Lehendakariak: "Autogobernu esparru berriak bi oinarri izan behar ditu: aldebikotasun eraginkorra eta berme sistema inpartziala"
Imanol Pradales Lehendakariak erakunde adierazpen bat plazaratu du gaur Gernikako Estatutua onartu zenetik 45 urte bete direla eta. Legebiltzarrean goizean egindako adierazpenetan, Pradalesek Estatutuaren balioa aldarrikatu du. "Autogobernuak eta Estatutuak ekarri dute ongizate maila handiagoa euskal gizartera. Horren aldeko apustua egin genuenok bide onetik joan ginen eta asmatu genuen".
Noalnahi ere, Lehendakariak gogorarazi duenez, "oraindik 29 eskuduntza falta dira Estatutua betetzeko eta hori osorik betetzea oso garrantzitsua da etorkizunean akordio bat aurrera ateratzeko. Hori dela eta, 2026 baino lehenago bete gabe dauden transferentziak Euskadira ekartzea eskatzen dugu. Badago akordio bat Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean eta horretan aurrera egiten saiatuko gara hurrengo hilabeteotan".
Pradalesek esan duenez, "Gernikako espirituak aukera ematen digu akordio berri bat garatzeko. Nire ustez, autogobernuan jauzi kualitatiboa eman behar dugu eta, horretarako, Gernikako Estatutuan dagoen xedapen gehiagarriak giltza dauka; gure eskubide historikoak bertan aipatzen dira eta horiek eguneratzeko aukera ere jasotzen duelako". Autogobernuaren Itun Berriak eduki beharreko bi oinarri aipatu ditu Lehendakariak: "Batetik, Estatuaren eta Euskadiren arteko aldebikotasun eraginkorra eta, bestetik, berme sistema bat non inpartzialtasuna garatuko dugun eta konpetentziak ez diren egongo etengabe interpretazioen menpe".
AUTOGOBERNU BERRIRAKO ESPIRITUA ETA ITUNA
Imanol Pradales Gil. Lehendakaria
2024-10-25
1979ko urriaren 25ean Gernikako Estatutua onartu zen. Jauzi kualitatiboa izan zen diktaduratik demokraziara, zentralismotik Autogobernura. Espiritu berari eutsiz, itun politiko berria lortzeko aukera dugu orain, euskal autogobernua zabaldu eta hobetzeko.
Estatutuari esker, berriz ere, Euskadi instituzionalizatzeari ekin zitzaion; izan ere, kolpe militarrak eta gerra zibilak instituzionalizazioa zapuztu egin zuten; diktadurak, ukatu. Estatutuari esker, aro politiko berria ireki zen, nahiz eta, batzuek orduan aurka egin eta bere sorrera eta garapena oztopatu zuten. Orain, lortutakoari etekina ateratzen diote eta Estatutuaren erakundeetan aktiboki parte hartzen dute.
Estatutuaren lorpena itun politiko hirukoitz baten fruitua da. Lehenengo eta behin, askotariko pentsaera ideologiko eta identitate-sentimenduak zeuzkaten euskal herritarren arteko Ituna izan zen, herritar horiek testuan elkargune bat aurkitu eta Erkidegoa eratzea adostu zuten. Bigarrenik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoen arteko Ituna izan zen, Itun honen bitartez Lurralde horiek erakunde komun batzuk eraikitzea onartu zuten, hori bai, bakoitzaren berezitasunak ukatu eta galdu gabe, eta Nafarroako Lurralde Historikoari ere Estatutuan sartzeko eskubidea onartuta, hango herritarrek hala erabakiz gero. Hirugarrenik, Estatuarekin adostutako Ituna izan zen, Eskubide Historikoak berariaz gordeko zirela onartu eta lortutako akordioa errespetatu eta betetzeko konpromisoa hartu zen.
Dagoeneko 45 urte igaro dira. Denbora tarte horrek eskaintzen duen ikuspegiarekin, eztabaidaezina da Euskadiren historian salto kualitatiboa eman dela. Argi geratu da Gernikako Estatutua −proposatu eta eskainitako ikuspuntua− tresna baliagarria dela, gure identitate ikurrak zaindu eta ereiteko eta gure bizi-kalitatea eta pertsona guztien ongizatea hobetzeko berezko politikak garatzeko. Bere gabezia eta hutsuneak gorabehera, Estatutuari esker, aurretik zegoena baino gizarte aberatsagoa, justuagoa eta orekatuagoa eraiki dugu.
Euskadi hau 1979ko hura baino askoz hobea da. Autogobernua, euskal identitatea eta ongizatea dira hirukiaren hiru erpinak eta, ezinbestean, elkarri lotuta behar dute.
45 urte igaro ondoren, orain, gure Autogobernurako beste jauzi kualitatibo bat begiztatzen da. Estatutuaren bidea hartzea erabaki zuen gizarte horren aldean, gaur egungo euskal gizartea oso bestelakoa da, etengabe sortzen ari diren premia eta erronka berriak dauzkagu aurrean.
Euskadi Europaren barruan dago, terrorismoaren gaitza eta traba atzean utzita, orain, erronka globalek gehiago baldintzatzen gaituzte. Aurreko prozesuak zailtasunak ditu oraindik, eta, horregatik ere bada beharrezkoa beste urrats bat ematea; geratzen diren eskumenak eskualdatzeko prozesuak eragozpen handiak baititu eta urte hauetan itundu ditugun eskumenetako batzuk higatu egin baitira.
Orduan ere, jauzi kualitatibo hau emateko bidea aurreikusi zen, Gernikako Estatutuan bertan, hain justu ere, Xedapen Gehigarriaren ariman eta hitzetan: “Estatuto honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arauera gaurkotu daitezkeelarik”.
Gaur ezinbestekoa da duela 45 urte adostutako Itun politiko hura eguneratzea, eta gure erakundeak eta demokrazia bera indartzea. Horretarako, hiru eremutan aurrera egiten uzten digun markoa dugu eskura. Lehenengo eta behin, 1979an adostutako transferentzia-prozesua amaitu behar dugu. Ez da erraza beste Itun baterantz aurrera egitea, aurretik adostutakoa betetzen ez bada. Geratzen diren 29 eskumen horiek negoziatu eta eskualdatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak hartutako konpromisoa daukagu. Tartean, pisu handiko gaiak daude; esaterako, portuak, aireportuak, gizarte segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa −zeinak aparteko zeresana baitu enpleguaren politika pasiboan− itsas-salbamendua, kostaldearen kudeaketa edo migrazioa.
Bigarrenik, denborarekin aldatu diren eskumenak identifikatzea eta zuzentzea dagokigu, izan ere, era bateko eta besteko mekanismo ugarik eskumen horiek baldintzatu edo aldatu egin dituzte. Gure konpromiso partekatua da tresna politiko, juridiko eta instituzionalak erabiltzea, lortutako Autogobernua defendatu eta babesteko.
Hirugarrenik, gaitasun eta eskumen berriak adostu behar ditugu, horrela, gure Herriaren nortasuna gorde eta ereiteko, Euskadiren kanpoko proiekzioan aurrera egin eta Europar Batasuneko instituzioetan zuzenean parte hartzeko eta aberastasuna, ongizatea eta kohesio soziala hobetzen jarraitzeko.
Azken finean, tresna berrituak behar ditugu, gizarte orekatuago eta justuago bat eraikitzeko bidean aurrera egiten jarraitu ahal izateko, betiere aberastasunaren banaketa bidezkoa, zerbitzu publikoen jasangarritasuna, gazteei aukerak eskaintzea eta premia gehien duten pertsonen zaintza bermatuta.
Gaurkoa egun aproposa da, Gernikako Estatutua bere osotasunean irakurtzeko. Subjektua −alegia, Euskal Herria− definitzen duen Artikulutik hasi eta dagozkigun eta hurrengo urtea amaitu aurretik Espainiako Gobernuak negoziatzea eta adostea onartu dituen eskumen horiek guztiak biltzen dituzten artikulu horietatik guztietatik igarota.
Demokraziarekin eta Euskadirentzako etorkizun politiko berri batekin daukagun konpromisoari eutsiko diogu, eta jauzi kualitatibo bat eragingo dugu, zeina adosten dugun borondate demokratikoaren isla izango baita, horrela, 1979an lortutako adostasun hura zabaltzeko.
Gernikako Estatutuaren Xedapen Gehigarriak Euskal Herriaren Eskubide Historikoak eguneratzeko bidea eskaintzen digu, gure Autogobernua berritu eta hobetuko duen Estatutu Itun Berri baterantz aurrera egiteko; betiere, aldebikotasun eraginkorra eskainiko duen eta berme-sistema inpartziala finkatuko duen Estatutu Itun berri baterantz.
Gure aurrekoei zor diegu, gaur egun Euskadin bizi garenon hobe-beharrez da, eta batik bat, gure ondoren etorriko direnengatik egin behar dugu.