Euskadi Bono Denda kanpainaren V. Edizioak 3,5 milioi euroko ekarpena egingo du Euskadiko txikizkako merkataritzaren salmentak indartzeko
Gaur argitaratu da Euskadiko txikizkako merkataritza sustatzeko Euskadi Bono Denda programaren edizio berria. Bosgarren deialdi honetara 3,5 milioi euro bideratuko dira. Helburu nagusia hiri eta herrietako merkataritza-jarduerarekin lotura zuzena duten merkataritzako eta zerbitzuetako establezimenduetan kontsumoa sustatzea da.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak sustatutako programa honek atxikitako establezimenduetan ondasunak kontsumitzeko dirulaguntzak ematen ditu deskontu-bonuen bidez. Bonu bakoitzak 10 euroko balioa du, eta 30 euro edo gehiagoko erosketetan aplikatu ahal izango da eta kontsumitzaileek gehienez ere hiru bonu erabili ahal izango dituzte.
Ekimen honetan parte hartu ahal izango dute merkataritzaren arloko autonomoek, mikroenpresek eta enpresa txikiek kudeatutako saltoki eta zerbitzuek. Programak barne hartzen dituen sektoreen artean daude ehungintza, oinetakoak, drogeria eta burdindegia, liburu-establezimenduak, papergintza, etxeko-ekipamendua eta dekoraziokoa. Horrez gainera, herrietako merkataritza-jarduerekin erlazionatutako zerbitzuak ere sartzen dira, hala nola, ileapaindegiak eta apaindegiak, garbitegiak, tindategiak, argazki-zerbitzuak eta, markogintza-zerbitzuak.
Establezimenduak programara atxikitzeko epea urriaren 24tik 30era egongo da zabalik. Ondoren, eskabideak baliozkotzeko prozesua egingo da, eta prozesu hori azaroaren 12an amaituko da. Herritarrek 2024ko azaroaren 15etik abenduaren 5era bitartean erabili ahal izango dituzte bonuak.
-
2024-11-15
Arratsalde on,
Gasteizera etorri naiz nire bonoak gastatzera, eta zelako sorpresa hartu dudan " Confituras Goya Dato kalean dagoenera joan naiz eta esan didate gaurko bonoak gastatu direla eta bihar gehiago. Nork ulertzen du hau? Bonoak gaur hasi dira eta bezeroak joan ahala agortzen joaten dira eta leku askotan goizeko 15 minututan agortu dira baina hemen hurrengo egunera arte gorde dituzte. Agian beraien betiko bezeroak gaur ezin zuten joan eta beraientzako? Ulergaitza egiten zait egoera surrealista hau. Mesedez, honen inguruan erantzun bat jasotzea gustatuko litzaidake. 140 kilometrotik gora egin ditut eta alferrik.