Nerea Melgosa sailburuak "publikoaren eta gainerako sektoreen arteko lankidetza" azpimarratu du Eusko Ikaskuntzaren kongresuan
Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak gaur adierazi duenez, "sektore publikoaren eta gainerako sektore eta eragile sozialen arteko lankidetza gure gizartearen ezaugarri nagusia da". Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren baitan egin ditu adierazpen hauek, Gasteizko Europa Jauregian ospatu dena.
Hain zuzen ere, Melgosak euskal gizarteak eraiki duen "gizarte arloko elkarte eta erakundeen sare zabal eta aberatsa" nabarmendu du, "denok ‘auzolana’ bezala ezagutzen duguna lankidetza eta komunitate-lana gure kulturaren eta tradizioaren” parte direla azpimarratuz. Zentzu horretan, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuarentzat, "arazo sozial konplexuei, hala nola Euskadiko eraldaketa sozial eta demografikoari, erantzunak sektore publikoaren lidergoa eta arlo publikoaren, pribatuaren, sozialaren eta, jakina, komunitario-familiarraren arteko lankidetza eskatzen dute".
Eusko Ikaskuntzaren XIX. Biltzarrak, "Elkartzen Gaituena/Lo que nos une" izenekoak, Euskal Herriko gizarte eta lurralde kohesioa hobetuko duen Herri Ituna ahalbidetuko duten proposamenak adostea du helburu, pertsona guztien ongizatea hobetzeko, desberdintasunak murrizteko eta gizarte kohesioa areagotzeko abian jarri behar diren politika eta/edo erabakien inguruan adostasun zabalak bilatuz.
Melgosa sailburuak bere hitzaldian adierazi duenez, "gizarte-politiken eta, bereziki, gizarte-zerbitzuen eremuan, babes-sistema lidergo publikotik eta lankidetza publiko-sozialetik altxatu da neurri handi batean".
"Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazioen eta zerbitzuen zorroko 38 zerbit,zu ia guztiak, gure zainketen sistema publiko eta komunitarioa, hirugarren sektore sozialak jarri zituen abian. Eta gaur egun, erantzukizun publikoko zerbitzuak izanik, lankidetzan kudeatzen dira, atentzioari balioa gehituz, pertsonalizazioa, osotasuna, jarraitutasuna eta hurbiltasuna eskatzen duen eredu komunitarioaren ildotik, baita pertsona hartzaileen prebentzioa eta parte-hartzea ere ", gaineratu du.