Mikel Jauregi Industriako sailburuak Ingeteam bisitatu du, elektrifikaziorako soluzioak modu berritzaile eta jasangarrian garatzen erreferentziazko enpresa teknologikoa
- «Ingeteam bezalako enpresei esker, Euskadik industria-kate osoa du parke eolikoak diseinatu, planifikatu, eraiki eta erabiltzeko, eta horregatik ezagunak gara nazioartean; orain dagokiguna da ahalmen hori etxean aplikatzea, eta instalazio berrien bidez gure energia-iturri berriztagarrien ekoizpena nabarmen handitzea» azpimarratu du Jauregik
- Ingeteam euskal enpresak 80 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta potentzia-elektronika, automatizazio eta kontrol energetikoaren makina elektriko errotatiben soluzioen garapen teknologikoan nabarmentzen da. Teknologia hori, gero, sektore eolikoan, tren-sektorean edo mugikortasun elektrikoan, besteak beste, aplikatzen dira
Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak Ingeteam enpresaren instalazioak bisitatu ditu, Zamudion, Bizkaiko Parke Teknologikoan, eta Beasainen. Azken horretan, Adolfo Rebollo zuzendari nagusiak egin dio harrera. Haiekin batera parte hartu du bisitan Andoitz Korta Industriako sailburuordeak, baita Alex Belausteguik ere, Ingeteam enpresako garapen korporatiboko zuzendariak.
Ingeteam euskal enpresak 80 urte baino gehiagoko ibilbidea du, energia elektrikoaren konbertsioan nazioartean ospe handia du, eta teknologia aurreratua erabiltzen du makina elektriko errotatibetan, potentzia-elektronikan, automatizazioan eta kontrol energetikoan. Sektore hidroelektrikoetan, eolikoetan, fotovoltaikoetan, energia-biltegiratzea baterietan, sare adimendunetan, tren-trakzioa, itsasontzietan, industrian, meatzaritzan, uretan, hidrogeno berdean edo mugikortasun elektrikoan, besteak beste, aplikatzen du sortutako teknologia hori. Gaur egun, 3.500 langile baino gehiago ditu mundu osoan, 15 herrialdetan dago, eta berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egiten du: negozio-zifraren % 5,5 I+G alorrean inbertitzen du eta, alor horretarako, 500 ingeniari ditu.
Jauregi sailburuaren bisita Ingeteam enpresak Zamudion Bizkaiko Parke Teknologikoan dituen instalazioetan hasi da. Bertan, honako laborategi hauek ezagutu ditu: Potentzia Elektronika, Trenbidea, Zibersegurtasuna eta Komunikazioa eta Simulazio Birtualak (bereziki ontzigintzarako). Jarraian, Beasaingo fabrikara joan da, eta bertan ezagutu ditu probak egiteko laborategiak, makina hidraulikoak eta makina elektriko errotatibak (sorgailuak, bonbak eta motorrak).
Bisitan Mikel Jauregi sailburuak nabarmendu duenez, «Ingeteam erreferente da Euskadiren etorkizunerako alor estrategiko batean: energia berriztagarria ekoizteko eta gure gizarteko hainbat esparrutan elektrifikatzeko ekipoen eta osagaien fabrikazioa; mugikortasuna da garrantzitsuenetako bat. Adibidez, ibilgailu elektrikoen kargagailuetarako teknologia sortzen dute. Azken urteotan ikerkuntza eta garapen teknologikoan eta nazioartekotzean oinarritu den enpresa bisitatzen ari gara. Enpresa hori erreferente bihurtu da bere sektorean, bai eta atzerrian euskal industriaren benetako erakusleiho ere. Ingeteam bezalako enpresei esker, Euskadik industria-kate osoa du parke eolikoak diseinatu, planifikatu, eraiki eta erabiltzeko, eta horregatik ezagunak gara nazioartean».
«Orain dagokiguna da ahalmen hori etxean aplikatzea» gehitu du, «eta parke eoliko berrien bidez energia-iturri berriztagarriak sortzeko ahalmenari bultzada handia ematea. Industria gehiago eta hobeaz ari garenean, etorkizuneko erronkei (trantsizio energetikoari, adibidez) aurre egiteko berrikuntza teknologikoaren aldeko apustua egiteko gai den sektore bati buruz ari gara. Industria deskarbonizatu eta 2050 urterako zero emisio garbi lortzeko konpromisoan aurrera egiteko, badakigu zein den bidea: efizientzia energetikoa lantzea, energia berriztagarrien alde apustu egitea, eta autosorkuntza eta biltegiratze areagotzea. Baina hori ez da nahikoa, gizarte osoaren eta erakunde publikoen konpromisoa ere behar dugu, berriztagarriak gehiago hedatu eta mugikortasun elektrikoaren aldeko apustua egin behar dugu. Ingeteam enpresak erakusten digu trantsizio energetikoa ez dela erronka bat soilik; hazteko, kalitatezko enplegua sortzeko eta nazioartekotzeko aukerak ere ematen ditu. Mezu hori gizartera zabaldu behar dugu: berriztagarrien aldeko apustuak ingurumenean eragin positiboa izateaz gain, aberastasuna sortzen du, gure enpresen lehiakortasuna handitzen du eta, azken finean, gizartearen ongizate-maila hobetzen du».