Berriak Osasuna
qrcode

Osasun Saila estrategia berri bat prestatzen ari da denbora-mendeko gaixotasunak artatzeko, hala nola iktusa edo miokardioko infartua

2024-10-28

Iktusaren Mundu Eguna – Urriaren 29a

  • Estrategia horren helburua da gaixotasun horiek dituzten pertsonei ematen zaien erantzuna eta arreta hobetzea, eta gaixotasun horiei aurre egiteko bestelako ikuspegi zabalagoak aintzat hartzea
  • 2023an, Osakidetzak iktusa izan duten 8.900 pertsona inguru artatu ditu (% 54,5 gizonak eta % 45,5 emakumeak), eta erdiak baino gehiago 75 urtetik gorakoak dira. Euskadin heriotza-tasak nabarmen egin du behera 2001-2024 artean
  • Garrantzi berezia du prebentzioak, bai bizi-ohitura osasungarriak eta ariketa fisikoa sustatzearen bidetik, bai arrisku baskularreko faktoreak kontrolatzearen bidetik

Urtero urriaren 29an izaten den Iktusaren Mundu Egunaren barruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du estrategia berri bat prestatzen ari dela denbora-mendeko gaixotasunak artatzeko, hala nola iktusa edo miokardioko infartu akutua.

Diseinatzen ari den estrategia horren helburua da gaixotasun mota hori duten pertsonei eskaintzen zaizkien erantzuna eta arreta hobetzea, betiere patologia horien inpaktua murriztea helburu duten bestelako ikuspegi zabalagoak kontuan izanik.

Denbora-mendeko patologietan, sintomak agertzen direnetik medikuak artatzen duen bitartean igarotako denborak modu kritikoan baldintzatzen du pazientearen pronostikoa. Patologia horien artean, infartuaz eta iktus iskemikoaz gain, trauma larria eta sepsia daude. Estrategia horren bidez, inplikatutako eragile guztiek bizitzarako berehalako arriskua eragiten duten gertakari akutuei erantzun ahal izan diezaieten lehentasunezko jarduerak identifikatzea eta abian jartzea helburu duen esparrua ezarri nahi da.

Gaur egun, Osasun Sailak iktusa duten pazienteei arreta emateko plan bat du, eta, gainera, Euskadin iktusa duten pazienteei arreta emateko baliabideak Iktus Kodearen Euskal Sarean (Iktus Kodea) antolatzen dira. Plan eta sare horien bidez ziurtatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko osasun-sistema publikoak artatzen duen biztanleriaren estaldura.

IKTUSA KOPURUETAN

Iktusa bat-batean agertzen da eta garuneko funtzioen galera eragiten du alterazio baskular baten ondorioz; horrek hein bateko edo besteko desgaitasuna eragiten du, eta, horiekin batera ondorio sozial larriak.

2023an, Osakidetzak iktusa izan duten 8.900 pertsona inguru artatu ditu, % 54,5 gizonak eta % 45,5 emakumeak. Pazienteen erdiak baino gehiagok 75 urte baino gehiago dituzte, eta 46 eta 75 urte bitarteko pertsonak dira erregistratutako kasuen % 40. Lurraldeen arabera, Araban gaixotasun hori zuten 1.101 paziente artatu ziren, Bizkaian 4.445 eta Gipuzkoan 3.373.

Azken urteetan, intzidentziak pixka bat gora egin duela ikus daiteke, besteak beste, euskal gizartearen batez besteko adinaren igoerarekin lotuta. Izan ere, Osakidetzak, 2022an, 8.400 paziente inguru artatu zituen gaixotasun horrekin lotuta, eta 2021ean 7.900 inguru.

Ildo horretan, garrantzi berezia du prebentzioak, bai bizi-ohitura osasungarriak eta ariketa fisikoa sustatzearen bidetik, bai arrisku baskularreko faktoreak kontrolatzearen bidetik. Iktusa agertzeko arrisku-faktorerik handiena hipertentsioa izatea da, eta ondoren datoz diabetesa, hiperkolesterolemia eta fibrilazio aurikularra. Beste faktore batzuek ere, hala nola tabakismoak, sedentarismoak, dieta ez-osasungarriak, muturreko obesitateak, alkoholismoak, drogen kontsumoak edo estresak, eragina izan dezakete, baina faktore horiek alda edo kontrola daitezke.

Gaixotasun zerebrobaskularrek Euskadin eragindako heriotza-tasari dagokionez, 2001-2014 aldian, nabarmen jaitsi da, urteko % 4,8, eta, 2014-2023 aldian, jaitsiera hori urteko % 3,8koa izan da. Gizonen artean jaitsiera adierazgarria da aldi osoan zehar, urteko % 4,2koa da; emakumeen artean ere jaitsiera adierazgarria da aldi osoan, baina 2001-2014 aldian urteko % 5,1ekoa da eta 2014-2023tik urteko aldian % 2,7koa.

KONTZIENTZIAZIOA ETA SINTOMAK IDENTIFIKATZEA

Kontzientziazioa eta sintomak ezagutaraztea ezinbestekoa da herritarrek iktusaren seinaleak zein diren identifikatzen jakin dezaten eta berehala jardun ahal izan dezaten. Jarduteko azkartasuna funtsezko faktorea da bizirik irauteko eta ondorioak murrizteko.

Sintoma hauetakoren bat bat-batean agertuz gero, 112ra berehala deitzea gomendatzen da:

  • Indarra galtzea besoan, zangoan eta/edo aurpegian.
  • Ikusmena osorik edo modu partzialean galtzea edo bikoitza ikustea
  • Hitz egiteko zailtasuna edo ezintasuna
  • Ezegonkortasuna edo desoreka eta ibiltzeko ezintasuna
  • Buruko min oso handia
  • Gorputzaren alde bateko besoan eta/edo zangoan edo aurpegian inurridura- edo sorgortze-sentsazioa izatea

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak