Berriak Lehendakaritza
qrcode

Eusko Jaurlaritzak ARFEren Batzar Nagusian parte hartu du

2024-10-25
  • Batzar Nagusiak, ebazpen batean, mugaz gaindiko lurraldeen eguneroko bizitzan muga kontrol handiagoak duen eragin negatiboari buruzko kezka azaldu du

Europar Batasunerako zuzendariak Europako Mugako Eskualdeen Elkarteak (ARFE) 24an eta 25ean Trysilen (Norvegia) egindako Batzar Nagusian eta urteko konferentzian parte hartu du.

"Europako Mugako Eskualdeetan segurtasuna eta erresilientzia lantzea" izenburupean, ARFEko kideek urteko konferentzian eztabaidatu dute mugako tokiko eta eskualdeko erakundeek askotariko ikuspegiak mantendu eta indartu behar dituztela segidako krisiei aurre egiteko, bai eta hainbat erronkari ere, hala nola mugikortasunari, energia-segurtasunari eta eguneroko bizitzako eremu askotan aurre egiten dieten mugaz gaindiko beste hainbat oztopori.

2027aren osteko Kohesio eta Lurralde Lankidetzako Politikaren etorkizunari buruzko kezka ere agertu dute. Ildo horretan, Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu du, eta, horren bidez, mugaz gaindiko lankidetzak Kohesio Politikaren etorkizunean duen garrantzia nabarmendu du, Europako funts horien kudeaketa zentralizatzearen aurka eginez eta bottom up ikuspegia -behetik gora- defendatuz, maila anitzeko kudeaketa-ereduetan oinarrituta.

Era berean, Batzar Nagusiak ebazpen bat onartu du mugen kontrolak mugaz gaindiko lankidetzan duen eraginari buruz, mugimenduen askatasuna defendatuz eta mugetako fluxuen kontrol zorrotzagoak mugaz gaindiko lurraldeen eguneroko bizitzan eragiten duen kaltea azpimarratuz.

Europako Mugako Eskualdeen Elkartea (ARFE) Europako eskualdeen erakunde bat da, eta Europan eta beste kontinente batzuetan mugaz gaindiko lankidetza du xede. Elkartearen egoitza Gronaun dago, Alemanian. Proiektu bulego bat ere badu Berlinen eta bi informazio zentro, bata Ukrainarentzat Kharkiven eta bestea Balkanentzat, Novi Saden. Elkarteak bere kideen interes komunak ordezkatzen ditu estatuetako eta nazioarteko parlamentu, organismo, agintari eta instituzioen aurrean.

Euskadi duela 30 urte baino gehiagotik da ARFEko kide.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak