS8H2v https://t.co/xMSrDkduj8
-
2024-11-07
Comentario de X:
📍 Sailburuak 2025eko Aurrekontuen Lege Proiektua: Justizia eta Giza Eskubideak aurkeztu du Legebiltzarrean.📲 Irakurri albiste osoa: https://t.co/nPW5tN22e5 https://t.co/XNTVpos6tI
-
2024-11-07
Comentario de X:
🗣 "He trasladado un proyecto de presupuestos expansivo, realista, coherente y ambicioso"👉 Hoy he presentado en el Parlamento el Proyecto Ley Presupuestos 2025: Justicia y Derechos Humanos.
📲 Puedes leer la noticia completa: https://t.co/VluIgjguqz https://t.co/LMOarxkboj
-
2024-11-07
Comentario de X:
🗣 “Proiektu honekin, norabide berri baterako oinarriak ezarri nahi ditugu justizian eta bizikidetza demokratikoan"👉 2025eko Aurrekontuen Lege Proiektua: Justizia eta Giza Eskubideak aurkeztu dut gaur Legebiltzarrean.
📲 Albiste osoa irakur dezakezu: https://t.co/xv0EgqDZC8 https://t.co/kRnjvClXzL