Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Buruntzaldeko industrialdeak 18 milioi inbertituko ditu 2014rako aurreikusita dagoen poligono berri batean

2012.eko martxoak 19

 

Buruntzaldeko industrialdeak 18 milioi inbertituko ditu  2014rako aurreikusita dagoen poligono berri batean

  • Dagoeneko bi poligono martxan jarriak dituen sozietate publiko horrek 25 urte bete ditu enpresak sustatzeko lanetan, 16 milioitik gora inbertitu dituelarik jarduera horretan.
  • Industrialde gipuzkoarrak kudeatzen dituen bi poligonoetan 65 enpresa eta 486 langile ari dira lanean.

 

Buruntzaldeko Industrialdea, S.A.k, Gipuzkoako eskualde horretako industrialdeak, 25 urte bete zituen atzo enpresa sustapeneko lan arrakastatsuan. Sortu zenetik, sozietateak 67.206 m²-ko azalera gordina kudeatu du eta eremu horretan enpresarien esku jarri ditu bi poligono --Ibarluze eta Ibaiondo--, guztira 29.544 m² pabilioi eta 1.653 m² bulego dituztenak. 2011ra arte egindako inbertsioa 16 milioi eurotik gorakoa izan da. Guztira 65 enpresa ari dira lanean Hernaniko lurretan kokatutako bi poligono horietan, zuzeneko enplegua emanez 486 langileri.

 

2010etik aurrera  bere izen soziala aldatu zuen, eskualde mailara zabaltzeko bere jarduera esparrua. Urte horretatik aurrera, SPRILUR, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hernaniko Udalaz gain, bazkide bihurtu ziren Andoain, Astigarraga, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalak. Une honetan, Buruntzaldeko Industrialdea, S.A. SPRI Taldearen Azpiegitura Arloan sartuta dago (Industria Sailaren  sozietate publikoen multzo nagusian). Egitura horren barruan bilduta daude Euskadiko Teknologi Parkeen Sarea, SPRILUR eta beste 17 Industrialdeak, azken hauek Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe.

 

1987ko martxoan Hernaniko Industrialdea sortu zen, partaide zirela Eusko Jaurlaritza  (SPRIren bitartez), Gipuzkoako Foru Aldundia eta Hernaniko Udala. Industri tradizio sendoko eskualde horretan hasi zen lanean Hernaniko Industrialdea S.A, enpresei  beren jarduera ekonomikoa burutzeko behar zituzten lur eta azpiegiturak hornitzeko. Enpresa ekimen berriak bultzatzea eta enplegua suspertzea dira helburu nagusiak, erabateko lehentasuna dutenak,  Buruntzaldeko eskualdean enpresa sare egonkorra lortzeko.

 

2000. urtean sortutako Ibaiondo poligonoarekin berreskuratu egin zen ordura arte Acemor Fundizioak okupatzen zuen eremua. Kokaleku horretan deskontaminazio lan handiak egin ziren, ingurune kudeaketarako Ihobe sozietate publikoarekin lankidetzan. Euskadin sekula egindako aurreneko deskontaminazio proiektuetako bat izan zen.

 

BESTE POLIGONO BAT GALARRETAN

 

Une honetan Buruntzaldeko Industrialdea S.A.k poligono berri bat sortu behar du. Proiektu hori +Euskadi 2009 planaren barruan sartuta eta onartuta dago, eta Estubegi-Galarreta eremuan joango da. Poligono berriak 59.478 m²-ko azalera gordina izango du. Galarretako Teknologi Parkearen zabalkuntza proiektuarekin paraleloan, Buruntzaldeko Industrialdeak lur-sail bat erosi du, erantzuna emateko Galarretan kokatuko diren enpresa traktoreek industria sektorean sortuko dituzten beharrizan berriei.

 

Proiektu honetan 18 milioi euro inguru inbertituko dira, bi fasetan. Lehen fasean  pabilioiak egingo dira 8.000 m²-tan eta bigarren fasean 7.000 m²-tan. Lehen faseko urbanizazio lanak aurtengo bigarren seihilekoan egitea aurreikusten da, 2014. urte hondarrean bukatzeko.

 

Une honetan Galarretako eskaria eskaintza baino handiagoa da, Galarretara joan nahi duten enpresak eskain daitekeen lur azalera baino gehiago baitira. Proiektuan Unión Farmaceútica Guipuzcoana-k eta Altuna y Uria eraikuntza enpresak parte hartzen dute lankidetza publiko-pribatuko eredu bati jarraituz.

 

Proiektu hau burutu ondoren sozietate honek asmoa du eskualdean egin duen lanaren azterketa integral bat  egiteko, aurrerantzean abiarazi daitezkeen garapen proiektuak zehazteko eta, hartara, egoki erantzun ahal izateko eskualdeko industri sareak orain eta gero izan ditzakeen beharrizan eta eskariei.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan