Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak lankidetza hitzarmena sinatu du Vicente Ferrer Fundazioarekin emakume haurdunei ematen zaien arreta hobetzeko

2012.eko martxoak 17

Patxi Lopez Lehendakariak Kalyandurg-eko ospitalea (Anantanpur) bisitatu du eta bertan Vicente Ferrer Fundazioko lehendakari Ana Ferrerekin sinatu du lankidetza hitzarmena, 100.000 € eskainiko zaizkio Indiako herrialde honetako emakume haurdunei eman beharreko osasun arreta hobetu xedez.

Lehendakariaren bisitaren lehen parte honetan, kooperazioaren esparruan xedatutakoa eta datorren igandera arte luzatuko dena, Vicente Ferrer Fundazioak Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz eta finantziazioaz herrialde honetan garatzen dituen proiektuak bisitatuko ditu Lehendakariak. Egun, Patxi Lopez buru duen gobernuak bost proiektu ditu martxan Indian, aipatutako GKE-arenak eta beste zenbait Medicus Mundi eta Alboan erakundeekin.

Bidaia honen xedea Eusko Jaurlaritzak herrialde honetan sustatzen dituen proiektuak bisitatzea izango da, honez gain, euskal enpresei merkatuak zabaldu nahi zaizkie, datorren astelehenean hasiko den enpresa misio baten testuinguruan.

Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak Indiara egingo duen misioaren lehen egun honetan, Lehendakariak, halaber, emakumeen zentro bat bisitatu du, mikro-enpresak sortzeko eta konpresak banatzeko proiektu bat garatzen dira zentro honetan.

Proiektu pilotu honetan emakume talde bat gaitu dute konpresa higienikoak landu ditzaten. Aldi berean, emakumeok sustatu egiten dute herrixka hurbiletako gainontzeko emakumeen artean konpresak erabiltzea.

Vicente Ferrer Fundazioa (FVF) Indiako zonalde txiroenetako bat, Andhra Pradesh estatuan, eraldatzeko prozesuan konpromisoa duen GKE-a dugu. Programa integral baten bidez, erakunde honek arlo ezberdinetan garatzen ditu proiektuak, hala nola, osasungintza, hezkuntza, ekologia, etxebizitza, emakumea eta haurtzaroa, eta bere helburu nagusia gizarte eraldaketaren bidez desberdintasunak errotik kentzea da.

Euskadin ordezkaritza duen Fundazioak Anantapur-eko komunitate landatarraren egoera hobetze asmoz abiatu zuen bere jarduera eta egun ia 2.400 laguneko taldeak osatzen du. Bere programek 3.093 herri hartzen dituzte bere baitan eta ia 3 milioi lagunek jasotzen dute onura.

135 ohe dituen ospitale honetan 800 eta 1.200 lagunen artean, batezbesteko, hartzen dituzte egunero, eta funtsezko arloa ama-haurrei dagokiena bada ere, baditu beste espezialitate batzuk ere. Zentro honetan, ia 180 emakumeei eskaintzen zaie sorospena eta ia 600 bat erditze zaintzen dira hilero. Ospitale honek, zonaldeko beste birekin batera, 2.500.000 lagunetako populazioaren beharrizanei erantzuten die. 2008 eta 2010 artean 102.363 bisita jaso zituen zentroko ginekologia sailak eta 14.700 emakume hartu zituzten ospitalean.

100.000 euroko diru-kopurua Euskal Kooperazio Agentziaren aurre kontutik aterako da, eta proiektu honi esker, 12 hilabetez luzatuko dena, 1.000 emakume haurdun joango dira sentsibilizazio tailerretara aurreikusten denaren arabera, honez gain, ospitaleko gaitutako langileek 5.682 erditze burutuko dituzte, zesarea bidez egingo diren %15 eta %20 arteko erditzeak barne.

Sinadura honen bidez, hitzarmen batean gauzatuko dena, ospitalean zainduko diren emakumeen aukeraketa hobea egin gura da, Osasungintza Komunitarioko langileak hezi eta gaituz. Honela bada, langileon esku izango da haurdunaldi arriskutsuak antzematea, kasu hauetan ospitalean osasun sorospen egokia eskaintzeko, eta berriz, haurdunaldi arruntak dituztenak herrixketan erditu dezaten animatuko dituzte, emaginen arretapean.

Hitzarmen honi esker, emakume haurdunek osasun zerbitzu ginekologiko "eskuragarriak eta kalitatezkoak" izatea lagundu nahi da, ospitaleak jada dituen baliabideen bidez. Hortaz, beste helburuetako bat izango da eskualde honetako emakumeek ugaltze eta sexu osasunari dagozkiolarik praktika egokiak burutu ditzaten kontzientziazio lana sustatzea.

Hitzarmena sinatu ondoren, lehen aldiz Indian egotea "ohore" bat dela adierazi du Lehendakariak eta honi esker "benetan" egiaztatu ahal izatea elkartasunaren nondik norakoa eta "lekuan bertan" lan egitea bizitza baldintzak hobetzeko. Hitzarmenaren edukia azaldu ondoren, kasu hauetan "hitzak soberan daudela" nabarmendu du eta Vicente Ferrer Fundazioaren moduko batek Indiako populazioaren bizitza kalitatea hobetzeko egin dezakeena "ikustearekin nahiko dela".

Krisi "sakoneko" une hauetan gobernuek oro har lehendabizi kooperaziorako laguntza murriztu nahi ohi dutela ohartarazi du bere hitzaldian Patxi Lópezek. Honen kariaz, erkidego autonomo, udal eta Espainiako gobernuei eskatu egin dien "ez dezaten laguntza hauek murriztu inondik inora, hemen garatzen diren proiektuak arriskuan jarriz". "Elkartasunean sinesten baduzu, Gizarte Justizian, konpromiso hartu beharrean izango zara", gehitu du.

Vicente Ferrer Fundazioko lehendakari Ana Ferrerek bere aldetik, bere esker ona adierazi dio Lehendakariari bere Gobernuak azken lauzpabost urteotan GKE-aren proiektuei eman laguntzagatik, eta "oso inportanteak" izan direla nabarmendu du.

Ildo honetan, Espainian jasaten den krisia eta "garai latzak" bizi arren Eusko Jaurlaritzak Fundazioa eta bere jarduerak laguntzen jarraitzen dituela azpimarratu nahi izan du, eta erantsi duenez, lankidetza honi esker Vicente Ferreren "izpiritua" mantentzen da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Guillermo Echenique, Marta Ares