Denis Itxaso eta Juan Carlos Abascalek Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak antolatutako XXIII. Euskal Hiria Kongresuan eta III. geoEuskadi-JIIDE Kongresuan parte hartuko dute
- Bi ekitaldiak Vitoria-Gasteizko Europa Biltzar Jauregian egingo dira azaroaren 13, 14 eta 15ean.
- Euskal Hiria Kongresuak –Euskadin hiriei eta lurraldeari buruzko eztabaida sustatzeko foroa– eta III. geoEuskadi-JIIDE Kongresuak Giza Kokalekuetarako Nazio Batuen Programaren (NBE-Habitat) laguntza jaso dute.
- Itxaso eta Abascalen aburuz, «aukera paregabea da esperientziak partekatzeko, ezagutza sortzeko eta Euskadin hiri-etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterantz egiteko».
Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak eta Juan Carlos Abascal Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailburuordeak XXIII. Euskal Hiria Kongresuan eta III. geoEuskadi-JIIDE Kongresuan parte hartuko dute. Bi kongresuok Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak antolatu ditu eta Vitoria-Gasteizko Europa Jauregian egingo dira azaroaren 13, 14 eta 15ean. «Guretzat pozgarria da bi ekitaldi horietan egotea, esperientziak partekatzeko, ezagutza sortzeko eta Euskadin hiri-etorkizun jasangarriago eta bidezkoago baterantz egiteko aukera paregabea direlako» adierazi dute biek. Itxasok emango dio hasiera ekitaldiari azaroaren 13an, eta berarekin batera egongo dira Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko alkatea, Emilio López Romero Informazio Geografikoko Zentro Nazionalaren zuzendaria eta Dyfed Aubrey NBE-Habitateko Europako Gaien Bulegoko burua. Bere aldetik, Abascalek emango dio amaiera azaroaren 14an Ana Beatriz Jordao NBE-Habitaten Espainiako Bulegoko arduradunarekin batera.
«Datutik lurraldera» izenburupean, XXIII. Euskal Hiria Kongresuak lurralde- eta hirigintza-plangintzako ehunka aditu eta profesional bilduko ditu, datuak lurralde- eta hiri-antolamenduan nola txertatzen diren eta informazioak plangintza-prozesuetan duen garrantziaren inguruan hausnartzeko. Hala, parte-hartzaileei gonbita egiten zaie lurralde- eta hiri-plangintzako prozesuetan sortzen diren gai, ikuspegi eta erronka berrien inguruan hausnartzeko, eskura dauden datu-kopuru handia (Big Data) eta hainbat helburutarako azterketa-tresnak gehituta.
Bere aldetik, III. geoEuskadi-JIIDE Kongresuak, «Datu geoespazialaren balioa» izenburupean, datuak eskuratzeko eta berrerabiltzeko joera teknologiko berriekin eta Lurra behatzeko eta irudikatzeko gaur egungo teknikekin lotutako gaiak izango ditu ardatz. Edizio honetan Datu Espazialen Azpiegituren Jardunaldi Iberikoekin (JIIDE) batera egingo da, informazio geografikoarekin lotutako jarduerak sektore guztietan baliatu, bultzatu eta sustatzeko. Datu geografikoen argitalpenarekin edo irisgarritasun normalizatuarekin lotutako gaiak landuko dira, bai eta datu horien ekoizpenarekin, prozesamenduarekin eta ustiapenarekin lotutakoak ere.
Antolatzaileek espero dute bi kongresuak ekitaldi berean egiteak diziplinarteko lankidetza sustatzea eta Euskadiko hiri-plangintzan eta -garapenean esku hartzen duten eragileen artean sinergiak sortzea. Sektore publiko zein pribatuetako adituen parte-hartzearen bidez, elkarrizketa aberastu eta egungo erronkei irtenbide integralak emango dira.
Izen-ematea zabalik
Bi kongresuak hasteko hilabete eskas falta denean, ireki da dagoeneko izena emateko epea. Sektoreko profesionalen, erakundeetako ordezkarien, akademikoen eta gure hiri eta lurraldeen bilakaeran interesa duten herritarren parte-hartze zabala espero da. Interesdunek izena eman ahal dute hemen: geoEuskadi-JIIDEren kasuan https://www.jiide.org/web/portal/inicio atarian, eta Euskal Hiria Kongresuaren kasuan https://www.euskadi.eus/euskalhiria/ atarian edo euskahiria@euskalhiria.eus helbidera mezua bidalita.
Bi kongresuen inguruko informazioa (hizlariak, panelak, mahai-inguruak, etab.) Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako alorreko webgune ofizialetan (https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/planificacion-territorial-agenda-urbana/) eta geoeuskadi.jiide.org webgunean kontsulta daiteke.