Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak euskararen arloko erronkak partekatu dituzte
Ana Ollok eta Ibone Bengoetxeak lankidetzarako hainbat gune eta erakunde aztertu dituzte Iruñean, hala nola Hiruko Ituna edo mugaz gaindiko Europako proiektuak
Nafarroako Gobernuko bigarren presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilariak, Ana Ollok, eta Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, bi erkidegoek euskararen arloan dituzten etorkizuneko erronkak eta lankidetza-espazioak aztertu dituzte Iruñean. Topaketa horretan Jabi Arakama, Euskarabideko zuzendari gerenteak, eta Aitor Aldasorol, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, parte hartu dute, eta hainbat erronkatan sinergiak sortzeko eta esperientziak partekatzeko beharra azaleratu dute, hala nola belaunaldi berrien artean euskararen erabilera eta sozializazioa sustatzea eta lankidetza-guneak aprobetxatzea, Hiruko Ituna edo Europako proiektuak, adibidez.
Bilerak, halaber, bi sailen arteko harreman instituzionalei jarraipena emateko eta horietan sakontzeko balio izan du. Izan ere, harremanak ibilbide luzea duen arren, EAEko kasuan, saileko organigrama duela gutxi berritu da, legegintzaldi berriaren hasiera dela eta, eta bi taldeen aurkezpena egiteko ere balio izan du bilerak. Bi gobernuetan, gainera, azpimarragarria da hizkuntza-gaietan eskumena duen sailak lehendakariordetza maila duela.
Ana Ollok eta Ibone Bengoetxeak bat egin dute euskararen ezagutza eta hiztun-komunitate berriak gero eta anitzagoa den gizarte honetan hurbiltzeko dagoen erronka azpimarratzean, bai eta belaunaldi berrien artean horien erabilera sustatzean ere, pertsonen arteko harremanetan eta balio positiboekin eta bizikidetzarekin lotutako harremanetan arreta jarriz, kultura- eta hizkuntza-aniztasunetik abiatuta. Zentzu horretan, erakundeek publiko gaztearekin eta teknologia berriekin egiten duten lana lehentasunezko helburua denaren iritzian ere bat egin dute.
Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta Euskararen Erakunde Publikoa-Office Public de la Langue Basque biltzen dituen Hiruko Ituna bezalako elkarlanerako sortutako akordio, egitura eta erakunde ezberdinei ahalik eta etekin handiena ateratzeko interesa ere berritu dute bi gobernuek. Jakina denez, euskara sustatzeko "Lankidetza Protokolo Orokorra" 2017ko uztailaren 3an sinatu zuten lehen aldiz hiru erakundeetako sailek, eremu jakin batzuetan mugaz gaindiko lankidetza garatzeko. 2021ean berritu zen (eta eranskin batekin eguneratu) 2025era arteko epea betetzeko.
Hain zuzen ere, mugaz gaindiko lankidetzaren ardatz horri ere heldu zaio bilkura honetan, hizkuntza-politika sustatzeko aukera gisa; izan ere, erakunde horiek ere garrantzitsutzat jotzen dute indarrak batzea (beste eragile batzuekin lotuta), Euroeskualdearen esparruan egin daitezkeen proiektuei begira, hala nola Poctefa (AFOMEF) proiektuei, zeinak, gainera, bi urte hauetan (2024-2026), Nafarroak zuzentzen baitu, eleaniztasuna sustatzea bere ardatz estrategikoetako bat baita.