Gasteizek hartuko du 'Hiru Hiriburuak' emakumezkoen esku pilotako torneoaren finala.
Arabako hiriburuko Ogeta pilotalekua geroz eta anitzagoa den emakumeen esku pilotaren erakusleiho paregabea bihurtuko da, maila eta errealitate desberdineko pilotarien parte-hartzearekin.
Azken bi urteetan txapelketaren irteera puntu izan ostean, Gasteizko Ogeta pilotalekuari Hiru Hiriburuak torneoaren finalaren helmuga izatea egokitu zaio aurten. Igande honetan bertan jokatuko diren finalekin, Arabako hiriburuko pilotalekua geroz eta anitzagoa den emakumeen esku pilotaren erakusleiho paregabea bihurtuko da, maila eta errealitate desberdineko pilotarien parte-hartzearekin. Emakume Master Cup zirkuituaren barruan geroz eta pisu handiagoa hartzen ari den txapelketa honen helburua da parte hartzea eta hala nahi duten emakume guztiei euren behar eta nahietara hobekien moldatzen den erreferentziazko txapelketa bat eskaintzea. Aurten 68 izan dira, bost mailatan banatuta, parte hartu duten emakume kirolariak.
Eguerdiko 12.00etan hasiko da finala, pilota mistoko eliteko pilotarien txandarekin. Hauek dira egungo espezialistarik onenak. Azpimarragarria da txapelketaren hirugarren edizio honek txapeldun berriak izango dituela, iaz txapeldun izan ziren Aldai-Bergara bikoteak ez dutelako finalerako sailkatzerik izan eta Arraiza-Gaminde eta Zabaleta-Mendizabal bikoteak izango dira txapelketa gazte bezain garrantzitsu honen palmaresean euren izenak jarri nahi dituztenak. Antolatzaileen iritziz, “garaiko atzelaririk seguruena eta aurrelaririk eraginkorrenaren arteko finala ikusteko aukera izango da igandean eta, ziurrenik, jokoa bere eremura eramaten asmatzen duenak asko izango du irabazita norgehiagoka”.
Hala ere, txapelketa honek ez ditu bakarrik egungo espezialistarik onenak batuko: azpitik datozen gazte eta pilota goxoarekin gozatzen duten emakumeei ere txapelketa erreferente batean aritzeko modua eskaintzen die. Hala, arratsaldean, emakumeen esku pilotaren beste errealitate horiek ere bertatik bertara ezagutzeko modua izango da pilota goxoko eta mistoko gazte eta promesen finalekin.