Josu Bilbao: “Kosta-arloko eskumenen transferentziak aukera emango digu are gehiago aurrera egiteko euskal itsasertza klima-aldaketara egokitzeko bidean”
- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak Uhinak klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresuaren irekiera-ekitaldian parte hartu du gaur goizean
- Josu Bilbao sailburuordeak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza alerta goiztiarreko sistemetan eta natura oinarri duten 90 soluzioren baino gehiagoren aplikazioan egiten ari den lana
Josu Bilbao Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordeak Uhinak klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresuaren irekiera-ekitaldian parte hartu du gaur goizean, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendariarekin eta Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusiarekin batera. Kongresuak, urriaren 23an eta 24an, 150 aditu bilduko ditu Ficoban (Irun), arlo horretako jarduketak, soluzioak eta esperientziak parteka ditzaten. Bilbao sailburuordeak, bere hitzaldian, nabarmendu duenez, “kosta-arloko eskumenen transferentziak aukera emango digu are gehiago aurrera egiteko euskal itsasertza klima-aldaketara egokitzeko bidean, baita erresilienteago egiteko ere. Eusko Jaurlaritzak ahalmen handiagoa izan nahi du gure itsasertzean”.
“Gaur egun, gure itsas habitaten, paduren eta itsas belardien karbonoa, karbono urdin deritzana, xurgatzeko ahalmena ere aztertzen ari gara, eta Uhinak kongresu honen barruan aurkeztuko dugu”, adierazi du Josu Bilbao sailburuordeak.
Bilbao sailburuordeak, halaber, Eusko Jaurlaritzaren bultzadari esker dagoeneko egiten ari den lana nabarmendu du, eta, zehazki, klima-aldaketaren ondorioz aurreikusten diren inpaktuei aurre egiteko alerta goiztiarreko sistemak aipatu ditu, “teknologia erabili behar dugu erabakiak lehenago har daitezen” nabarmenduz.
Sailburuak lurraldean jada aplikatzen ari diren naturan oinarritutako soluzioak ere aipatu ditu. Azken urteotan, administrazioaren zenbait mailatan sustatutako 90 proiektu gauzatu dira. “Inbertsioak egiten ari gara lehengoratze ekologikoan eta biodibertsitatearen defentsan: hiri-espazioen birnaturalizazioa eta habitaten lehengoratzea sustatzen ari gara. Arlo horretan erreferenteak gara Europan”.
Bestalde, Bilbao sailburuordeak plastikoek eta mikroplastikoek eragindako kutsadura eta kutsadura horrek habitatei eta ekosistemei nola eragiten dien ere aipatu du. Ildo horretan, eta Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Eusko Legebiltzarrean duela gutxi iragarri zuen moduan, “Euskadin uraren, airearen eta lurzoruaren zero kutsadurari buruzko programa aitzindaria garatuko dugu, kutsadura murrizte aldera eta pertsonen osasuna eta ingurumena babeste aldera”.
Sailburuordeak aditzera eman duenez, “Eusko Jaurlaritza ekintzak egiten ari da gure itsasertzeko edo kostaldeko lehentasun-eremuetan”, Life Urban Klima 2050 proiektuari erreferentzia eginez. Gainera, adibide gisa jarri ditu Txingudiko badian sustatzen ari diren obrak —Hondarribia, Irun eta Hendaia lotuko dituen Pier Lotiko bizikleta eta oinezkoen ibilbidean uda honetan bertan egindako obra, eta Ekoetxea Txingudiko egokitzeko jarduketak— eta Txingudiko San Lorentzo aintzira handitzeko lanak ahalik eta lasterren hasteko nahia adierazi du.
Uhinak kongresua
Uhinak Ficobak eta AZTI zentro teknologikoak sustatutako klima-aldaketari eta itsasertzari buruzko mugaz gaindiko kongresua da. Kongresu horrek erakunde askoren babesa du, hala nola Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailarena, Ihobe haren sozietate publikoaren bidez eta Life Urban Klima 2050 proiektuaren bidez; Gipuzkoako Foru Aldundiarena (Jasangarritasun Departamentuaren bidez); Communauté d’agglomération Pays Basque erakundearena; eta Nouvelle Aquitaine eskualdearena.