
Jorge Garbisuk azpimarratu du beharrezkoa dela “artzaintzaren munduan eta gaztagintzan belaunaldien arteko erreleboa garatzea teknologia berriek lagunduta”
- Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendaria 2024ko Ordiziako Gaztaren IX. Biltzarrean
- Hil osteko omenaldia Jesus Garzóni (Suso)
Ordizia, 2024 10 04
Jorge Garbisu Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak aipatu du beharrezkoa dela “artzaintzaren munduan eta gaztagintzan belaunaldien arteko erreleboa garatzea, teknologia berriek eta gaur egun gazteek –neskek eta mutilek– eskuratzen duten eta gure arbasoengandik jasotako ezagutzari batzen dioten prestakuntzak lagunduta”.
Adur Ezenarro alkateak, Xabier Arruti Landa Garapeneko foru-diputatuak, Itziar Azkue Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroaren zuzendari akademikoak eta Manuel Iturrioz Idiazabal Gaztaren Ordiziako Kofradiaren presidenteak lagunduta, Jorge Garbisuk Gipuzkoako Goierri eskualdean, Ordiziako Barrena jauregian gaur egin den Gaztaren IX. Biltzarrari hasiera emateko ekitaldian parte hartu du.
“Hori da, hain zuzen ere, gure gakoetako bat, erakundeok eta lehen sektoreak elkarlanean jardutea gure gazteen artean ilusio berriak eta bokazioa sortzeko lan hau aurrera eramateko”, adierazi du Garbisuk. “Are gehiago orain, teknologia berriek eta gure gazteek –neskek eta mutilek– eskuratzen duten eta gure arbasoengandik jasotako ezagutzari baten dioten prestakuntzak lagunduta”.
Garbisuk honako hau esan du: “gazta –gure gazta guztiak– kalitate handiko elementu gastronomiko bat baino askoz ere gehiago da. Ordiziako Kofradian gaia ongi bideratzen jakin dute, eta horren erakusgarri dira Biltzarreko erakusketa- eta eztabaida-panelak, artzainen eta artaldeen ingurune osoa jasotzen dutenak: transhumantziak, paisaiak, bizimoduak, gaztagintza, merkaturatzea edo ingurumena eta jasangarritasuna”.
“Gaur Idiazabal izenak beste mugarri bat ezarriko du gure herriko artzaintzaren jarduerak osatzen duen sektore sozial handira hurbiltzen gaituen jardunaldi honekin. Euskal Herriko erreferente handi horretatik askoz ere haratago. Sortu berria den Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik artzaintzaren eta kalitate handiko gazta ekoiztearen aldeko apustu sendoa egin dugu”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendariak.











