Amaia Barredok landa eremuek dituzten erronkak aztertu ditu Euromontanan: belaunaldien arteko erreleboa, zerbitzuak, digitalizazioa eta bizi kalitatea
- Amaia Barredo´k belaunaldien arteko erreleboa sustatzea eta gazteak nekazaritza eta abeltzaintzako sektorera erakartzea proposatu die Europako mendi eskualdeetako homologoei
- Euromontanaren Europako Konbentzioa, Puigcerdà udalerrian.
- Mahai-inguruan parte hartu dute Francés Xavier Boya, Herbert Dorfmann, Jean-Louis Cazaboun eta Eva Fiterrek.
- Euskadik Aragoiri pasa dio Europako Mendiko Herrialdeen Elkarteko presidentetza.
- Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua: «Etorkizunean, ingurumenaren aldetik jasangarriak ez diren jarduerak ez dira existituko».
Puigcerdà - Girona 2024 10 16
Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Gironako Pirinioetako Puigcerdà udalerrian egiten ari diren Euromontanaren Konbentzioan nabarmendu duenez, «belaunaldi-erreleboa lehentasunezko gaia da eta, hortaz, Euskadik ahalegin berezia egingo du gazteak nekazaritzara eta abeltzaintzara erakartzeko eta bertan mantentzeko; dei hori Europar Batasuneko mendi-eskualde guztietara zabaldu nahiko nuke».
Trantsizio-testuinguru batean mendiko ekonomiek dituzten erronkei buruzko mahai-inguruan parte hartu du Amaia Barredok. Bertan parte hartu dute ere Espainiako Gobernuko, Europako Parlamentuko eta Okzitania eta Katalunia eskualdeetako goi-kargu batzuek. Urriaren 18ra arte, Puigcerdà udalerrian bi urtez behingo Kongresua egiten ari dira, eta Europa osoko adituak bertaratu dira. Gaur goizeko bileran Europako erakundeetako, ministerioetako, estatu azpiko gobernuetako, tokiko enpresetako, unibertsitateetako eta garapen-agentzietako kideek parte hartu dute.
«Nekazaritza-ustiategi bat martxan jartzeko behar diren inbertsioetarako aholkularitza eta laguntza bezalako neurrien bidez Euskadin dagoen babesa mantentzeaz gain –hor dugu Gaztenek programaren adibidea–, nekazari gazteak lehen sektorean sartzeko mekanismo bat sortzea proposatzen dugu, fiskalitatea bezalako hainbat laguntzaren bidez» zehaztu du Barredok.
Barredo sailburuak haren proposamena azaldu du: «Ustiategien titulartasuna aldatzeko pizgarriak eta bigarren zutabeko esku-hartzeek finantza-pisu handiagoa izatea» eta, horretarako, eskatu du «funtsen banaketa bidezkoagoa egitea, autonomia bakoitzean LGENF funtsen egikaritze-maila lehenetsita. Era berean, erreleborik gabeko ustiategien titularren aurre-erretiroak finantzatzeko esku-hartze bat aztertzen ari gara».
Lehen sektorea
«Eusko Jaurlaritzak garrantzi berezia ematen dio emakumeek landa-eremuan, bereziki lehen sektorean, duten eginkizunari. Euskadin, landa-eremuetatik hurbil dauden industria-enpleguek gizonezkoen eskulan asko erakarri du industriara eta zerbitzuetara, eta ustiategiak de facto utzi ditu emakumeen esku, askotan haiek titularrak izan gabe», azaldu du Barredok.
Hala, Euskadiko Emakume Nekazarien Estatutua aipatu du; horren helburua da nekazaritza-sektorean emakumeen eta gizonen berdintasun-printzipioa betetzea, eta emakume nekazariek beren eskubideak egiazki erabiltzen dituztela bermatzea. «Horien artean, titulartasun partekatuko modalitatea sakon aztertu dugu, eta hori hedatu dugu, sektoreko langileek horren berri izan dezaten» zehaztu die mahai-inguruko parte-hartzaileei.
Oraingo honetan, Euromontanaren ardatza da mendiko ekonomientzako etorkizuna diseinatzea, 2050 urterako. Ardatz hori Calabrian egindako aurreko Konbentzioan ezarri zen. Ekonomia jasangarriagoak, erresilienteagoak eta oparoagoak nola lortu ere jorratzen da, eremu horiek dituzten muga geografikoak gaindituta.
Trantsizio ekologikoa
«Trantsizio ekologikoa da eredu sozioekonomikoa –planetako baliabide naturalen ustiapen intentsibo, sistematiko eta oso kutsagarria– beste eredu batean – askoz ere jasangarriagoa eta ingurumenarekiko arduratsuagoa– eraldatzeko premiazko beharra. Horretan, ekoizpen-sektore guztiek, salbuespenik gabe, eta gizarteak oro har, ingurumenaren ikuspegitik jasangarriagoak diren jardunbideetarantz egin behar dugu, hau da, emisioak murriztu, hondakin gutxiago sortu, hain kutsagarriak ez diren produktuak erabili, ekonomia zirkularragoa lortu, materialak eta baliabide naturalak –ura eta lurra– modu efizienteagoan kontsumitu eta erabili», adierazi du Amaia Barredok.
Landa Garapeneko arduradun nagusiaren arabera, «etorkizunean, ingurumenaren aldetik jasangarriak ez diren jarduerak ez dira existituko. Hiri-eremuek erronka konplexuagoak dituzte trantsizio horretan, biztanleria pilatu eta horren ondoriozko energia- eta baliabide-kontsumoa edo hondakin-sorkuntza direla eta».
«Mendiko ekonomiak, batez ere nekazaritza, abeltzaintza eta baso-kudeaketa, balizko meatze-baliabideen ustiapena, energia-sorkuntza eta turismoa, baita eremu horietako biztanleria ere, jasangarritasun-printzipio berri horiekin lerrokatu behar dira», zehaztu du Puigcerdàn. «Gure jarduera guztien erronka handiena da jasangarritasun hori lortzea, eta jarduera ekonomikoaren eta ingurumenaren kontserbazioaren arteko oreka lortzea».
Ildo horretatik, Barredok nabarmendu duenez, «2022ko Lana Garapeneko Euskal Legeak parte hartzeko prozesuak kontuan hartzen ditu abiarazten dituen tresna askotan. Era berean, aipatutako legeak jasotzen duen bezala, rural proofing bezalako tresnak bereziki garrantzitsuak dira landa-gobernantzaren ereduan, erabaki-prozesuetan, trantsizio ekologikoari lotutako gaietan edo beste edozeinetan landa-ikuspegia kontuan hartzen dela ziurtatzeko».
Subsidiaritatea
Suspertzeari eta eskualdeek sektoreei laguntzean duten eginkizunari buruz galdetuta, Barredok erantzun du «Europako politikak aplikatzean subsidiaritate-printzipioaren alde» egin duela. «Eskualdeek balio-kateei laguntzeko duten eginkizuna funtsezkoa da. Sektoreen hurbiltasunak, haien erronka eta arazoak ezagutzeak eta lurraldearen ikuspegi orokorrak laguntzeko mekanismorik egokienak aukeratzea ahalbidetzen dute».
«Estatuko Gobernuak presioa egin behar dio Europako Batzorde berriari (orain, EB osoko lehen seihilekoko mobilizazioen ondoren, sektoreetako eskaerei irekiago dago), NPE horren oinarrizko araudietan aldaketak egiteko. Hori da NPE benetan sinplifikatzeko modua, sektorearen eskaerekin bat etorrita» eman du aditzera Amaia Barredok.
NPEren hurrengo erreforma diseinatzeko hasi den hausnarketa-prozesuari dagokionez, Barredok azaldu duenez, «Euskadik diseinu-prozesuan aktiboki parte hartzea eskatzen dugu, proposamenak lankidetzan oinarritzea eta eztabaidetan eta diseinuan ez izatea Ministerioa hizketakide bakarra, hein handi batean, egungo NPEn gertatu den bezala».
Prozesu horretarako, Barredok eskatu du: «eskualde mailan NPE guztiz subsidiarioa, EBFTren aplikazio eraginkor batetik abiatuta; Plan estrategiko propioa, Euskadik urtero jasotzen dituen NBEF funtsetatik abiatuta; eta lehenengo zutabeko esku-hartzeen diseinu autonomoa, laguntza-tipologien diseinua, ordainketa-eskubideena –azaleraren araberako ordainketak eta abelburuen araberako ordainketak– ingurumen-ordainketena eta, batez ere, kontrol-sistematikarena sinplifikatuko dituena».
«Gure ustez, subsidiaritate-printzipioa eskualde mailan edo estatuz azpiko mailan benetan aplikatzearen onurak ez dira onuragarriak soilik Euskadirentzat, baizik eta Europar Batasuneko eskualde edo estatuz azpiko gobernu guztientzat eta Europak efizientziaz funtzionatu dezan», amaitu du Barredok.
Erreleboa
Hamabi urte Euromontanaren buru izan ondoren, Euskadik Aragoiri pasa dio Euromontanaren presidentetza. Juan Antonio Gutiérrez, Prospektiba eta Sareak Arloko zuzendaria HAZIn, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria izan da urte hauetan, Euromontanako presidente moduan. Oraingoan, presidenteorde izango da, atzo arratsaldean Zuzendaritza Batzordeak hautagaitza onartu eta gero. Hala, Euskadik pisu handia izaten jarraituko du erakundearen barruan.
Mendiko lurraldeen lankidetza eta garapenerako Europako elkarte multisektoriala da Euromontana. «Mendi biziak sustatzea» da haren misioa, «garapen global eta jasangarriaren alde eta eremu horietako bizimodua hobetzeko lan eginda».
Europako 15 herrialdetako ia 70 erakundek osatzen dute elkartea, eta lurraldeen artean informazioa eta esperientziak trukatzea errazten du mintegiak eta hitzaldiak antolatuta, azterlanak eta Europako proiektuak eginda eta erakundeekin elkarlanean arituta, Europan, estatuetan eta eskualdeetan. Horrela, «Europako mendien ahotsa» helarazten du.
-
2024-10-16
Comentario de X:
Amaia Barredok Mendiko Europako XIII. Konbentzioan belaunaldien arteko erreleboa azpimarratu du mendiko ekonomien erronka handienetako bat bezala, eta gazteak nekazaritza eta abeltzaintzako sektorera erakartzeko mekanismoak bultzatzea proposatu du. -
2024-10-16
Comentario de X:
Amaia Barredo subraya en la XIII Convención Europea de la Montaña el relevo generacional como uno de los grandes retos para las economías de montaña, y propone habilitar mecanismos para atraer a jóvenes al sector agroganadero.#MountainConvention2024