Mugikortasun Jasangarriko Sailak 15 milioi euro inbertituko ditu Zumaiako trenbide-azpiegituran
- Gehiena, Topoaren lurpeko saihesbidea martxan jartzen denean beharrezkoak izango diren Euskotrenen unitateentzako kotxetegiak eraikitzeko erabiliko da
- ETSk jaso ditu Urola ibaiaren gaineko ehun urtetik gorako bidezubia eraberritzeko obrak
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriko Sailak 15 milioi euro inbertituko ditu Zumaiako trenbide-azpiegituretan. Kopururik handiena hilabete honetan bertan egingo den Euskotrenen unitateentzako kotxetegiak eraikitzeko esleipenari dagokio, 7,6 milioi euroko balioarekin eta 20 hilabeteko egikaritze-epearekin. Lanak negu honetan hasiko dira.
Lan horiek bat egingo dute Zumaiako geltokian gaur egun egiten ari diren eta 1,2 milioi euroko aurrekontua duten eraberritze-lanen azken txanparekin. Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriko sailburuak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak tokian bertan egiaztatu dute lanek aurrera egin dutela. Lanen helburu nagusia irisgarritasuna hobetzea da.
Gaur egun, erabiltzaileak Hegoalde eta Estazioko kaleek bat egiten duten bidegurutzetik sartzen dira geltokira, arrapala eta eskailera finkoen bidez nasekin lotzen den beheko pasabide batetik. Zumaiako geltokiak batez beste 1.600 erabiltzaile baino gehiago ditu egunean.
2,4 metro zabal den egungo beheko pasabidea zabaltzen ari da, 5 metrora iritsi arte. Horrela, nasekiko konexioa igogailuaren edo eskailera finkoen bidez egin ahal izango da. Igogailu berriek 8 pertsonentzako edukiera izango dute eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira. Geltokiko zoladura guztia ere aldatu egingo da.
Geltokia eraberritzeko kontuan hartu dira sareko puntu sentsibleen azterketan hauteman diren gomendioak. Gomendio horiek ETSk argitaratu duen euskal trenbide-sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideen Liburu Zurian daude jasota.
Eraikina estilo neoeuskaldunekoa da eta Ramón Cortazar arkitekto gipuzkoarrak proiektatu zuen. 1981era arte, Bilbo-Donostia linearen eta Urolako trenbidearen arteko interkonexiorako geltokia izan zen, eta linea bakoitzerako bi eraikin desberdin zituen. 1988an Urolako trenbidearen ustiapena amaitu zenean, eraikinetako bat kendu egin zen.
Lan horien amaiera bat etorriko da kotxetegien eraikuntzaren hasierarekin. ETSk eta Zumaiako Udalak obra horren garapena koordinatzeko hitzarmena sinatu dute. Lana Bilbo eta Donostia arteko metro bateko zabalerako trenbidearen plataformaren barruko zabalgunean egingo da, Euskotrenen biltegien eta autobus-tailerren parean, Donostia aldeko nasaren amaieraren eta Basusta bidearen kalearen artean. Instalazio berriek 2.000 metro koadro inguruko azalera hartuko dute, eta 5 unitate hartzeko eta mantentze-lanak egiteko ahalmena izango dute. Garbiketa-makina bat eta gurpilen eta erreien arteko itsasgarritasuna hobetzeko hareatze-sistema izango dituzte. Sistema horrek 8 hornigailu eta 20 m3-ko edukierako silo bat izango ditu.
“Donostiako Topoaren lurpeko saihesbidea martxan jartzean, tren-maiztasuna hobetuko da eta Amarako geltokia desagertuko da”, azaldu du sailburuak. Puntu horretan gaur egun trenak gordetzen direnez, zerbitzua emateko eta tren-linearen hasieran trenak izateko maiztasun hobeak abian jartzeko, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak kotxetegiak Zumaia bezalako “puntu estrategikoan” eraikitzearen komenigarritasuna identifikatu du. Kotxetegi horiek Irungo Arason gaur egun dauden tren-biltegien antolaera osatuko dute. Azpiegitura honek “garrantzia du lurralde osoarentzako”, azpimarratu du garraioetako arduradunak.
Era berean, tren-biltegi berriak trenbide-zabalgune berria eratzea ekarriko du, egungo trenbide bikoitzeko plataformatik abiatuta, trenbide nagusitik kotxetegietako 5 kaleetako bakoitzera iristea ahalbidetuko duten desbideratze berriak sartuz. Zumaiako tren-geltokiaren egitura berriaren eta hegoaldeko nasaren artean egongo den mahuka- edo maniobra-trenbide berri bat ere izango dute, 80 metroko luzera erabilgarrikoa. Testuinguru horretan, herri horretan ETS mantentze-eremu berria esleitzear dago. Lan horiek 1,2 milioi euroko aurrekontua eta sei hilabeteko egikaritze-epea dute.
Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatearen esanetan "obra hau ekarpen handia da Zumaiarentzat, azpiegiturak hobetu eta Udala lantzen ari den Mugikortasun Jasangarrirako Planarekin bat egiten duelako". Plan horren helburuak dira autoaren erabilera murriztea, bizikletaren erabilera sustatzea eta oinezkoen joan-etorria erraztea. Eskerrak eman dizkio ETSri orain arteko lankidetzagatik, eta, halaber, tren eta autobus zerbitzuak eta ordutegiak hobetzen jarrai dezaten eskatu die; "asteburuetan ere orduerdiroko maiztasuna izan dezatela, guztion artean herritarren eguneroko bizitzak errazteko". Halaber, alkateak gogorarazi du Zumaiako Udala Estazio kale osoa berrurbanizatzeko lanetan murgilduta dagoela, eta hurrengo hilabeteetan lanean jarraituko dutela: bizikletentzako aparkalekua, skate parke berria eta oinezkoen bideetan hobekuntzak egingo dituzte.
Ondoren, segizioa Urola ibaiaren gaineko ehun urtetik gorako bidezubira joan da, amaitu berri diren eraberritze-lanak egiaztatzeko. Zubiak 102 metroko luzera du guztira, eta 51 metroko argia duten bi bao ditu erdiko zutabe batean bermatuta. Taula, beraz, zelosian dauden saretazko bi habe metalikok osatzen dute, eta horrek ematen dio bere irudi berezia. Zutabea eta estribuak kareharrizko harlanduzkoak dira. Euskarria 9,40 metro zabal eta 12,5 metro altu da.
Lanek 5 milioi euro inguruko kostua izan dute, eta horietan metalezko egituraren zati kaltetuenak ordezkatu eta sendotu dira, bai eta pilen eta estribuen puntu hondatuak saneatu ere. Lanak hauek izan dira: trenbide-plataformako drainadura hobetzea, balastoa ordeztea, erreia berritzea, katenaria aldatzea, eta bidezubi osoa txorroarekin garbitzea eta berriro margotzea.
Urola ibaiaren gaineko egitura XIX. mendearen amaierako ingeniaritza-lan garrantzitsutzat jotzen da. 1898ko ekainaren 22an, Pedro Gandiaga kontratistari 1.588.112 pezetaregatik esleitu zitzaizkion Debatik Zumaiara doan trenbidea eraikitzeko obrak. Zumaia eta Zarautz arteko tartea 667.480 pezetatan esleitu zitzaion José Ignacio Ostolazari, eta hark linearen metalezko zati guztiak Talleres Miraballesi kontratatu zizkion 1899ko otsailaren 3an. Horien artean, nabarmentzekoa da, 102 metroko luzera eta harlanduzko fabrika-pila nagusia dituen eta egikaritzea Amadeo Amador kontratistari agindu zitzaion Zumaiako Urola ibaikoa.