Gripearen txertaketa-kanpainaren hasieran % 3,7ko igoera izan da 2023ko kanpainarekin alderatuta
- Lehenengo astean, 105.469 dosi eman zaizkie, guztira,
arrisku-kolektiboei eta 60 urtetik gorakoei. - Horietatik, % 73,5ek jaso du aldi berean COVIDaren aurkako txertoa.
- Gripearen aurkako txertoa jaso duten 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurren kopurua iaz halako bi izan da
- Osakidetzak familiei dei egin die haurrak gripearen aurka babes ditzaten eta txertaketaren erritmo ona jarraitzeko hitzordua har dezaten
Osakidetzaren gripearen aurkako txertaketa-kanpaina joan den urriaren 7an hasi zen, eta, ordurik gripearen aurkako 105.469 txerto eman dira guztira. Horrek esan nahi du igoera txiki bat izan dela aurreko kanpainaren hasierarekin alderatuta, zehazki % 3,7koa.Osakidetzak nabarmendu nahi du urrian arrisku-taldeetako pertsonei eta 60 urtetik gorakoei lehentasuna emango zaiela, eta horregatik animatu nahi ditu pertsona horiek txertorako zita hartzera, osasun-zentrora deituz zein www.osakidetza.eus web-orriko Aurretiko Zita atalera sartuta.
Kolektibo horiei, gainera, Osakidetzak COVIDaren aurkako txertoa jasotzeko aukera ematen die, gripearen txertoarekin batera. Izan ere, immunizatu direnen % 73,5ek haien borondatez erabaki dute bi txertoak jasotzea (datu hori aurreko kanpainetako ehunekoaren oso antzekoa izan da). Zifratan adieraziz gero, horrek esan nahi du orain arte guztira 79.977 txerto eman direla SARS-CoV-2 birusaren aurka.
Kontuan izanik Osakidetzak haurren gripearen aurkako txertaketa duela jomuga nagusietako bat, nabarmentzekoa da kanpainaren lehen astean 1.965 dosi eman direla, 2023koa halako bi, epe berean. Hala ere, oraindik ere hobetzeko tarte handia dagoenez, Osakidetzak eskaera egin die 6 hilabete eta 5 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiei, haurrak gripearen aurrean babes ditzaten eta txertoa jartzeko zita har dezaten. Izan ere, atxikimendu handiagoa lortzeko, 2 eta 5 urte bitarteko haurrei sudurreko txertoa ematen diete, ziztadaren ordez.
Beraz, Osakidetzak herritarrei gogorarazi nahi die azaroaren 4ra arte
(data horretatik aurrera irekiko zaie txertaketa herritar guztiei) arrisku-taldeen immunizazioa lehenesten dela; hain zuzen ere, hauena:
- 60 urte edo gehiagoko pertsonak.
- Patologia kronikoren bat (biriketakoa, bihotzekoa, diabetesa...) duten pertsonak.
- Haurdun dauden emakumeak.
- Profesional sanitarioak, gizarte-zerbitzuetako langileak eta zaintzaileak.
- Adinekoen egoitzetan bizi direnak.
NOLA ESKATU ZITA?
- Arrisku-talde batekoa bazara, hartu zita Osakidetzaren web-orrian edo osasun-zentrora deituta. 80 urte edo gehiago dituzten pertsonei zuzenean deituko zaie.
- Arrisku-talde batekoa EZ bazara: itxaron azaroaren 4ra arte.
Egun horretatik aurrera zita eskatu ahal izango duzu gripearen aurkako txertoa jartzeko, web-orrian edo zure osasun-zentrora deituta.
Zita hartzerakoan nora jo esango dizute; gehienetan, Osakidetzako osasun-zentroetara bideratuko zaitue.
Txertoa jartzeaz gain, Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazten dute gripea eta COVIDa prebenitu daitezkeela zenbait neurri errespetatuz: eskuak garbitu, jende-pilaketak saihestu, espazio itxiak aireztatu eta, sintomak izanez gero, maskara erabili espazio itxietan.
ARNAS BIRUS SINZITIALAREN (VRS) AURKAKO IMMUNIZAZIOA
Bestalde, haurren artean, arnas-birus sintzitiala da beheko arnasbideetako infekzioen kausa nagusia, bronkiolitisaren eta pneumonien % 60 eta % 70 artean eragiten baitu. Osasun Sailak eta Osakidetzak, bigarren urtez, immunizazio-estrategia bat garatu dute Nirsevimab (Beyfortus) antigorputz monoklonalarekin.
Kanpaina honetan, dosia batez ere jaioberriei, 3 hilabetetik beherakoei, goiztiarrei eta gaixotasun kronikoren bat duten 2 urtetik beherako haurrei jarriko zaie, ospitaleratzeak % 50 baino gehiago murrizteko helburuarekin.
Orain arte, 3.809 dosi erregistratu dira Txertaketen Informazio Sisteman guztira; horietatik 2.568 dosi Beyfortus 50mg eta 1.241 dosi Beyfortus 100mg.