qrcode

465.000 euro doktoretza aurreko ikertzaileen atzerriko egonaldietarako dirulaguntzatan (Gobernu Bilera 2024-10-01)

2024-10-01

Gobernu Kontseiluak, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren proposamenez gaurko bileran onartu du, Ikertzaileak Prestatzeko Doktoretza-aurreko Programan parte hartzen duten ikertzaileei zuzenduriko Agindu bat. Agindu honen bidez, ikertzaileek euren aplikazio zentroez bestelakoetan egonaldiak egin ditzaten dirulaguntzak deitzen dira. Deialdi honek 465.000 euroko diru-kopurua du.

Gorago aipaturiko Doktoretza-aurreko Programaren onuradun diren ikertzaileek lan-kontratu bidezko harremana dute ikerketa zentroekin (unibertsitate edo ikerketa erakundeak, I+G+b-n ahalmen eta jarduera ezaguna dutenak). Ikerketa zentro horiek Doktoretza-aurreko programarako aplikazio-zentrotzat hartzen dira. Hala ere, doktoretza-aurreko ikertzaileek aplikazio-zentroa ez den atzerriko zentro batean egin behar izaten dituzte egonaldiak, euren ikerketa-lanak hala eskatuta. Doktoretza-aurreko ikerketa-prestakuntza indartzea eta egiten ari diren ikerketaren nazioartekotzea bultzatzea da egonaldi horren helburua.

Horrela bada, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak dirulaguntza deialdi hau irekitzen du, lekualdatzeak edo aldi baterako egoitza-aldaketak egin behar dituzten doktoretza-aurreko ikertzaile horiei osagarri ekonomikoak eskaintzeko helburuz. Egonaldiak atzerriko unibertsitateetan, ikerketa edo garapen teknologikoko zentroetan eta I+G+b-ko jarduera duten enpresetan egin ahal izango dira. Horrek dirulaguntza hauek ematea justifikatzen duen aldi baterako egoitza-aldaketa dakar.

Laguntzak bi modalitatetan ematen dira:

A modalitatea: 2023-2024 ikasturteko doktoratu aurreko programako laguntza berritzen duten ikertzaileen mugikortasunerako. 418.000 euroko diru kopurua du.

B modalitatea: programa horretako laguntza berri baten onuradun diren ikertzaileen mugikortasunerako. 47.000 euroko zuzkidura du.

Egonaldi hauek 2025an hasi beharko dira, eta harrera egingo duen erakundearen aldi akademikoarekin eta ohiko jarduerarekin bat etorri beharko dute. Laguntza 4 eta 6 hilabete bitarteko egonaldi bakar bat egiteko emango da, zentro bakar batean eta modu jarraituan.

2024an, doktoretza-aurreko 50 ikertzaile izan dira laguntza hauen onuradun iazko deialdiaren bidez, eta horrela, aldi bateko egonaldiak egin ahal izan dituzte euren aplikazio zentroa ez den atzerriko beste zentroren batean.

Egonaldien helburua izango da ikertzaileek beren ikerketa zientifiko eta teknikoan izan beharreko prestakuntza hobetzea, ikerketa-jarduerak burutuz, ikerketa-proiektuari aplikatzeko teknika berriak ikasiz, edo gauzatzen ari den tesi-proiektuaren testuinguruan, prestakuntza zientifikoaren mesedetan izango den eta tesia garatzeko prozesua sustatuko duen beste edozein ikerketa-jarduera garatuz eta nazioarteko aipamena duen doktoretza lortzea ahalbideratuz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko