Egurtek Nazioarteko Foroak hamargarren edizioa ospatuko du zuraren sektoreko profesionalentzako gune erreferente gisa
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatzen du foro hau, Bilbao Exhibition Centre-rekin batera.
Bi egunez kongresu bat egingo da, nazioartean ospe handia duten hamar bat hizlarirekin, bai eta jardunaldi teknikoak ere, baso-bioekonomia jasangarriaz eta Euskadiko baso-zuraren sektorearen digitalizazioaz hitz egiteko.
Datorren urriaren 16 eta 17an, Egurtek-ek, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak, hamargarren edizioa ospatuko du Bilbao Exhibition Centren, Arkitektura eta Ingeniaritzako profesionalentzako eta zurezko eraikuntzarekin lotutako beste sektore batzuetakoentzako ezinbesteko hitzordu gisa finkatua.
Gaur goizean, egun horietan garatuko den programazioa aurkeztu da. Bertan, nazioarteko ospe handiko hamar bat hizlarik parte hartuko dute. Halaber, Euskadiko baso-bioekonomia jasangarriaz, zurezko eraikinen akustikaz eta Euskadiko baso-zuraren sektorearen digitalizazioaz hitz egingo da. Edizio honetan "Eman egurra!!" tailerra ere egingo da, zurak diseinuaren esparruan duen potentziala aztertuko duena eta EIDE Euskal Disenua Euskal Diseinuaren Elkarteak emango duena. Eta, ohi denez, erakusketa- eta negozio-gunea egongo da. Bertan, zuraren sektoreko 63 enpresak parte hartuko dute Egurtek 2024ko Erakusketa-gunean. Espazio honetan, bisitariek zurezko eraikuntzako soluzio abangoardistenak eta azken joerak ikusi ahal izango dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatzen du foro hau, Bilbao Exhibition Centre-rekin batera. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, Iker Iglesiasek, Egurtek-en aurkezpenean parte hartu du gaur goizean. Bertan nabarmendu du basogintza-sektoreak EAEn duen ezarpen zabala: zura eraldatzeko industria, punta-puntako enpresek osatua, balio erantsi handia sortzen duena, eta kanpo-eragin positiboak dituena biodibertsitateari, paisaiari eusteari, karbonoa finkatzeari, lurzoruari eta abarri dagokienez. "Eusko Jaurlaritza oso jakitun da basogintzaren eta zuraren sektoreak Euskadin duen garrantziaz, eta horri esker, material jasangarria eta etorkizunekoa dugu. Hori dela eta, gure asmoa da zabaltzea, hezkuntza arloan heztea, baita gizartearen aurrean ere, oro har"– gaineratu du Iglesias zuzendariak.
Egurtek-en helburua zuraren sektoreko profesionalentzako gune erreferente bat eskaintzea da, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko aukera izan dezaten. Aukera paregabea da sinergiak aprobetxatzeko eta zura eraikuntza jasangarriko material gisa erabiltzea sustatzeko, eta faktore erabakigarria da berotegi-efektua eta klima-aldaketa murrizteko.
Egurtekek bi urtez behingo izaera du eta Estatuan arkitekturari eta zurari bakarrik dedikatzen zaion topaketa bakarra izateko ohorea du. Bi egunez, eta meritu propioengatik, nazioarteko interesa duen gune neuralgikoa da, eta bisitariak, biltzarkideak eta enpresa erakusketariak bertaratzen dira, ezagutzak partekatzera eta eskuratzera, enpresa-harremanei ekiteaz gain.
Foroak hainbat gune interesgarri aurkezten ditu: Estatuko eta nazioarteko arkitektura-mailako pertsona ospetsuak biltzen dituen Kongresua; sektoreko gai interesgarriak jorratzen dituzten jardunaldi tekniko oso espezializatuak; eta Erakusketa Gunea, zurezko eraikuntzarekin zerikusia duten produktuekin lan egiten duten erakusketa-enpresak biltzen dituena. Gainera, edizio bakoitzean proposamen berritzaileenak aitortzeko ekitaldi bat egiten da, eta Egurtek Sariak sei kategoriatan banatzen dira.
-
2024-10-10
Comentario de X:
🪵 #Egurtek Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak hamargarren edizioa ospatuko du urriaren 16 eta 17an @BEC_Bilbao-n, zuraren sektoreko profesionalentzako gune erreferente gisa. -
2024-10-10
Comentario de X:
🪵 #Egurtek, el Foro Internacional de Arquitectura y Construcción en Madera celebrará el 16 y 17 de octubre en @BEC_Bilbao, su décima edición como espacio referente para profesionales del sector de la madera.