Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Alberto Martinez: “Euskadiko Osasun-Itunera bidean aurrera egiteko espazio komunak aurkitu ditugu”

2024-10-07
  • Osasuneko sailburuak aurreratu du asteazkenean, Mahaiaren bigarren bilerara, eragileen ekarpenak jasotzen dituen dokumentua eramango duela, eta eskerrak eman dizkie eragileei, egindako lanagatik eta azaldutako konpromisoagatik
  • Hedabideekin egindako topaketan, Martinez pozik agertu da lehen fase horretan lortutako adostasun-mailarekin, baina badaki bide zaila dagoela aurretik
  • Sailaren buru egin dituen lehen ehun egunen balantzea egiterakoan, epe labur, ertain eta luzerako jarduketak berrikusi ditu

“Argi dago osasunaren etorkizunaren aldeko erronkak batzen gaituela eta etorkizuneko faseetan aurrera egiteko nolabaiteko adostasun-maila adierazten duela. Hala ere, etorkizuneko faseek are dedikazio handiagoa eskatuko dute, zailtasun handiagoak izango dira eta”.

Hitz horiekin baloratu du Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak Euskadiko Osasun Itunaren Mahaiaren lehen lan-hilabetea. Mahai horren lehen fasea, diagnostikoari dagokiona, azken txanpan sartu da.

Gaur Bilbon hedabideekin izandako topaketan, Osasuneko sailburuak Sailaren buru egin dituen lehen ehun egunen balantzea egin du, baita osasuna epe labur, ertain eta luzera kudeatzeko egindako jarduketen balantzea ere.  

Testuinguru horretan, aurreratu du asteazken honetan, Mahaiaren bigarren bilerara, eragileen ekarpenak jasotzen dituen dokumentua eramango duela. Eragileen lan handia, jarrera eta konpromisoa eskertu nahi izan ditu zehazki eta publikoki, baita lehendakariak bultzatutako foroaren koordinatzaile Javier Meana katedradunak betetzen duen zeregina ere.

 “Dinamismo handiko lau aste izan dira, helburu komun baten inguruan: politikak eta programak artikulatzea osasunaren eta haren orainaren eta etorkizunaren ikuspegi integral baten inguruan”, aditzera eman du Martinezek.

Sailburua baikor agertu da amaitu den lehen fase horretan guztiek batera egindako bideagatik. Nabarmendu du horrek aukera eman duela diagnostikoaren inguruan espazio komunak aurkitzeko eta, gerora, etorkizuneko estrategiak eta ekintzak finkatuko diren printzipioei heltzeko; izatez, horiek dira lan partekatuaren dinamikaren lau faseak, osasun-sistema proaktiboago, prebentiboago, integratuago eta komunitarioagorantz igarotzeko beharrezkoak diren lau faseak.

Sailburu izendatu zutenetik ehun egun igaro direnean, Martinezek adierazi du erronka handia dugula aurrean, euskal gizarte gisa eta mundu mailan. “Ez gara uharte bat; osasunaren arloko zailtasun globalek guri ere eragiten digute; hala ere gure gain hartu beharko ditugu tokiko konponbideari ekiteko garaian dugun erantzukizuna, euskal osasun-sistema publikoari dagokiona”, eman du aditzera. “Horretarako, osasun-sistema sendo bat dugu, oso oinarri indartsuak eta oso profesional kualifikatuak dituena, baita baliabide ekonomiko eta arauemaile propioak eta, eskura ditugun irtenbide mota guztiak aztertzeari utzi gabe, garatzen jarraituko ditugun kudeaketa-tresna bereziak ere”, adierazi du amaitzeko.

Iruzkin bat
  •  erabiltzaile
  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-10-08

    Comentario de X:
    “Es evidente que el reto por el futuro de la salud nos une y denota un grado de sintonía para avanzar hacia futuras fases que nos exigirán aún mayor dedicación y complejidad”.

    @Irekia @Gob_eus
    https://t.co/1G18yiXrEK

Ekitaldiko kargudunak