Europako Eskualdeen Batzordeak Trapezistak programa nabarmendu du erronka larrienei aurre egiteko hamar eredu arrakastatsuenen artean, eta eredu gisa jarri du aldaketa demografikoaren atalaren barruan
- Urteko lehen seihilekoan Trapezistak programako 58 lagunek emantzipazio-helburuak lortu zituzten.
- Arreta jaso duten emakume gazteen kopurua bikoiztu egin da: aurreko urtean 17 izan ziren, eta aurten 35.
- % 38k administrazio-erregularizazioa lortu dute; % 81 bizilekuaren arabera erroldatu ahal izan dira; eta % 90ek osasun-txartel indibiduala lortu dute.
Vitoria-Gasteiz, 2024/10/12
Trapezistak egitasmoak gizarteratzeko eta helduarora igarotzeko ibilbidean laguntzen die familiaren laguntza-sarerik ez duten gazteei. EBren bultzada jaso du. Europako Eskualdeen Batzordeak, EBko Eskualdeen eta Hirien Egoerari buruzko Urteko Txostenean, hamar historia arrakastatsu nabarmendu ditu, bat eremu bakoitzeko: demokrazia, itun berdea, trantsizio industriala, gizarte-babesa eta gizarte-zerbitzuak, erresilientzia klimatikoa eta osasuna, bidezko kohesioa eta trantsizioa, aldaketa demografikoa, landa-garapena eta nekazaritza, hedapena eta, azkenik, EBren inbertsioa eta aurrekontua. Txostenak EB osoan hamar historia arrakastatsu nabarmentzen ditu, eta horietako bat Trapezistak da, zeina aldaketa demografikoaren gaineko politikarekin lotzen baita.
Txosten honen helburua Europar Batasuneko eskualdeek eta hiriek aurre egin beharreko erronka larrienen argazki bat erakustea da, EBko erabaki politikoak oinarritzen laguntzeko. Txostenaren zehaztapenek eta gomendioek azpimarratzen dute, beste behin ere, zein garrantzitsua den tokiko eta eskualdeko erakundeak Europako politiken plangintzan eta ezarpenean inplikatzea.
Zehazki, txostenak honako hau nabarmentzen du 40. orrialdean: "Trapezistak (euskaraz ekilibrista esan nahi du), Euskal Autonomia Erkidegoan (Euskadin) familiaren laguntza-sarerik ez duten gazteak −gehienetan, etorkinak− gizarteratzeko eta helduarora igarotzeko prozesu integralak eta pertsonalizatuak garatzeko eta aplikatzeko programa da".
Joan den martxoan Melgosa sailburuak berak aurkeztu zuen programa hau Hiri eta Eskualdeen Hamargarren Goi Bileran, "Komunitate inklusiboak eraikitzen" leloarekin, Mons-en (Valonia, Belgika).
58 arrakasta-kasu berri
Trapezistak programak, hain zuzen ere, helburuak betetzen jarraitzen du. Aurtengo lehen seihileko datuei erreparatuz gero, parte- hartzaileen % 12k egonaldia amaitu dute, eta programaren emantzipazio-helburuak lortu dituzte. 58 lagunek parte hartu dute, eta soilik % 6,3 (31 lagun) geratu dira programaren emantzipazio-helburuak lortu gabe; % 81,7k (397 lagunek) Trapezistak programak eskaintzen duen laguntza pertsonalizatuko prozesuan jarraitzen du.
Programa osatzen duten erakundeek, guztira, laguntza-sarerik gabeko 486 gazteri lagundu diete 2024ko lehen seihilekoan, eta epe horretan 86 sarrera berri erregistratu dira. Izan ere, 2023ko azken seihileko sarrerak ere zenbatuta, urtebetean 204 lagun berri sartu dira programan. Jarraitzen dutenen % 42 hasierako edo oso hasierako prozesuetan daude; izan ere, proiektu honek denbora behar du ibilbide indibidual eta pertsonalizatu horiek eraikitzeko.
