qrcode

Euskadik Etxebizitzaren Biltzar Sektorialean adierazu du anbiziotsua izango dela eremu tentsionatuen ezarpenean

2024-10-03
  • Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak Madrilen antolatu duen Etxebizitzaren Biltzar Sektorialean izan da gaur goizean, eta etxebizitzaren eskasiari eta prezio altuei aurre egiteko politika ausartak aldarrikatu ditu.

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioak Madrilen antolatu duen Etxebizitzaren eta Hiri Agendaren Biltzar Sektorialean izan da gaur goizean. Bileran, Itxasok aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzaren jarrera bizitegi-merkatuko eremu tentsionatuen ezarpenean eta etxebizitzen eskasiari eta prezio altuei aurre egiteko Euskadin jada abian dauden etxebizitza-politiken inguruan.

Itsasok azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ahalik eta etekinik handiena atera nahi diola Estatuko Etxebizitza Legeari eta Euskadiko 2015ekoari, aukera handiak eskaintzen baitituzte. Gaiaren zailtasunez jabetzen bada ere, sailburuak uste du Euskadiko eredua arrakastatsua dela: “Espainiako alokairuko etxebizitza publikoen % 23 eraikitzen ari gara, nahiz eta biztanleriaren % 4,6 baino ez izan”, zehaztu du. Era berean, sailaren arduradunak balioetsi duenez, “arrakastatsua da hutsik dauden etxebizitzen jabeei etxebizitza horiek alokairuaren merkatura ateratzeko Jaurlaritzak segurtasuna eta babesa eskaintzeko duen bitartekaritza-zerbitzua ere”. Eta, gainera, Euskadiko legeak “hutsik dauden etxebizitzei kanon bat ezartzeko aukera ematen digu espekulazioa saihesteko”, adierazi du.

Eusko Jaurlaritzak abian jarri dituen neurrien artean nabarmentzen dira etxebizitzaren eskasiaren eta prezio altuaren arazoari perspektibarekin aurre egiteko hiru urteko planak eta herritarren eskura alokairuko 7.000 BOE jartzea, eta horien % 50 36 urtetik beherako gazteentzat izango lirateke. Hori guztia udalekin elkarlan estuan. Pizgarri horien artean daude, halaber, neurri fiskalak aldatzea, udal-ordenantzak egokitzea, zuzkidura-bizitokiak sortzea eta lurzoruak ahalik eta gehien mobilizatzea arazoari aurre egiteko. Etxabeak etxebizitza bihurtzea edo solairuetako negozioak beheko solairuetara eramatea erantzun sozial esanguratsua izaten ari dira.

Errenteria udalerri aitzindaria izanda, Eusko Jaurlaritza aste honetan bertan hasi da lehenengo eremu tentsionatuak izendatzen, eskaera handiko eremuetan alokairuaren prezioen igoera geldiaraztea helburu duen Estatuko araudi berriari jarraituz. “Euskadi dena emanda ari da”, esan du Itxasok, eta adierazi du datorren urtean zehar neurri hori udalerri-kopuru handi batera zabalduko dela. Izendapen horiek ekintza-plan espezifikoen eta Sailaren inbertsio-konpromisoen laguntza izango dute.

Bere ustez, esparrua argi dago: Europako zuzentarauak aplikatzea eta erakundeen arteko lankidetzarako eta gobernantzarako espazioak sortzea, elkarrizketatik eta akordiotik abiatuta, “herritarren bizitza erraztuko duten neurriak adosteko”. Horren harira, sailburuak nabarmendu duenez, “politika aitzindari horiek guztiak gainerako autonomia-erkidegoekin partekatu nahi ditugu, Espainiako udalerri guztietan eta, hedaduraz, Europako metropolietan eragina duen arazo komun bat baitaukagu. Horregatik partekatu ditzakegu eta partekatu behar ditugu konponbideak”.

Modu horretan, Itxasok higiezinen merkatuaren egungo desorekari aurre egingo dioten “politika ausartak” defendatu ditu, eskaintza urria premiazko ondasun baten prezioen gorakada geldiezina eragiten baita. “Ezin dugu onartu hainbeste familiaren etorkizuna baldintzatzen duen eskubide bat mugarik gabe garestitzen jarraitzea”, adierazi du, eta politika publikoek, beraz, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza handitzen lagundu behar dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak