qrcode

Europako Batzordeak Hidrogenoaren Euskal Korridorea – BH2C nabarmendu du hidrogenoaren haraneko mundu osoko zortzi proiektu onenen artean

2024-10-15
  • Europako erakundeek mundu osoan azpimarragarri diren hidrogenoaren haraneko zortzi proiektu bildu ditu, eta Euskadi protagonista da bertan, Estatu Batuak, Kanada, Txile, Australia, Japonia, Saudi Arabia eta Erresuma Batua herrialdeekin batera.
  • Hidrogenoaren Euskal Korridorea - BH2C 2021ean eratutako erakunde publiko-pribatua da. Haren helburua da Euskadin hidrogenoaren ekosistema sortzea. 71 eragilek hartzen dute parte, horien artean 50 enpresak, 14 ezagutza-zentrok eta elkartek eta 7 erakundek.

Europako Batzordeak, “Clean Hydrogen Mission - Mission Innovation” ekimenaren bidez, hidrogeno-haraneko proiektuei buruzko informazio-katalogo bat argitaratu du. Bertan bildu ditu mundu osoko zortzi adibide. Horien artean, Europako erakundeek Hidrogenoaren Euskal Korridorea - BH2C hautatu dute eremu horretako ekimen nagusi gisa. Beste proiektuak honako hauek dira: Los Angeleseko Portua (Estatu Batuak), Albertako industriagunea (Kanada), Antofagastako Hidrogenoaren Harana (Txile), Queensland-eko Hidrogenoaren Hub-a (Australia), Fukushimako Hidrogenoaren Ikerketa Eremua (Japonia), NEOM Hidrogeno Berdearen Konpainia (Saudi Arabia) eta BIG HIT (Erresuma Batua).

Europar Batasunaren "Clean Hydrogen Mission" ekimenaren helburua da lankidetza sustatzea eta eskala handiko hidrogenoko proiektuei buruzko informazioa eskuratzeko plataforma izatea. Balio-katea barne hartzen duten hidrogeno-proiektuak martxan jartzea sustatuta eta arduradun politikoak sentsibilizatuta, energia garbirantz egiten lagundu nahi du.

Tresna hori egun eta etorkizunean hidrogeno-proiektuak garatzen dituztenei dago zuzenduta, esperientzia duten beste garatzaileen informazio garrantzitsuena biltzen eta haien arteko lankidetza sustatzen laguntzeko. Gaur egun, biltegi horretan ageri diren mundu mailako Hidrogenoaren Haraneko 98 ekimen baino gehiagoren artean aurki daiteke Hidrogenoaren Euskal Korridoreari buruzko informazioa.

Hidrogenoaren Euskal Korridorea - BH2C ekimen publiko-pribatua da, eta helburu du Euskadin hidrogenoaren ekosistema sortzea, energia-, industria-, bizitegi- eta mugikortasun-sektoreen deskarbonizaziorantz egiteko. 2021ean eratuta, 71 eragilek parte hartzen dute, hala nola: 50 enpresak (Petronor – Repsol buru ditu), 14 ezagutza-zentro eta enpresa-elkartek (Energiaren Euskal Klusterraren eginkizun azpimarragarria), eta 7 erakundek, Eusko Jaurlaritzak barne, Energiaren Euskal Erakundearen bidez.

Hidrogenoaren Euskal Korridorearen bokazioa da ekoizpen-sarea eraldatu eta industriak euskal ekonomian duen pisuari eusteko palanka izatea; estrategia hori begi-bistakoa da ematen ari diren aurrerapauso guzti-guztietan. Proiektuak alderdi ekonomikoak, sozialak, teknologikoak eta ingurumenekoak uztartzen ditu, besteak beste, 2026ra arte aurreikusitako 1.100 milioi eurotik gorako inbertsioari esker, eta zuzeneko 1.340 eta zeharkako 6.700 lanpostu baino gehiago sorraraziko ditu. Balio-kate osoa barne hartzen duten 52 proiektu baino gehiago ditu.

Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak adierazi duenez, «Hidrogenoaren Euskal Korridorea lankidetza publiko-pribatuak duen ahalmenaren adibide garbia da. Eredu hori oso arrakastatsua da Euskadin. Erakundeok hidrogenoaren aldeko apustua egiten dugu, uste baitugu trantsizio energetikoan eta industriaren deskarbonizazioan funtsezko elementu izan daitekeela. Europako Batzordeak munduko herrialde garatuenetako beste zazpi proiekturekin batera nabarmendu du Hidrogenoaren Euskal Korridorea; ondo egindako lana aitortu dute. Ziur gaude euskal industriak deskarbonizaziorantz eta trantsizio energetikorantz aurrera egin dezakeela lehiakortasunik galdu gabe, eta, horretarako, hidrogenoa dugu prozesu horretako funtsezko elementua. Europako erakundeek gure proiektua planeta osoko zortzi onenetako bat dela onartzeak bide onetik goazela baieztatzen du».

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko