Euskadiko Adimen Artifizialaren lehen diagnostikoak nazioarteko AAren arloan erreferentzia bilakatzeko duen potentziala egiaztatu du
- Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak (BAIC) Euskadiko AAren lehen diagnostikoa aurkeztu du, euskal entitateen % 12tik gorak dagoeneko teknologia hori erabiltzen duela egiaztatuz.
- Enpleguari dagokionez, 7.500 profesional baino gehiagok (edo biztanleria aktiboaren % 0,7k) gutxienez Euskadiko AAren arloan lan egiten dute.
Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroak (BAIC) Euskadiko Adimen Artifizialaren egoeraren Diagnostikoa aurkeztu du SPRIren egoitzan, inoiz egin den lehena. Txostenak herrialde honetako AAren ekosistemaren egungo egoera eta etorkizunerako potentziala aztertu du eta egiaztatu ahal izan duenez, euskal enpresen % 12,2k dagoeneko teknologia hori erabiltzen du.
Aurkezpenean ondokoek hartu dute parte: Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburu eta BAIC-eko presidente Mikel Jauregik; Mondragon Korporazioko Makina-erremintaren eta Automatizazio Industrialaren dibisioetako zuzendari nagusi eta BAIC-eko presidenteorde Nerea Arangurenek eta BAIC-eko zuzendari nagusi Laura Marrónek.
Bere hitzaldian, Jauregi sailburuak nabarmendu du “gaur aurkezten dugun diagnostikoak AAk Euskal Autonomia Erkidegoan izan duen bilakaeraren irudi xehea eta zorrotza eskaintzen digula, teknologia-enpresa, heziketa-entitate, zientzia-elkarte eta erakunde publiko ugari biltzen dituen ekosistema publiko-pribatu sendo eta gorakor bat egonkortuz. Diagnostiko hau aurrerapauso berri bat da Eusko Jaurlaritzatik Euskadiko Adimen Artifizialaren Ekintza Plana abian jartzeko”.
“Sinetsita gaude AA euskal industriak nazioartean duen lehiakortasuna areagotzeko abagune bat dela eta inoiz ez bezalako industria-iraultza honetan protagonista izateko lan egingo dugu. Industria gehiago eta industria hobea aldarrikatzen dugunean, AA bezalako erremintak gure ekonomia-ehunean txertatzeaz ari gara, Europako industrializazio berrian lider izateko”, gaineratu du Jauregik.
Txostenak dio AAren euskal ekosistemak 771 eragile baino gehiago biltzen dituela: hornitzaileak, AA erabiltzen duten enpresak, berriki sorturiko enpresak edo entitate publikoak.
Euskadiko AAren egoerari buruzko Diagnostikoaren ondorio nagusiak.
Txostenak Euskadiko AAren egoerari buruzko datu esanguratsuak jasotzen ditu. Nabarmenenak honako hauek dira:
- AAren ezarpena: Oraingoz, Euskal Autonomia Erkidegoko entitateen % 12,2k AAko teknologiak erabiltzen ditu. Horrenbestez, hazteko aukera handia dago. AAren erabilerari dagokionez EAEn identifikatu eta zehaztu diren kasuen aniztasuna (400 kasu baino gehiago erregistratu dira), ordea, arlo ezberdinetan ematen den AAko aplikazioen esplorazio aktibo eta dokumentatu baten adierazle da. Jarduera profesional, zientifiko eta teknikoen sektorean, esaterako, portzentaje hori % 25eraino iristen da eta informazioaren eta komunikazioen sektorean, berriz, % 24raino.
- Inpaktu ekonomikoa: AAko soluzioak eskaintzen dituzten enpresen fakturazioa 105 milioi eurokoa izan zen. Bestalde, enpresa erabiltzaileek % 9ko gorakada izan dute beren diru-sarreretan, batez beste, beren jardueran AAko teknologiak txertatu ostean.
- EnpleguaHorien artean, % 17k ikerketan dihardu eta beste % 83ak enpresa-arloan lan egiten du.
- Heziketa: Araututako 35 programa baino gehiago daude Euskal Autonomia Erkidegoan eta 34.000 irakaskuntza-ordu baino gehiago batzen dituzte guztien artean. Horrek esan nahi du AAn espezializatutako 900ndik gora tituludun berri ditugula urtez urte. Aurrekoez gain, prestakuntza ez-arautuko beste programa asko ere badaude.
- Azpiegitura teknologikoa: Euskal Autonomia Erkidegoan Errendimendu Handiko 6 Konputazio Zentro (HPC) daude eta 2026rako beste superordenagailu bat aurreikusten da, AAko proiektuen buru izateko Euskadik duen gaitasuna indartuko duena.
Euskadiko AAko ekosisteman parte hartzeko deialdia
Euskadiko AAren egoeraren diagnostikoa, Euskadiko aurrerapena neurtzeko eta beste herrialde batzuetako horrekin alderatzeko funtsezkoa erreminta izateaz gain, bultzatzaile ezin hobea ere bada jardunbide egokiak ikusgai egin eta zabaltzeko. BAIC zentrotik lankidetza estua bultzatzen da enpresa, erakunde, unibertsitate eta teknologia-zentroen artean, Euskadi nazioarteko erreferentzia bilakatzeko Adimen Artifizialaren arloan.
Nerea Arangurenen hitzetan, “ekosistema gisa elkarrekin lan eginaz erronkak abagune bilaka ditzakegu, eta ideiak gure industria- eta teknologia-lidergoa bultzatuko duten errealitate bihurtu. BAIC zentrotik, hazkunde ekonomikoarekin eta jasangarritasunarekin konprometituta gaude, bai eta konfiantzazkoa eta arduratsua izango den, etika eta legearen balioei jarraituko dien AA baten garapenarekin ere".
“Ekosistema hau guztion parte-hartzeari esker sostengatzen da”, nabarmendu du Laura Marrónek. “Eragile bakoitzaren parte-hartzea erabakigarria da; berritasun bakoitzak, AAren garapen eta aplikazio berri bakoitzak gure industria sendotzen du eta gure erresilientzia eta egokitzeko gaitasuna areagotzen du. Horregatik, ikuspegi hori partekatzen duten pertsona eta entitate guztiei dei egiten diegu, prozesu horren eragile aktibo bilaka daitezen. Dela AA erabiltzen hasiberriak izan, dela zailduak izan, zuen ekarpena funtsezkoa izango da eraldaketa-une hau bizkortzeko edo indartzeko”.
BAIC zentroak 16 entitate sustatzaile ditu egun, Eusko Jaurlaritzaren lidergo instituzionalaren pean, eta bazkide diren beste 44 entitate, bai eta beste entitate laguntzaile batzuk ere. Zentroa garapenarekin eta lehiakortasunarekin konprometituta dauden aliatu berriak hartzera irekita dago noski eta, horrenbestez, AA sustatzeko eta hedatzeko esfortzura gehitzeko deia egin nahi die beste eragile eta enpresa guztiei, Euskal Autonomia Erkidegorako etorkizun oparo bat bermatzeko.
BAIC-i buruz
BAIC, Basque Artificial Intelligence Center delakoa 2021eko uztailean sortu zen, erakunde ezberdin ugari biltzen dituen talde sustatzaile batek bultzatuta: enpresa handiak, berriki sortutako enpresak, IKTen hornitzaileak, ezaguera-eragileak eta Eusko Jaurlaritza bera. Zentroaren xedea da adimen artifizialaren ezarpena bizkortzea euskal industriaren barruan, bai eta AAri loturiko kultura bat sustatzea eta garatzea ere.