Trapezistak egitasmoa lankidetza publiko-sozialaren bidez eraikitzen da. Programa hau pandemia betean sortu zen, eta sendotzea eta haztea lortu du. Dagoeneko errotua dagoen sare batek garatzen du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hirugarren Sektore Sozialeko 25 erakundek osatzen dutena eta laguntza sozialean esperientzia sendoa duena, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailaren babesarekin. Sare horri esker, Trapezistak egitasmoa hainbat herritan aurki daiteke: Laudio, Amurrio, Gasteiz,
Hernani, Tolosa, Donostia, Barakaldo, Getxo, Etxebarri, Arrigorriaga eta Bilbao.
Trapezistak egitasmoak genero-ikuspegiko erronka bat ere ezarri du, eta emakume gazte lagunduen presentzia handitu nahi du. 2023ko lehen seihilekoan artatutako emakumeak % 3,88 izan ziren (438tik 17). Aurtengo aldi berean % 7 izan dira (486tik 35).
Lehen seihileko honetan, hau da gehien errepikatzen den profil "trapezista": gizonezkoa ( % 93), batez beste 23,2 urte dituena, eta familiarik gabe migratzen duena, batez ere Marokotik ( % 87); Euskadin bizitzen 18 hilabete baino gehiago daramatza, hiri-ingurunean bizi da, erroldatuta dago eta osasun-txartela du, eta gizarte-laguntzako sarea eraikitzen ari da.
Urtarriletik ekainera, lagundutako pertsonen % 38k administrazioerregularizazioa lortu dute bizileku-baimenen batekin; % 81ek bizi diren lekuan erroldatzea lortu dute; eta % 90ek Osasun Txartel Indibiduala eskuratu dute. Kopuru horiek guztiak handitu egin dira 2023. urtearen aldean: erregularizazioa ( % 29); erroldatzea ( % 78), osasun-txartela eskuratzea ( % 85).
Trapezistak programaren helburua laguntza-eredu bat diseinatzea eta gidatzea da, gazteriari eta migrazioei buruzko politika normalizatuen esparruaren barruan. Eredu hori ekintza positiboko programa batean oinarritzen da, eta familiaren laguntza-sarerik ez duten gazteei gizarteratzeko eta helduarora igarotzeko ibilbidean laguntzea eskaintzen die, hiru ekintza-irizpide oinarri hartuta:
pertsonalizazioa, integraltasuna eta sektoreen arteko lankidetza.
Trapezistak programa Migraziorako Euskal Itun Sozialaren barruan kokatzen da eta Harrerarako Euskal Eredua osatzen duten ekimenen sare zabal baten parte da, non erakundeen eta udalen arteko koordinazioa funtsezkoa den. Euskal erakundeek bizikidetzaren, erabateko inklusioaren eta kultura-aniztasunaren alde egiten dute, migratzaileak iristen direnetik Euskadin gizarteratzeko prozesuak errazteko.
Sei dimentsio
Trapezistak egitasmoak sei dimentsiotan jartzen du arreta, gazte horiek gizarteratzeko eta helduarora igarotzeko ibilbideak errazteko:
administratiboa/funtzionala; hezkuntzakoa/prestakuntzakoa; etxebizitzari eta bizikidetzari buruzkoa; garapen pertsonala eta autonomia; kapital soziala eta komunitarioa; eta enpleguaren eta diru-sarreren eremua.
Horrela, programak lan-merkatuan sartzeko prestakuntza lantzen du, hori baita egin beharreko bidea integrazio komunitarioko eta sozialeko prozesua osatu ahal izateko. Hona hemen lehen seihilekoan lagundutako 486 pertsonen balantzea: % 33k profesionaltasun-ziurtagiria lortu dute; % 20k Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua lortu dute; % 10ek erdi-mailako edo goi-mailako Lanbide Heziketako titulazioa lortu dute; % 69k titulazio ofiziala lortzeko prestakuntzaprozesuetan jarraitu dute; % 31k maila altua (B2 edo handiagoa) dute
gaztelaniaz; eta % 14k maila ertaina (A2) dute euskaraz.
Gazte horietako 50ek lanaldi osoko lan-kontratu erregularizatua sinatu dute, eta hamarretik ia zortzik −haien artetik 39k−, kontratu mugagabea dute.