NIK Patrika Digitala
Berriak Lehendakaritza
qrcode

Gastronomiak gizartean eraldaketa positiboa eragiteko duen gaitasuna nabarmendu du Lehendakariak

2024-10-23
  • Imanol Pradalesek ‘Basque Culinary World Prize’ saria eman dio Andrés Torres sukaldariari, gaur arratsaldean BCCn egindako ekitaldian, Donostian

Imanol Pradales Lehendakariak Basque Culinary World Prize 2024 sariaren 9. edizioan parte hartu du, gaur arratsaldean, BCCren egoitzan, Donostian. Pradalesek edizio honetako irabazle Andrés Torres sukaldariari eman dio saria. Torresek saria jaso du Global Humanitaria GKEaren bidez 10 herrialdetako elikagaien segurtasunaren alde egindako lanagatik eta gastronomiaren bidez mundu osoko zenbait krisi-egoeratan egindako esku-hartzeengatik. Era berean, praktika jasangarrietan oinarritutako Casanova jatetxea sortzeagatik ere saritu dute.

Lehendakariak irabazlea zoriondu du, eta gastronomiarekiko duen begirada berezia nabarmendu du: “Begirada pertsonal eta profesionala du, hitz batean laburbiltzen dena: konpromisoa”, Pradalesen hitzetan. “Euskaraz sukalde lana terminoa erabiltzen dugu. Esamolde horrek adierazten du zerbait lortzeko aldez aurretik egin beharreko ahalegin eta konpromiso guztia. Gaur sari honekin balioan jartzen dugun ahalegin eta konpromiso isil hori sinbolizatzen duzu”, esan dio Lehendakariak irabazleari.

Pradalesek Andrés Torresek erakutsitako konpromisoa lehen sektoreak gure gizartearekin duenarekin parekatu du. “Andres Torres konpromiso horren eredu argia da: gehien behar dutenekin, elikaduraren segurtasunarekin, bertako produktuekin, baita jasangarritasunarekin ere”.

Tokian-tokian jardutea, ikuspegi globalarekin

Gastronomiak ekimen eraldatzaileak bultzatzeko duen gaitasuna nabarmendu du Pradalesek, ezaugarri hori bera aitortzen duelako, hain zuzen ere, sari horrek. Basque Culinary World Prize-rekin “tokiko eremuan, zero kilometroko gastronomian, ikuspegi global batekin jarduten duten pertsonen balioa goraipatu nahi dugu. Berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikagaien industria, garapen sozial eta ekonomikoan ekimen eraldatzaileak bultzatzen dituzten pertsonak”, adierazi du Lehendakariak.

BCCren konpromisoa hezkuntzarekin, integrazioarekin eta talentuarekin

Imanol Pradalesek Basque Culinary World Prize-ren aurtengo edizioan plazaratu nahi den mezu globala azpimarratu du: “Elikadura hezkuntza, gizarteratzea eta talentuaren dibertsifikazioarekiko konpromisoa. Gastronomiak gure bizitza sozial eta komunitarioan duen garrantzia erakusten duen mezua. Gure herrian eta planeta osoan”.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak