qrcode

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren aurrekontuaren erdia sektoreari zuzendutako laguntzetara bideratu da, digitalizazioa, prestakuntza eta lehiakortasuna eta jasangarritasuna hobetzeko

2024-11-07
  • Aurrekontuaren % 47 turismo-enpresei eta merkataritza-establezimenduei zuzeneko laguntzak emateko programetara, eta elkarte, federazio eta plataformei laguntzak emateko programetara bideratu da

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok gaur, Eusko Legebiltzarrean, Sailaren 2025erako aurrekontua aurkeztu du, 57,8 milioi eurokoa, 2024an baino % 8,3 gehiago.

 

Turismo arloa

Turismoaren arloari 21 milioi esleitu zaizkio, eta horietatik 10,3 milioi Basquetour Turismoaren Euskal Agentziari transferitu zaizkio, alegia, % 2 gehiago. Turismoaren aurrekontua definitzeko 3 arlo nagusi zehazten dira.

  1. Sektoreari zuzenean eskuratzeko laguntzak, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzan jasotzen direnak:
  • EMET, Ekintzailetzarako eta turismo-enpresen lehiakortasunaren hobekuntzarako laguntzak, 1,3 milioi euro.
  • "Lurralde-proiektu turistikoetarako (LPT) laguntzak, lankidetza- eta kudeaketa-erakundeei zuzenduak, 1,8 milioi euro.
  • Turismoa merkaturatu eta sustatzeko (TMS) laguntza, 934.000 €.
  • Turismo-arloko elkarteak indartzea, ia 700.000 euro.

 

Gainera, Turismo eta Ostalaritza Zuzendaritzak Iturbask turismo-bulegoen sarea koordinatzen du, zeinak 850.000 euro izango baititu dagozkion 50 bulegoetarako.

  1. Euskadi helmuga sustatzeko ekintzak, desestazionalizazio-estrategietan, fluxuen mugimenduan eta egonaldia handitzean oinarrituta. Basquetourren 4,5 milioi bideratuko dira marketinera eta helmuga merkaturatzera, nazioarteko turismoa erakartzeko estrategia indartzen jarraitzeko. Horrez gain, partida honetan azokak ere sartzen dira; ekitaldi estrategikoak helmugan; press eta fam trips, eta turoperadoreei zuzendutako merkaturatze-ekintzak.
  2. Turismo jasangarriaren eredua bultzatzea eta Arlo horretan, Basquetourri 363.000 euro esleitu zaizkio gobernantzarako, zeinaren helburua ekintza hauek sustatzea baita: enpresen arteko, erakundeen arteko eta arlo publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza, edota Turismoaren Euskal Sarea sustatzea. Bestetik, 1,13 milioi euro enpresen lehiakortasuna eta turismo-etika sustatzeko erabiliko dira. Helburua Turismoaren Kode Etikoa bultzatzea da. Kode horrek dagoeneko 800 euskal enpresa baino gehiago ditu atxikita, baita honako ekimen hauek ere: Europako programak, lehiakortasun-sareak, turismo-helmuga adimenduneko programak eta turismo-jasangarritasun integraleko sistemak.

Erabaki estrategikoak hartzeko eta jasangarritasuneko turismo-estrategian aurrera egiteko funtsezko elementua datuak dira. Adimen Turistikoaren Sistemak (SIT) 412.000 euroko partida izango du.

 

Merkataritza arloa

Merkataritza arloak du aurrekontu handiena, 21,6 milioi baititu, hau da, % 1 gehiago. Aurrekontu horren zati handi bat merkataritza-sektoreari laguntzeko programak dira:

  • Merkatarien elkarteei zuzendutako merkataritza dinamizatzeko Hirigune programak 2,1 milioi euroko kontu-saila du, hau da, 100.000 euro gehiago.
  • Merkataritzako Bulego Teknikoen programa optimizatzeko, Turismo Sailak MERKASARETZA (Merkataritza Laguntzako Guneen Euskal Sarea) sortzeko dekretua aurkeztu du, zeinaren azken izapideak egiten ari baitira dagoeneko. Programa honetarako kontu-saila, guztira, 1,72 milioikoa da, bi ekimen hauen artean banatzen dena: MBTren egungo programa (400.000 €) eta Merkasaretza berria (1,32 milioi euro).
  • Belaunaldien arteko erreleboa eta enplegua sortzea sustatzeko, Turismo Sailak merkataritza-ekintzailetzarako laguntza-programa berri bat aurkeztuko du, 1,72 milioikoa, zeinak aholkularitza tekniko espezializaturako laguntza-programa bat ere jasoko baitu.
  • Merkataritza-establezimenduak modernizatzeko programaren aurrekontu-saila handitu da, eta 4 milioitik 4,25 milioira igo da.

Gainera, enpresei prestakuntza eta aholkularitza emateko hainbat proiektu jaso dira, Eusko-Ganberak entitatearekin lankidetzan garatuak, hala nola eus-commerce, Berriz Enpresa, Escuela Vasca del Retail edota Enfokamer, eta horietarako, 2,77 milioi euro jarri dira guztira.

 

Kontsumobide

Kontsumobidek 8,1 milioiko aurrekontua du, hau da, % 1,2 gehiago aurreko aurrekontuarekin alderatuta.

Kontsumobidek prestakuntza-ekintzak optimizatzen jarraituko du. Biztanleria orokorrari, kolektibo kalteberei, ikasleei eta profesionalei zuzendutako prestakuntzarako aurrekontua 800.000 €-koa da.

Kontsumo-eskubideen defentsan ere garrantzitsua da kontsumitzaileen elkarteen laguntza izatea, 379.365 €-ko ekarpena jasoko baitute. Era berean, Kontsumitzaileen Arretarako Udal Bulegoen deialdia 898.776 milioi eurokoa izango da 2025ean. Bi partidak % 5 igo dira.

Sailburuak nabarmendu duenez, aurreko legealdian aparteko funtsak hedatu ondoren, Sailaren aurrekontua arrunta izatera igaro da, eta arreta sektoreari laguntzean jartzen jarraitzen du. "Sail honek pertsonak lehenesten jarraituko du beti. 2025eko aurrekontua minutu gutxi batzuetan laburtzen saiatzen garenean, ez dugu zenbakiez bakarrik hitz egiten. 250.000 familia ari dira lanean turismoaren eta merkataritzaren sektoreetan, Euskadiko langileen ia % 25. Eta beste ehunka mila laguni buruz ari gara, horien lanetan ere eragina baitute, hala nola garraioan, kulturan, lehen sektorean... Sailaren aurrekontua pertsonei, enpresei, lokalei eta lanbideei zuzenduta dagoelako. Ia erdia, % 47, negozioak hobetzeko eta modernizatzeko zuzeneko laguntza gisa. % 11 baino gehiago prestakuntza eta lehiakortasunerako. % 14 baino gehiago horiek sustatzera eta gure bizitzetan duten garrantziaz sentsibilizatzera bideratzen da. Politika publikoak pertsonen zerbitzura daude, haien premien eta ongizatearen zerbitzura, eta haien eskubideak babestuko dituen aurrekontu batean islatzen dira ".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak