Elkarlan Sariak
qrcode

Atzerritar jatorriko biztanleriak gora egin du pandemiaren ondoren, eta ia % 96k Euskadin geratzeko asmoa du, gutxienez datozen bost urteetan

2024-10-10
  • Eusko Jaurlaritzaren Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestak, besteak beste, nondik iritsi diren, zer adin duten, nola bizi diren, non lan egiten duten edo zer hizkuntza hitz egiten duten jasotzen du
  • 2023an 277.564 ziren atzerrian jaiotako pertsonak, biztanleriaren % 12,6; 2018an, % 9,7 ziren
  • Pertsona horien ia erdiak Latinoamerikakoak dira (% 49,8), eta gora egin du Afrikar jatorriko kolektiboak ere (% 26,2)
  • Atzerritar jatorriko biztanleria Euskadiko biztanleria landunaren % 13,7 da dagoeneko
  • Hamarretik bederatzik adierazten dute euren bizi-proiektua gure autonomia-erkidegoan garatu nahi dutela

Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak 2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestaren (EPOE) ondorio nagusiak aurkeztu dituzte gaur. Inkesta Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko organo estatistiko espezifikoak egin du. Dokumentuak “Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen errealitatearen argazki finkoa eskaintzen du”.

EPOE inkestaren helburua da atzerritar jatorriko migratzaileen (baita nazionalizatutakoen ere) bizi-baldintzak ezagutzea, aztertzea eta ebaluatzea, eta, horregatik, inkesta hori jada lau aldiz egin da:  2010ean, 2014an, 2018an eta 2023an

Inkesta horretatik ondorioztatzen denez, migrazioak gora egiten jarraitzen du, eta azken bost urteetan nabarmen egin du gora, ondorio ekonomiko eta sozial garrantzitsuak izan dituen pandemia bat izan den arren. Oro har, Euskadin bizi diren atzerritar jatorriko biztanleak 277.564 dira 2023an, hau da, autonomia-erkidegoko biztanleria osoaren % 12,6. Zifra hori handituz doa urtetik urtera: 2010ean 179.582 ziren (% 8,2), 2014an 195.245 (% 9) eta 2018an 211.208 (% 9,7).

Datuak kontuan hartuta, atzerritar jatorriko biztanle multzorik handiena Latinoamerikar jatorrikoa da, guztizkoaren % 49,8. Afrikar jatorriko kolektiboa Euskadiko atzerritar jatorriko biztanleriaren % 26,2 da 2023an.

Euskadira iristen diren emakumeak gehiago dira gizonak baino. 2023an, atzerritar jatorriko biztanleen sexuaren araberako banaketak kolektiboaren “feminizazioa” islatzen jarraitzen du, baina emakumeen pisu erlatiboa murriztu egin da. Horrela, 2023an kolektiboaren % 52,2 dira, eta 2018an % 55,1 ziren.

Izan ere, atzerritar jatorriko kolektiboan gizonek eta emakumeek duten proportzio orokorrak desoreka handiak ezkutatzen ditu jatorriaren araberako talde askotako sexuaren araberako banaketan. Horrela, adibidez, emakumeen proportzioen batez bestekoa % 59koa da Latinoamerikar jatorriko biztanle-taldeetan, eta % 28,4koa jatorria Senegal duen biztanlerian.

Atzerritar jatorriko biztanleen nukleo nagusia 22-44 urte bitartekoa da, % 38,4 baitira, eta, ondoren, 25 urtez azpikoak % 30,6 dira (16 urtez azpikoak % 20,1 eta 16 urtetik 24 urtera bitartekoak % 10,5). Ia heren bat (% 31) 45 urtetik gorakoa da, segur aski pertsona horietako batzuek urte asko daramatzatelako Euskadin errotuta. Kolektibo hori 2010ean aztertutako biztanleriaren % 19 baino ez zen.

% 7,9k bakarrik ez du bizileku-baimenik

Atzerritar jatorriko biztanleen administrazio-egoerari dagokionez, nabarmendu behar da heren batek baino gehiagok, % 37k, lortu duela Espainiako nazionalitatea. Gainera, % 0,1 baino ez dira EAEn bertan erroldatu gabe bizi direnak (2010ean % 0,4, 2014an % 0,8 eta 2018an % 0,5). Bizileku-baimenari erreparatuz gero, atzerritar jatorriko biztanleen % 7,9k ez dute bizileku-baimenik, edo, 16 urte ego gehiago izanda, lan-baimenik.

16 urtetik gorako atzerritar jatorriko lau pertsonatik hiruk (% 76,1) ez du ikasketa kualifikaturik. Inolako ikasketarik gabeko pertsonak % 14,3 dira, oinarrizko ikasketak egin dituztenak % 18,7 eta kualifikatu gabeko lehen mailakoen ondorengoak egin dituztenak % 43,1 (% 35,9k bigarren mailakoak eta % 7,3k erdi-mailako LHkoak). Ikasketa kualifikatuak dituztenak % 23,9 dira, eta horien artean % 7,7k goi-mailako LHko ikasketak ditu eta % 16,2k hirugarren mailakoak, bidean edo amaituta.

Nabarmendu behar da bigarren-mailako ikasketak dituen biztanleriak egin duela gehien gora Euskadin atzerritar jatorriko 16 urtetik gorako biztanleen artean, eta 2018an 51.597 ziren eta 2023an 79.559.

Atzerritar jatorriko 16 urtez azpiko biztanleriari dagokionez, ia bostetik batek (% 19k) adierazi du eskolan integratzeko arazo-motaren bat izan duela. Balio horrek adierazten du gorakada nabarmena izan dela 2018ko % 13,1etik, eta orain arte izandako baliorik handiena da.  

Bizi diren lekuko komunikazio-hizkuntzari dagokionez, nabarmentzen da oso zabalduta dagoela gaztelaniaren erabilera, 2023an atzerritar jatorriko biztanleen lautik hiruk (% 75,6) erabiltzen baitute. Euskarari dagokionez, iritsi diren atzerritar jatorriko % 2,1ek adierazten dute etxean erabiltzen duten hizkuntzetako bat dela.

132.409 pertsona lanean, 2010ean baino ia bi aldiz gehiago

Inkestaren urtean, 2023an, atzerritar jatorriko 211.421 pertsona daude aktiboa izan daitekeen adin-tartean (16-66 urte artean), eta horietatik 132.409 ari ziren lanean Euskadiko lan-merkatuan. 2018an 98.661 ziren, eta 2010ean zegoen landunen kopurua baino (77.000) ia bi aldiz handiagoa da. Berez, 2018tik % 34,2ko igoera izan da landunen artean.

Atzerritar jatorriko biztanleria Euskadiko biztanleria landunaren % 13,7 da dagoeneko. Kolektiboaren okupazio tasa (% 62,6) serie historikoko handiena da (2018an % 62; 2014an % 48,4; 2010ean % 52.1), eta langabeziarena (% 19,1) txikiena (2018an % 19,5; 2014an % 39,4; 2010ean % 31). Magnitude horiek Euskadiko biztanleenekin orokorrean alderatzen baditugu, landunen tasa handiagoa da (% 62,6 eta % 51,8), eta langabezia-maila ere bai (% 19,1 eta % 7,8).  

Jatorria kontuan hartuta, alde handiak daude. Txinatik, Europatik eta Latinoamerikatik iritsitako biztanleen okupazio-tasak Senegaldik edo Magrebetik iritsitako pertsonenak baino handiagoak dira. Magrebtar jatorriko biztanleen okupazio-koefizientea % 43,4koa da (2018ko % 38,7koa baino handiagoa), eta Afrikako gainerako herrialdeetatik iritsitako pertsonena antzekoa da, % 43,7koa (2018an % 41,4).

Lanean ari diren atzerritar jatorriko biztanle gehienek zerbitzuen sektorean lan egiten dute: lautik hiruk (% 73,6), eta, orain arte bezala, etxe-zerbitzuak (% 16,5), ostalaritza (% 15,5) eta merkataritza (% 13,5) nabarmentzen dira. Baina euskal ekonomiarentzat funtsezkoak diren beste sektore batzuetan ere badaude, hala nola industrian, eraikuntzan edo lehen sektorean.

Batez ere kualifikatutako eta erdi-kualifikatutako langileak dira: % 58,5ek langile kualifikatu edo erdi-kualifikatu gisa lan egiten du (77.417 pertsonak). % 22 kualifikatu gabeko kolektiboa da (29.151 pertsona). Eta zuzendariak, teknikariak eta enplegatu administratiboak okupazioaren % 19,5 dira (25.840 pertsona).

Gainera, kontratazio mugagabea gora egiten ari da atzerritar jatorriko biztanleen artean, eta kolektiboko soldatapekoen % 71,2 dira.

Asmoak

Euskal Autonomia Erkidegoko atzerritar jatorriko biztanleen etorkizuneko aurreikuspenei dagokienez, atzerritar jatorriko biztanle gehienen asmoa autonomia-erkidegoan geratzea da. % 95,8k Euskadin bost urtean geratzeko asmoa du. Gainera, jatorrian helburu horrekin pertsonen % 50 baino gutxiago iritsi ziren arren, hamarretik ia bederatzik erabaki dute beren bizi-proiektua Euskadin garatu nahi dutela (% 89k).  Balio hori etengabe ari da igotzen 2010eko % 75,9tik.   

Oraindik ez dago iruzkinik
  •  erabiltzaile
Ekitaldiko kargudunak