
Perez sailburuak ezagutza aurreratuaren sorkuntzan, transmisioan eta transferentzian eta hedapenean jauzi kualitatiboa sustatzeko aurrekontua dela adierazi du
- 2025eko aurrekontuarekin, unibertsitate publikoaren finantza-nahikotasuna eta beken % 6ko igoera bermatzen dira.
-
Era berean, 2024an baino %10 gehiago bideratzen da ikerketa- eta berrikuntza-proiektuetara.
Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, bere sailak 2025erako dituen aurrekontuak azaldu ditu Legebiltzarrean, “Euskadi Berria. Ongizatean hazten” aurrekontu-proiektuaren barruan.
Ezagutza aurreratuaren aldeko apustua
Perez saiburuak azpimarratu du ezagutza aurreratuaren sorkuntzan (Ikerketa), transmisioan (Prestakuntza) eta transferentzian eta hedapenean (Berrikuntza) jauzi kualitatiboa sustatzeko aurrekontua dela; euskal gizartearen oparotasuna, kohesioa eta kalitate demokratikoa areagotzen nabarmen laguntzeko asmoz egindako aurrekontua hain zuzen.
Sailaren 2025eko aurrekontua 612.750.000 €-koa da, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzari 2024ko aurrekontuan esleitutakoa baino %8,8 (49.704.166 €) handiagoa da.
Euskal gizartearen zerbitzura dagoen unibertsitatea
Partida garrantzitsuenetako bat UPV/EHUri bideratutako ekarpenari dagokio eta 401.354.093 €-koa da; horietatik 317.460.496 € ohiko ekarpenerako dira. Ohiko ekarpenaren igoerak (2024koa baino %5,2 gehiago) argi eta garbi erakusten du Sailak egin duen apustua unibertsitate publikoaren finantza-nahikotasuna ziurtatzeko; hain zuzen ere, gobernu-programaren konpromisoarekin bat datorrena. Azken hamarkadan izandako igoerarik garrantzitsuena da, bai kopuru absolutuetan, bai ehunekoetan.
Gainerako konpromisoei erreparatuz gero, beken atala 34.313.380 €-ra iritsi da, eta kopuru horren %90 baino gehiago izaera orokorreko laguntzetarako izango da. Gobernuaren konpromisoarekin bat etorriz, atal hori %6 hazi da.
Ikerketa ezagutzaren mugan
Perez sailburuak aurreratu duenez, ikerketa- eta berrikuntza-arloei dagokienez, ikertzaile-karrera bultzatu eta hobetzeko programetarako diru-zenbatekoa (ikertzaileen prestakuntza, hobekuntza eta mugikortasuna) %12,1 handitu da. Zentzu horretan, doktoratu aurreko eta ondoko laguntza-programak %6,2 hazi dira, gobernu-programan hitzemandako %6aren gainetik.
Bestalde, ikerketa- eta berrikuntza-azpiegituren finantzazioa %24 handitu da, eta proiektuen finantzaketari dagokiona %10,3 igo da, 2024. urtearekin alderatuta. Bestetik, Perezek beste berrikuntza-jarduera batzuk aipatu ditu, hala nola ezagutza zabaltzeko jarduerak, digitalizazio-programak, baita Innobasquerentzako eta Euskampusentzako laguntzak ere. Oro har, 2024an baino %45 gehiago bideratzen da jarduera horietara.
Irismen sozial zabaleko ardatz handietan egituratutako berrikuntza-proiektuak: berrikuntzako itsasargiak
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailari dagokio Berrikuntza Funtsaren kudeaketa, hainbat sailen artean banatuta dagoena (76 M€ guztira). Funts horrek, sail batzuen ekarpen gehigarriekin, laguntza-deialdi bateratuak (hainbat sailen artean) egiteko balio izango digu, "berrikuntza-itsasargien" esparruan gizartean eragina izateko helburu esplizitua duten ikerketak egiteko eta ekimenak gauzatzeko hain zuzen. Proiektu horiei 14 M€ esleituko zaizkie.






