
Espainiako Liburutegi Nazionalak eta Euskadiko Liburutegi Digitalak .eus domeinuaren bigarren bilketa masiboa egin dute
13.000 domeinu baino gehiago eta 15 TB informazio gorde dira
Espainiako Liburutegi Nazionala eta Euskadiko Liburutegi Digitala lankidetzan aritu dira bigarren urtez jarraian .eus domeinuaren bilketa masiboan. Domeinu hori euskal kultura eta hizkuntzaren erreferentea da Interneten.
Bigarren edizio honetan bilketaren sakontasuna eta kalitatea hobetu dira, atzemate-parametroak aldatuta. Ez da batere lan erraza izan, 13.000 domeinu baino gehiago gordetzea erronka tekniko konplexua baita. Domeinu bakoitza 144 orduko gehieneko denboraz gorde da, batez ere beste domeinu batzuetako webguneetarako estekak mugatuta eta, horrela, .eus domeinuko eduki errealak handituta. Guztira 15 TB informazio biltegiratu da.
Lankidetzak bi zati ditu: alde batetik, Euskadiko Liburutegi Digitalak .eus domeinuaren zerrenda eguneratua eskaintzen du; bestetik, Espainiako Liburutegi Nazionalak webguneak gordetzeko baliabide teknikoak eta giza baliabideak jartzen ditu. Ondoren, bi erakundeek prozesuaren emaitzak partekatzen dituzte.
Eduki horiek gordetzeko, NetarchiveSuite izeneko bilketa automatikoko software batekin lan egiten da. Danimarkako Errege Liburutegiak garatu zuen, eta hainbat armiarmaz (crawler) osatutako Heritrix izeneko robot bat kontrolatzen du. Armiarmek webgunea arakatzen dute eta edukiak gordetzen dituzte, aurkitzen dituzten esteketako informazioa klikatuta eta deskargatuta.
.eus domeinua Espainiako Liburutegi Nazionalaren estrategiaren zati garrantzitsu bat da urtero gure herrialdeko domeinuen lagin esanguratsu bat gordetzeko —.es, .gal eta .cat—. Interneten sortutako Espainiako ondare digitalaren adibide bat da, etorkizuneko belaunaldiei hura aztertzeko eta eskuratzeko aukera emango diena.
Eduki horiek Espainiako Liburutegi Nazionalaren instalazioetan eta autonomia-erkidegoetako kontserbazio-zentroetan kontsultatu daitezke. Hain zuzen, haien artean dago Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Nagusia.
Euskadiko Liburutegi Digitalak euskal kultura-ondarea identifikatu, katalogatu eta hedatzeko lan egiten du, eta, beste eragile batzuekin lankidetzan, ondare hori digitalizatzea bultzatzen du, Euskariana bezalako proiektu garrantzitsuekin.
Espainiako Liburutegi Nazionalak, Espainiako kultura kontserbatzeko helburuen barruan, Espainiako Webaren Artxiboa sortu zuen 2009an, Webean sortzen den ondare guztia gordetzeko, euskarri mota edozein dela ere.
Esteka interesgarriak:
Espainiako Webaren Artxiborako sarguneen zerrenda osoa:
https://www.bne.es/es/colecciones/puntos-consulta-archivo-web-espanola


