Espainiako Ekoturismo Elkarteak Euskadi aukeratu du VII. Kongresuaren egoitza izateko
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak Ekoturismoaren VII. Kongresu Nazionalaren inaugurazioan esku hartu du. Sektorearentzat funtsezkoa den ekitaldi honetan naturgune babestuetako ordezkariak eta hainbat autonomia-erkidegotako erakundeetako kideak elkartu dira. Espainiako Ekoturismo Elkarteak antolatutako kongresuak Euskadi aukeratu du egoitza gisa, modu horretan turismo jasangarriaren eta ekoturismoaren alde egindako apustua aitortuz eta Euskadi erreferente gisa posizionatuz.
Kongresuaren bi egunetan Espainian ekoturismoa garatzeko oinarrizkoak diren gaiak jorratuko dira, eta Extremadura, Gaztela eta Leon eta Aragoiko beste hiru geoparke gonbidaturen ordezkariek ere parte hartuko dute. Inaugurazio-ekitaldian, topaketa horiek eragileen eta administrazioen arteko eztabaidarako eta lankidetzarako gune gisa duten garrantzia nabarmendu da, naturako turismoa bultzatzen jarraitzeko helburuarekin.
Euskal Kostaldeko Geoparkea, kongresuaren anfitrioia, erreferentziako helmuga ekoturistikoaren adibide gisa nabarmendu da. Europako eta Munduko Geoparkeen Sarean integratuta dago 2010etik, UNESCOren Munduko Geoparkea izendatu zuten 2015ean eta aparteko balioa duen ondare geologikoaren ikurra da. Era berean, Geoparkea Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren parte da. Turismoaren Munduko Erakundeak abalatutako konpromiso aitzindari horri 800 enpresa baino gehiago atxiki zaizkio.
Bere hitzaldian, sailburuak azpimarratu du Europako Funtsek eta Helmugako Turismoaren Jasangarritasunerako Planek duten garrantzia Euskadi ekoturismoaren helmuga gisa finkatzeko. Funts horiekin sustatutako proiektuetako bi, 7 milioi eurotik gorako inbertsioarekin, Geoparkera bideratzen dira, turismo jasangarria bultzatuko duten kalitate handiko produktuak eta zerbitzuak garatzera bideratuta.
Turismo arduratsu eta jasangarria eta ekoturismoa sustatzeko ekimenen artean, sailburuak Espainia Berdeko Ekoturismoko Korridorearen proiektua, Espainiako lehenengo Ekotouring ibilbidea izango dena, azpimarratu du. “Espainia Berdea Kantauriko 4 autonomia-erkidegoek, Euskadik, Kantabriak, Asturiasek eta Galiziak, osatzen dute, eta bere helburua da gure lurraldeen nazioarteko sustapena indartzea ekintza bateratuen bidez”, adierazi du. Gainera, sailburuak erantsi duenez, “2025. urtearen hasierarako, Euskadin bertako ibilbide ekoturista bat prestatzen ari gara Grand Tourren oinarrituta”.