Amaia Barredo: “lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko hasitako prozesuak balio behar du landa-ingurunea erakargarria izateko, bizi-kalitate bikainarekin bai emakumeentzat bai gizonentzat”
- Barredok José Antonio Pérez eta Usue Vallejorekin batera parte hartu du gaur goizean Gasteizen, ONCEk datorren asteartean, urriaren 15ean, landa-eremuko emakumearen egunari eskainiko dion kupoiaren aurkezpenean
- Euskal Autonomia Erkidegoan landa-eremuko 128.947 emakume daude: 25.701 Araban, 60.237 Bizkaian eta 42.319 Gipuzkoan
- Horien % 38 16 urtetik 44 urtera bitartekoak dira, % 38 45 urtetik 64 urtera bitartekoak, eta gainerakoak 65 urtetik gorakoak
Vitoria-Gasteiz, 2024 10 09
Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren ustez, “lehen sektorean belaunaldien arteko erreleboa sustatzeko hasitako prozesuak balio behar du landa-ingurunea erakargarria izateko, bizi-kalitate bikainarekin bai emakumeentzat bai gizonentzat”. Barredok José Antonio Pérez ONCEren Lurralde Kontseiluko presidentearekin eta Usue Vallejo ONCEren Euskadiko ordezkariarekin batera parte hartu du gaur goizean Gasteizen, ONCEk datorren asteartean, urriaren 15ean, landa-eremuko emakumearen egunari eskainiko dion kupoiaren aurkezpenean.
Amaia Barredok zoriondu egin ditu ONCEko arduradunak, landa-eremuko emakumearen sustapena bere ekintzetan jasotzeagatik. “Euskadin –azpimarratu du– urrats positiboak eta handiak ematen ari gara arlo horretan, sentsibilitate handia baitago ONCErekin eta bere ekimenekin”.
Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak adierazi duenez, “landa-eremuko euskal emakumearen argazkiaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan landa-eremuan 128.947 emakume bizi dira. 25.701 Araban, 60.9237 Bizkaian eta 42.319 Gipuzkoan. Horien % 38 16 urtetik 44 urtera bitartekoak dira, % 38 45 urtetik 64 urtera bitartekoak, eta gainerakoak 65 urtetik gorakoak”.
Ez hain zahartua
Eustaten arabera, landatartzat hartzen dira Euskadiko udalerrien % 73, azaleraren % 74 eta biztanleria osoaren % 14, emakumeen kasuan % 13,5. Landa-eremuan bizi diren emakumeak biztanleriaren % 49 dira, eta hiri-eremukoa baino ehuneko txikiagoa da, hirietan % 52tik gorakoa baita.
“Normalean jasotzen denaren kontra, landa-eremua ez dago hiri-eremua baino zahartuago; alderantziz, landa-eremuko emakumeen % 22k baino ez dituzte 65 urtetik gora, eta hiri-eremuan, aldiz, % 26ra iristen dira”, Amaia Barredok zehaztu duenez.
Lurraldeei dagokienez, Araba da landa-ingurunean bizitzeko erabakia hartu duten emakume gehien dituen lurraldea, guztizkoaren % 9, eta, ondoren, Bizkaia eta Gipuzkoa daude, % 7 eta % 6rekin, hurrenez hurren. Barredo sailburuak nabarmendu duen beste datu bat da immigrazioa EAEko landa-biztanleriaren parte dela, eta landa-ingurunean bizi diren pertsonen % 9 beste lurralde batzuetatik iritsitakoa dela; tasa hori bi puntu handiagoa da hiri-ingurunean, % 11koa.
“Era berean, zenbat eta ikasketa-maila handiagoa izan, orduan eta handiagoa da landa-eremuko emakumeen ehunekoa gizonenarekin alderatuta. Alderik handienak ikasketa profesionaletan daude; izan ere, gizonen ehunekoa % 28koa da eta emakumeena % 17koa. Unibertsitateko ikasketetan, aldiz, emakumeen ehunekoa gizonena baino 8 puntu handiagoa da”, nabarmendu du Barredo sailburuak.
Ingurune atsegina
“Landa-eremuko emakumeek eguneko denboraren % 30 baino gehiago, egunean ia 8 ordu, ematen dute lanean, era guztietako lanetan: etxeko lanetan, zaintza-lanetan edo lan-ordainduan; 2016tik 2 ordu gehiago. Gizonek baino bi ordu gehiago egiten dituzte, eta gora egin du zaintzari eta ordaindutako lanari eskainitako denborak, eta zertxobait behera etxeko lanei eskainitakoak. Gaur landa-ingurunekoa bizimodu bikaina dela aldarrikatzen dugu” azpimarratu du Amaia Barredok.
“Covid-19arekin aurkitu dugu landa-ingurunea ingurune atsegina eta gertukoa dela eta bertan gauza daitekeela bizi-proiektu bat. Landa-eremuko emakumeek egunean gizonek baino 2 ordu gehiago ematen dituzte lanean, ordaindutakoa, etxekoa edo zaintza kontuan hartuta. Denbora horrek gora egin du azken 4 urteetan, batez ere ordaindutako lanari eta zainketei dagokienez”, adierazi du Barredo sailburuak.
Amaia Barredoren ustez, “horrek guztiak eragin zuzena du beste zeregin batzuetarako geratzen zaien denboran, hala nola, norberaren zaintzarako eta beharretarako denboran, hiri-eremuko emakumeena eta, jakina, gizonena, baino gutxiago baita. Landa-eremuko eta hiri-eremuko emakumeek aisiarako eta bizitza sozialerako duten denbora oso antzekoa da, gehiago aldatzen da sexuaren eta denbora librea eskaintzen zaion jardueraren arabera”.
Barredoren ustez, “landa-eremuko emakumearen argazkia zertxobait “mugituta” dago, eta gaur egungo euskal gazteriarekin hobetu ahal izango da. Hemen, Euskadin, eta Europar Batasun osoan. Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik lanean ari gara landa-inguruneko belaunaldien arteko erreleboa berdina izan dadin emakumeentzat eta gizonentzat. Eta belaunaldien arteko erreleboak landa-ingurunea erakargarria izatea eta bizi-kalitate bikaina lortzea nahi dugu, bai emakumeentzat bai gizonentzat”.
Kupoia
Landa-inguruneko emakumeen nazioarteko egunari eskainiko zaio datorren astearteko, urriaren 15eko, ONCEren kupoia. Bost milioi kupoiekin omenduko dira landa-inguruneetan lan egiten duten emakumeak eta bizitzako esparru guztietako haien eguneroko errealitatea. Kupoia Usue Vallejok, ONCEren Euskadiko ordezkariak, eta José Antonio Pérezek, ONCEren Lurralde Kontseiluko presidenteak, aurkeztu dute, eta Amaia Barredori markoan sartutako lamina bat eman diote.
Landa-eremuko emakumeen nazioarteko eguna 2008ko urriaren 15ean egin zen lehenengo aldiz. Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak ezarri zuen 2007ko abenduaren 18an. Egun horrekin aitortzen da “landa-eremuko emakumearen eginkizun eta ekarpen erabakigarria, emakume indigenena barne, elikagaien segurtasuna hobetzeko eta landako pobrezia desagerrarazteko”.
NBEren arabera, landa-eremuko emakumeek –munduko biztanleriaren laurden bat– nekazari gisa lan egiten dute bereziki, baina baita soldatapeko eta enpresaburu gisa ere. Eta adierazle guztiek ohartarazten dute landa-eremuko gizonak edo hiriko emakumeak baino baldintza okerragoetan daudela, bereziki gizarte-babes eta lan-eskubide eskasek eraginda.
ONCE Talde Sozialak, 72.000 langile inguru ditu guztira, horietatik % 61,6k desgaitasuna dute eta % 44,4 emakumeak dira, hau da, 31.940 langile.
Emakume horien ehuneko handi batek landa-inguruneetan garatzen du bere lanbidea hainbat esparru eta lanbidetan, eta erakundeak landa-inguruneetan ere desgaitasuna duten biztanleak finkatzen laguntzeko egiten duen lanaren beste adibide bat da.
-
2024-10-09
Comentario de X:
👩🌾 @ONCE_oficial dedicará su cupón del martes 15 de octubre al Día de la Mujeres Rurales para homenajear a las mujeres de los entornos rurales.En Euskadi viven 128.947 mujeres rurales: 25.701 en Araba, 60.237 en Bizkaia y 42.319 en Gipuzkoa.
-
2024-10-09
Comentario de X:
👩🌾 @ONCE_oficial-ek urriaren 15eko kupoia Landa Eremuko Emakumeen Egunari eskainiko dio, landa-eremuetako emakumeen lana sustatzeko eta balioan jartzeko.Euskadin 128.947 landa-emakume bizi dira: 25.701 Araban, 60.237 Bizkaian eta 42.319 Gipuzkoan.