Berriak Herrizaingoa
Eu

Euskalmetek udaberri beroa eta ekaiztsua iragarri du

2012.eko martxoak 16

Ipar Amerikako eta Britainia Handiko zerbitzu meteorologikoen arabera

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak udaberri beroa eta ekaiztsua iragarri du, Ipar Amerikako eta Britainia Handiko zerbitzu meteorologikoen informazioa oinarri hartuta.

Astronomikoki martxoaren 20an goizeko 6:14an hasiko da udaberria, eta berotsua eta prezipitazio normalekoa edo pixka bat euritsuagoa izan daitekeela aurreratu du Euskalmetek.

Horrela, apirilean, Mediterraneo aldean presio baxuak izango dira nagusi eta noizbehinka iparraldeko haizeak sor daitezke. Hori dela eta, Euskal Autonomi Erkidegoan zaparradak egon daitezke, eta kota ertainetan elurteak.

Maiatzean eta ekainean, Iberiar Penintsulako presio baxuak direla eta, ezegonkortasuna eta zaparradak egon daitezke. 

Tenperaturei dagokienez, apirilean tenperatura normalak izan daitezke, maiatzean eta ekainean aldiz, tenperaturak normalean baino altuagoak izan daitezke.

Iragarpena epe ertainera 

Euskalmeten arabera, azken egunotan bizi dugun udaberriak egoera bitxiak sortu ditu, esate baterako itsasoan sortutako lainoa. Bestalde, Oiz mendian adibidez, tenperatura ez da 14 gradutik jaitsi gaur ezta atzo ere. Horrez gainera, urteko lehenengo brisak izan dira eta kostaldean izan ezik, tenperaturak 24 gradutik gorakoak izan dira toki askotan.

Gipuzkoako eta Bizkaiko barnealdeko hainbat tokitan gaur osteguna (martxoak 15) tenperaturak 30 gradutara heldu dira. Ezohizkoak izan dira eta askoz gehiago kostaldean izandako 10 graduekin konparatuta.

Hala ere, asteburu honetan eguraldia aldatuko da, ezegonkortasuna bueltatuko da eta euria egin dezake. Horrez gainera, igandetik (martxoak 18) aurrera, eta datorren astea ia osoan tenperaturak behera egingo du eta euria egin dezake, Iberiar Penintsulako iparraldean sortuko den aire hotzako poltsaren eraginez. Kota ertain eta altuetan elurra egin dezake.

Beharbada, udaberrira neguko eguraldiarekin sartuko gara, martxoaren 23ra arte gutxienez. Egun horretatik aurrera, presio altuak buelta daitezke eta egonkortasuna.

Tenperaturari dagokionez negu hotza izan da eta prezipitazioei dagokienez normala

Bestalde, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, aurtengo negua (abendua, urtarrila eta otsaila) arrunta izan da prezipitazioei dagokienez Kantauri aldean eta lehorra Mediterraneo aldean. Aldi berean, tenperaturari dagokionez negu hotza izan da, batez besteko tenperatura normalaren gradu bat azpitik egon delako.

Nahiz eta Iberiar Penintsulan oso prezipitazio gutxi izan, Euskadin euri normala egin du, kostaldean batez ere, Euskalmeten arabera. Gipuzkoako ekialdeko mendietan, Berastegin adibidez, 600 litro metro-karratuko batu ziren. Kopuru txikienak Arabako hegoaldean jaso ziren 100 litro metro-karratuko, Paganosen eta Zanbranan.

Tenperaturari dagokionez, urtarrilaren amaierako tenperaturak altuak izan zirela azpimarratu behar da, baina otsailean, aldiz, Kantauri aldean, tenperaturak oso baxuak izan ziren eta Mediterraneo aldean ere nahiko hotzak. Hori dela eta, aurtengo negua hotza bezala sailkatu dute.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko