Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak Euskadik lankidetzarekin duen konpromisoa bermatu du, “krisi garaian gauden arren”

2012.eko martxoak 18

Indiako bisita ofizialaren bigarren egunean, Euskadin hartzen diren erabakiak milaka kilometrora “pertsonen bizitzari duintasuna emateko” balio dutela egiaztatu du

Patxi López lehendakaria buru duen misioaren bigarren jardunaldian, Indian, garapenerako lankidetzaren gaiari amaiera eman diote, eta tokian bertan egiaztatu dute Eusko Jaurlaritzak Vicente Ferrer Fundazioaren bitartez sustatzen dituen hainbat proiektu. Bisitari esker, lehendakariaren hitzetan, “baliabide hauek benetan beren ebaluazio propioa dutela egiaztatu dugu, gaur errealitateak baitira, eta duela oso gutxira arte ezer ez zuten pertsonen baldintzak hobetzen ari dira dagoeneko”. Lópezek uste du oso erabaki ona izan dela India “lehentasunezko” herrialde izendatzea lankidetzaren arloan, eta esandakoa bisita horretan berretsi egin du. Horren harira, bere gobernuak lankidetzarekiko apustua mantenduko duela ziurtatu du, “euskal gizartearen elkartasunaren adierazpena baita”. “Proiektu batzuk, emakume batzuentzat, ia hil ala biziko kontua dira, eta hori oso kontuan hartu behar dugu murrizketak non egin nahi ditugun baloratzerakoan. Gauza batzuk ez ditugu murriztuko, mantendu nahi ditugun oinarrizko printzipioak baitira”, azpimarratu du.

Patxi López lehendakariak eta India bisitatzen ari den euskal ordezkaritzak gaur bukatu dute misioaren lehenengo zatia, garapenerako lankidetzara bideratutakoa. Bigarren jardunaldian, ordezkaritzak emakumeen bizitza eta ekonomia hobetzera eta nekazaritzarako ura lortzeko eta kontserbatzeko sistemak hobetzera bideratutako hainbat proiektu bisitatu ditu.

Ordezkaritza osatzen dute, besteak beste, lehendakariak, Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Marta Ares Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren zuzendariak, Vicente Ferrer Fundazioaren arduradunek eta haren seme Moncho Ferrerek.

Gorantlako eremuan, mangoaren laborantza-soroetako bat bisitatu dute. Soro hori Eusko Jaurlaritzak Vicente Ferrer Fundazioaren bitartez finantzatutako proiektu baten bidez jarri zen martxan, eta Anantapur-eko 221 familia dira proiektuaren onuradun. Indiako eremurik lehorrenetako bat da, Rajasthan-eko basamortuaren ondoren, eta une honetan azken urteotako lehorterik gogorrenetako bat ari da pairatzen.
Proiektu honekin, tokiko laborantzen dibertsifikazioa sustatu nahi da, kakahuetean kontzentratuta baitago, funtsean, eta, gainera, tantakako ureztaketa eta ur-ponpaketa sistema bat ezarri da, eguzki-plakekin.

Proiektuak betearazpen-fase bat baino gehiago ditu, bost soro barne hartzen ditu, eta igandean lehendakariak bisitatu zuen soroan 5.000 mango-zuhaitz landatu dira (zuhaitz horiek 36 familiak kudeatzen dituzte). Gainera, bost eguzki-plaka instalatu dira, bakoitzak zazpi nekazariri ematen die zerbitzua eta 6.000 euroko kostua du. Eusko Jaurlaritzak 386.170 euro bideratu ditu proiektu horretara.

2008tik 2011ra, Jaurlaritzak Indiara zuzendu dituen funtsak, guztira, 3,1 milioi eurokoak dira, eta horietako 1,7 milioi Vicente Ferrer fundazioaren proiektuetarako erabili dira. Gaur egun, India munduko hamabigarren herrialdea da finantzatutako proiektuen funtsen bolumenari dagokionez, funts guztien %2,59rekin. Medicus Mundik, berriz, 485.114 euro jaso ditu 2008an, eta beste 280.309 2009an; Alboanek 130.798 euro guztira 2009an, eta Iavik 487.700 eurok urte berean.

Emakumeen bizi-kalitatea hobetzea

Goizez, euskal ordezkaritzak Kothapallithanda bisitatu du, eta, bertan, nekazaritza-ekologia programaren barruan, emakume-taldeekin lan egiten da, besteak beste, genero-indarkeriaren biktima batzuekin. Horietako batzuek lehendakariari emakumeentzako garapen funtsa sortzeko egin duten proiektua azaldu diote; proiektu horren bidez, emakumeek mikrokredituak lor ditzakete beren negozioak martxan jartzeko, hala nola, animaliak erosteko, gizendu eta gero saltzeko.

Bigarren helburua emakumeen artean babes-sare bat sortzea da. Gainera, euskal ordezkaritzak Seekivaripalli-n egoitza-kolonia baten kalitatea egiaztatu du. Visesak eta bere langileek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin koordinaturik Indian sustatu duen beste baten antzekoa da (50.000 euroko ekarpena egin zuten).
Horrelako ekimenen bitartez, etxebizitza duinak eta baldintza higieniko egokidunak eman nahi dira, baita bizitzeok oinarrizko baldintzak ere, tribu taldeentzat, ezgaitasunak dituzten pertsonentzat eta hondamendi naturalen biktimentzat. Anantapur-eko barrutian, horrelako 50.000 etxebizitza eraikitzea sustatu da, zehazki, urtero 5.000, gutxi gorabehera. Lehendakariak bisitatu duen kolonian 37 etxebizitza daude, eta, bertan, 63 familia bizi dira.

Jardunaldiak, era berean, energia iraunkorrarekin eta biogas lantegiekin lotutako proiektua bat barne hartu du; bertan, animalien hezkuntzarekin eta arretarekin eta negozioaren kudeaketa ekonomikoarekin lotutako trebakuntza jaso duten emakumeek parte hartzen dute. Bost animalia dituztenean, biogas lantegi bat eraikitzea eska dezakete, beren etxeetan janaria prestatzeko bi suko sukalde bat instalatzeko.

Sistema horren bitartez, keak arnastea ekiditen da, bestela egurra erabiliz prestatzen baitute janaria, eta, gainera, zuhaitzak moztea ere saihesten da. Biogaseko bi suko sukaldeak egunero 50 kilogramo gorotz eta 50 litro ur behar ditu, eta egunero 750 gramo metano eragiten dira, lau edo bost pertsonako familia batentzat adina. Lantegi bakoitzaren kostua 310 eurokoa da, eta Anantapur-en 4.000 daude instalatuta. Lantegi bakoitzaren funtzionamenduak lau edo bost animalia eskatzen ditu, eta horiek erabiliz urtero bi zuhaitz handi moztea ekiditen da. Soberakinak ongarri gisa erabiltzen dira.
Horrela bukatu da Indiako misioaren lehenengo zatia, eta, bihartik aurrera, enpresen sektorera bideratuko ditu bere ahaleginak. Ia ehun bat enpresak parte hartuko dute astelehenetik aurrera misioan, Bernabé Unda Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuarekin batera.

 

 

4 iruzkin
  • @aitorcasado
    2012.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari garantiza el compromiso del Gobierno Vasco con la cooperacion "a pesar de la crisis" http://t.co/RZjVTkjt @elankidetza

  • @Vieco
    2012.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @aitorcasado: El Lehendakari garantiza el compromiso del Gobierno Vasco con la cooperacion "a pesar de la crisis" http://t.co/RZjVTkjt

  • @aitorcasado
    2012.eko martxoak 21

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari garantiza el compromiso del Gobierno Vasco con la cooperacion "a pesar de la crisis" http://t.co/RZjVTkjt

  • @KoldoGurutzeta
    2012.eko martxoak 18

    Comentario de Twitter:
    El Lehendakari garantiza el compromiso del Gobierno Vasco con la cooperacion "a pesar de la crisis" http://t.co/FCikjs35

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria