Elkarlan Sariak
Berriak Osasuna
qrcode

Osasun Sailak adikzioen arloan “Elkar Eginez” izeneko aintzatespenetarako deialdia ireki du

2024-09-30
  • Dagoeneko hautagaitzak aurkez daitezke, bai Ibilbide Profesionalaren aintzatespenerako, bai adikzioen arloko Praktika Onenak modalitaterako, 2024ko azaroaren 13ra arte
  • Epaimahaiak 2025eko martxoan emango du epaia, eta sariak aintzatespen publikoko ekitaldi batean emango dira

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "Elkar Eginez" aintzatespenetarako eskabideak aurkezteko epea ireki du; horren helburua da adikzioen esparruan egindako lana ezagutaraztea eta ekimen berritzaileak bultzatzea adikzioen prebentzioaren, asistentziaren, gizarteratzearen, prestakuntzaren eta ikerketaren arloetan.

Deialdi honetan, alde batetik, 2024-2028 Ibilbide Profesionalaren Aintzatespena sarituko da. Aintzatespen horrek, lau urtean behin, ibilbide profesional finkatua eta denboran luzatua eta adikzioen esparruan egindako lana saritzen ditu.

Bestalde, 2024-2026 Praktika Onenen Aintzatespena emango da. Bi urtez behin ematen den galardoi honen bidez, aipatutako esparruetako ekimen berritzaileak saritzen dira. Galardoi hauen helburua da ikusaraztea eta saritzea Euskadiko adikzioen esparruan, ikuspegi berritzaile eta koherenteen bidez, emaitza positiboak eta errepikagarriak erakutsi dituzten proiektuak, esperientziak eta metodologiak.

Proiektu berritzaileak garatzen edo jardunbide egokiak bultzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek, erakunde publiko eta pribatuek, eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio eta erakunde publikoek izango dute aintzatespena jasotzeko aukera. Aurreko deialdian sarituak izan direnek ezin izango dute berriro parte hartu edizio honetan.

Aintzatespen horien bidez, Eusko Jaurlaritzak adikzioen esparruan arreta hobetzeko duen konpromisoa indartzen du, gizartean eragin positiboa sortuko duten ikuspegi sortzaile, berritzaile eta eraginkorrak sustatuz.

Aurreko edizioan, Donostiako Peñaflorida Amara Usandizaga Institutuko Telmo Lazkano Muga irakaslearen No Phone Challenge proiektua 2022-2024 Euskadiko adikzioen arloko praktika onena bezala aukeratu zuen epaimahaiak aho batez. DBHko 4. mailako ikasleen artean sakelakoen eta plataforma digitalen gehiegizko erabileraren prebentzioan zentratu zen proiektu hori, sare sozialekin harreman osasuntsuagoa lortuz eta haien eguneroko erabilera nabarmenki murriztuz.

Aurtengo deialdira hautagaiak aurkezteko epea zabalik dago, eta 2024ko azaroaren 13an amaituko da. Epaimahaia prebentzioarekin, asistentziarekin, gizarteratzearekin, prestakuntzarekin edo adikzioen arloko ikerketarekin zerikusia duten ospe handiko lau pertsonak osatuko dute. Epaia 2025eko martxoan emango dute, eta sariak aintzatespen publikoko ekitaldi batean emango dira.

Deialdiaren oinarriei eta izena emateko prozesuari buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, bisitatu: https://www.euskadi.eus/saria_lehiaketa/2024/2024-2028-ibilbide-profesionala/web01-tramite/eu/

2 iruzkin
  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-09-30

    Comentario de X:
    🟢 ¡Abierta la convocatoria para los reconocimientos “Elkar Eginez”! Puedes presentar candidaturas para el reconocimiento a la Trayectoria Profesional o Mejores Prácticas en adicciones hasta el 13 de noviembre de 2024.

    https://t.co/wyV1GCiK60

  • Argazkia SN Robot
    @OsasunEJGV
    2024-09-30

    Comentario de X:
    🟢"Elkar Eginez" aintzatespenetarako deialdia ireki da! 2024ko azaroaren 13ra arte aurkez ditzakezu Ibilbide Profesionala edo Adikzioetan Jardunbide Onenak aitortzeko hautagaitzak.

    https://t.co/cmJlfCsHMW

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko